Gizarteko hainbat esparrutara iritsi dira adimen artifizialeko teknologiak, eta hezkuntza ez da salbuespena. Ikasleek eta irakasleek erabiltzen dute jada, baina inolako jarraibiderik gabe. Bada, adimen artifizial sortzaileei buruzko orientabide batzuk eskaintzeko, gida bat landu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Elhuyarrek. «Adimen artifizialaren erabilera arduratsua eta etikoa proposatu nahi dugu, oinarri pedagogiko sendoetan errotua», jaso dute gidan.
Bi helburu ditu argitaratu berri duten dokumentuak. Alde batetik, teknologia horien inguruan hausnartzeko lagungarri izan nahi du eta, bestetik, hezkuntzaren esparruan adimen artifizialak erabiltzeko orientabide argiak eskaini nahi ditu. Izan ere, gida aurkezteko Bilboko Miguel de Unamuno institutuan egindako agerraldian, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak ohartarazi du gaur egun ikasleek eta irakasleek «oso modu errazean eta doan» eskura ditzaketela ChatGPT gisako tresnak. Horregatik, beharrezkotzat jo dute etapa eta arlo guztietako irakasleentzako gida sortzea.
Hogei lagun inguruk hartu dute parte lanean; irakasleak eta IKT arduradun adituak barne. Horrek «balio erantsi bat» eman dio gidari, Iñigo Aierbe Berritzeguneko kidearen hitzetan: «Ikastetxeetako kezka, zalantza eta beharretatik abiatuta sortu dugu, eta eurek egin dituzte hausnarketak eta ekarpenak». Asmoa dute hurrengo ikasturteetan gida garatzen segitzeko. Orain, baina, euren helburua da ikastetxe guztietara helaraztea.
«Ez dugu proposatzen une oro adimen artifiziala erabiltzea, baizik eta irakaskuntza prozesua urratsetan banatzea eta noiz erabili erabakitzea»
DANEL SOLABARRIETAElhuyarreko kidea
«Gidak dei bat egiten dio irakasleari, zuhurtziaz joka dezan», azaldu du Jon Abril Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak. «Eskura dauzkagun tresnak ez baitira neutroak», nabarmendu dute gidan. Besteak beste, adimen artifizialak nola funtzionatzen duen azaldu dute dokumentuan, txatbotak erabiltzeko aholkuak jaso dituzte, eta legedia aipatu dute. Izan ere, Abrilek gogoratu du 14 urtetik beherako gazteek debekatua dutela horrelako tresnak erabiltzea.
Tresna horiek «modu pedagogikoan» erabiltzea sustatu nahi dute, Elhuyarreko koordinatzaile nagusiaren arabera. Hain justu, ez dute egoki ikusten gaia ezkutuan edukitzea, ikasle gehienek adimen artifiziala ezagutzen eta erabiltzen dutelako. Zentzuzkoagoa da, beraz, haiekin batera erabilerak dituen ondorioez hausnartzea, «erabilera arduratsu» bat sustatzeko.
Ariketak sortzeko egokia
Irakasleentzako adimen artifizialeko baliabideen aukeraketa bat ere egin dute gidan, eta irakasleek eta ikasleek adimen artifiziala zertarako erabil dezaketen zehaztu. Esate baterako, Elhuyarreko Danel Solabarrietaren arabera, ariketa batzuk sortzeko egokia izan daiteke adimen artifiziala. Adibide bat eman du: «Haur hezkuntzarako jarduera bat sortzeko eskatu ahal diogu, Arabako ikasleek beren gertuko ingurune naturalean duten aniztasuna ezagut dezaten; horrela, irakasleak azkarrago egingo du lana, eta denbora libre gehiago izango du ikasleekin egon ahal izateko».
Hala ere, Solabarrietak ohartarazi du adimen artifizialak akatsak ere egiten dituela eta horregatik dela garrantzitsua dena gainbegiratzea. Are gehiago, azpimarratu du gidan ez dutela proposatzen «eskari bat egin eta lehenengo emaitzarekin geratzeko dinamika bat». Alegia: «Elkarrizketa moduko bat izan dadin nahi dugu, kontu batzuk moldatzeko edo aldatzeko eska diezaiotela adimen artifizialari; horrela, emaitza hobeak lortuko ditugu».
«Adimen artifizialak hezkuntzan ditugun beharrei erantzun behar die; horrela ez bada, ez da izango»
BEGOÑA PEDROSAEusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
Argi utzi du Solabarrietak: «Ez dugu proposatzen une oro adimen artifiziala erabiltzea, baizik eta irakaskuntza prozesua urratsetan banatzea eta noiz erabili erabakitzea». «Erabilera kritiko bat» egiteko deia egin du, jakinda adimen artifizialak arriskuak ere badituela.
Bide beretik, teknologiaren erabilerak dituen arrisku batzuk aipatu ditu Abrilek: «Sedentarismo kognitiboa sustatzeko arriskua dago, eta horrek eragina izan dezake ikasketa prozesuan». Gainera, «kostu energetiko erraldoia duten sistemak» dira, ingurumenean eta ekonomian eragin handia dutenak. Egoki erabilita, baina, aukera bat ere izan daitezke tresna horiek. «Ondo erabiliz gero, aukera bat izan daitezke irakasleen jardunerako, baita ikasleen garapenerako ere», aipatu du Pedrosak. Eta zera erantsi du: «Adimen artifizialak hezkuntzan ditugun beharrei erantzun behar die; horrela ez bada, ez da izango».
Lau printzipio
Irakasleek erabilerari buruzko zalantza bat dutenean nola jokatu erabakitzen laguntzeko, lau printzipio zehaztu dituzte. Lehenik, ezinbestekotzat jo dute ikaslearen hazkundea erdigunean jartzea. Bigarrenik, adierazi dute adimen artifizialak ezin dituela aurrez aurreko harremanak ordeztu, eta hezkuntza komunitateen kohesioaren mesedetan egin behar duela lan. Hirugarrenik, gogoratu dute beharrezkoa dela pertsona batek prozesuko urrats kritikoak gainbegiratzea, adimen artifizialak modu etiko eta arduratsuan integratzeko. Azkenik, beharrezkotzat jo dute jasangarritasuna ardatz izatea, teknologiek energia, ur eta mineral kantitate handiak xahutzen baitituzte.
Euskara ere izan dute hizpide dokumentuan. Jakinarazi dutenez, gaur egun eskura dauden eredu erabilienek ondo egiten dute euskaraz, nahiz eta adimen artifizialeko ereduak entrenatzeko erabiltzen den hizkuntza nagusia ingelesa izan. Hortaz, irakasleei dei egin diete tresna horiek euskaraz erabil ditzaten, «hizkuntzaren iraupenean eta eguneroko erabileran» laguntzeko.