Higatuz joan d(ir)en harreman bat

Zentsura mozio baten aukera mahai gainean dela, PPk ez dio atea itxi nahi EAJrekin akordio bat lortzeari, baina Feijook eta enparauek jeltzaleekin duten jarrerak nabarmen zailtzen du halako mugimendu bat.

Esteban eta Nuñez Feijoo, Espainiako Kongresuan, artxiboko irudi batean. MARISCAL / EFE
Esteban eta Nuñez Feijoo, Espainiako Kongresuan, artxiboko irudi batean. MARISCAL / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko uztailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdan espetxeratzeak berriz ere mahai gainean jarri du PPko presidente Alberto Nuñez Feijook zentsura mozio bat aurkezteko aukera, baina, hura aurrera ateratzeko, Voxen babesaz gain, ezinbesteko luke JxCk edota EAJk 180 graduko bira bat ematea. Oraintxe bertan ezinezko dirudi jeltzaleek halako mugimendu bat egitea. «Ez dugu onartuko probarik barik eta gezurren bidez herritarrei iruzur egiten saiatzea», esan zuen atzo EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek, TVEn. Bezperan EAEko PPko buru Javier de Andresek azalpenak eskatu baitzizkien jeltzaleei, argudiatuz jeltzaleek «batasun lotura» bat dutela Cerdanekin. Hala, Alderdi Popularrak elkarrizketarako asmoa irudikatu nahi izan duen arren, haien jarreran ez da jeltzaleengana gerturatzeko asmorik sumatzen.

«Komunikazio bide bat» irekitzearen alde azaldu eta jarraian «zubi guztiak leherraraztea» leporatu dio EAJk PPri: «Jekyll doktorea eta Hyde jauna». Izan ere, jeltzaleengana gerturatzea baino gehiago, Alderdi Popularrak haiek higatzea lehenetsi duela dirudi, Pedro Sanchez gobernuburu egin zuen blokean deseroso sentiarazteko. Jeltzaleak sozialisten inguruan azaleratutako balizko ustelkeria kasuarekin lotzen saiatu da De Andres. Lehenik, Bizkaiko Foru Aldundiak «Aldama auziari lotutako enpresari bati» mesede egin ziola esanez, eta, gero, ustelkeriaren «konplizetzat» jota, auzian EAJrekin «lotura oso estua» duen enpresari baten izena —Iñaki Alzaga— azaldu delakoan.

Eta, norabide berean, Feijook asteartean beste mezu bat ere zabaldu zuen: «[PPko eledun] Miguel Telladori eskatu diot taldeei [EH Bildu salbu] deitzeko, esan dezaten PSOEri emandako babesa bere horretan ote dagoen. Orain, eurak dira espainiarrek hitz egiteko eta hainbesteko dekadentzia konpontzeko oztopo bakarra». Hau da, «oztopo» izateari utzi, eta Sanchezen aliatuek gobernua erortzen uztea nahi dute, edo, halakorik ezean, bozetara begira horiek higatzea.

Izan ere, PPren arabera, EAJk ez zuen jarrera bera izan 2018an. Urte hartako maiatzaren 23an, jeltzaleek salbagailu bat jaurti zioten Mariano Rajoy gobernuburuari, aurrekontuak babestuta, baina hurrengo egunean hankaz gora jarri zen panorama politikoa. Gurtel auziaren ebazpena argitaratu zuen Auzitegi Nazionalak, eta egiaztatutzat jo zuen PPk «ustelkeria instituzionalerako sistema bat» baliatu zuela. Hala, Sanchezek zentsura mozio bat aurkeztu zuen, eta ekainaren 1ean, PPk uste zuenaren kontra, EAJk baiezkoa eman zion hari.

Madrilgo Genova kalean ez dute ahaztu mugimendu hura, ezta jeltzaleek ordutik Sanchezekin izandako jarrera ere, eta bi alderdien arteko harremanetan nabari da hori. «PSOEren satelite bat da», esan zuen Feijook. Izan ere, PPko egungo burua kargura iritsita egoera onbideratu zitekeela zirudien arren, 2023ko Espainiako Gorteetarako bozen ondorenak kontrakoa erakutsi zuen: jeltzaleen babesa eskuratzen saiatu zen inbestidurarako, baina EAJk ez zuen proposamena onartu. Aitor Estebanek, Kongresuko orduko eledun eta egungo alderdiburuak, esan zien lehenik beste eginbehar bat zutela: Voxen 33 botoei muzin egitea.

Eskuin muturreko alderdiaren eta PPren arteko harremana da jeltzaleak haiengandik urrundu dituzten elementuetako bat. Feijook bakarrik gobernatzeko asmoa azaldu duen arren, 2023ko udan ehunka udaletan eta zenbait autonomia erkidegotan hartutako bidea argia da, eta ez du bat egiten EAJk defendatu duen babes hesiarekin.

Era berean, EAJk badaki Sanchez erortzen utzi eta Feijoo babesteak eragina izan dezakeela euskal erakundeetan. Batetik, gobernu akordioan adostutakoak etengo lirateke; tartean, Gernikako Estatutuan jasotako eskumenen transferentzia, Gizarte Segurantzaren inguruko negoziazio betean. Bestetik, jeltzaleek PSNrekin gobernatzen dute Nafarroako Gobernuan, eta PSE-EErekin Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde nagusietan. Eta, hitzok egitean egoera bareago bazegoen ere, EAEko sozialisten buru Eneko Anduezak adierazi zuen EAJren ildo aldaketa posible batez zer uste duen: «Logikoki, gure harremana ezberdina litzateke, eta aztertu beharko lirateke horren ondorioak».

Paristik Estrasburgora

«Ez hesi arbitrariorik, ez koherentziarik gabeko gehiengorik», dio gaurtik igandera bitarte PPren Kongresuan landuko duten txosten politikoak. Hau da, ez du bat egiten gainerako alderdiek Voxi ezarritako babes hesiarekin, ezta Sanchez Moncloara eraman zuen gehiengoarekin ere. Edo bestela esanda, Feijook ez du aterik itxi nahi aurrera begira, eta Voxekin zein EAJrekin eta JxCrekin akordioak lortzeko aukerari eutsi nahi dio. 

Hala dute idatzia, baina, praktikan, azken hilabeteetan badirudi PPk ere onartu duela EAJrekin zentsura mozio edo inbestidura baterako akordio bat egiteko modurik ez duela egun, eta, Voxek hautsi zituen zenbait zubi berreraikitzearekin batera —esaterako, aurrekontuak adostu dituzte Valentzian—, jeltzaleen kontra jo du. Nahiz eta 2024aren amaieran bi alderdiek bat egin eta energia enpresen zergaren kontra bozkatu, urtearen hasieratik PPren jomugan egon da EAJ.

Eusko Jaurlaritzaren Parisko egoitzaren eskualdaketa izan zen lehen mugarria. PPk, Voxekin batera, Kontu Auzitegiari eskatu zion aztertzeko ea eskualdaketa EAJren legez kanpoko finantzaketa mota bat izan ote zitekeen. Aurrez, Telladok, Feijook bere bigarren izendatu eta alderdiekin harremanetan jartzera bidali duen berberak, «aprobetxategi» deitu zion EAJri: «Gobernuaren ahultasuna baliatu du sakela betetzeko». Eta harremanen egoera argi utzi zuen jeltzaleen erantzunak: «Segi lagunak egiten, ederki joango zaizue eta».

Izan dira transferentzien kontrako errekurtsoak, euskal selekzioen ofizialtasunaren aurkako mugimenduak, diskurtso gogorrak han eta hemen... Eta Bruselara eta Estrasburgora ere jo dute. Europako Batasunean euskara ofizial egiteko bozketaren bezperan, PPk presio egin zuen hura onartu ez zezaten.

Europarlamenturako bozen joko arauak aldatzeko presio egiten ere saiatu da, parlamentari talde bat mugiaraziz, ganbera hartan sartzeko %2tik gorako gutxieneko langa baten alde eginda. Hain zuzen, alor horretan lege aldaketarik ez egitea EAJren eta PSOEren arteko gobernu akordioaren parte da. Azken bozei erreparatuz gero, %2ko langak parlamentutik kanpo utziko luke CEUS; EAJk eta bere aliatuek erabilitako markak botoen %1,6 eskuratu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.