Hik Hasik 21 ikastaro antolatu ditu udako topaketa pedagogikoetarako

Uztailaren 2an, 3an eta 4an egingo dituzte, EHUren Donostiako campusean. Jada eman daiteke izena.

Hik Hasi
Hik Hasiren udako topaketa pedagogikoen aurkezpena, gaur, Donostian. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2024ko maiatzaren 7a
17:00
Entzun

Urtero legez, Hik Hasik antolatu ditu udako topaketa pedagogikoak aurten ere. Orotara, hezkuntzaren inguruko 21 ikastaro egongo dira aukeran. Topaketak uztailaren 2an, 3an eta 4an egingo dituzte, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Hezkuntza Filosofia eta Antropologia fakultatean. Gaur eman dute xehetasunen berri fakultateko dekano Beñat Amenabarrek eta Hik Hasiko formakuntza arduradun Mikel Agirrezabalak. Nahi duen orok izena eman dezake www.hikhasi.eus webgunean, ekainaren 7ra arte.

Agirrezabalagak azaldu duenez, 21 ikastaro eskainiko dituzte aurten, eta «askotariko gaiak» lantzeko parada izango da: «Denek eskolako eguneroko jarduerarekin eta dauden kezkekin dute lotura, haiei erantzuteko asmoz». Erantsi du «aniztasuna» lortu nahi dutela ikastaroak antolatzean, baina ikastaro bat gutxiago eskainiko dutela azkenean, «Hik Hasirengandik kanpo dauden arrazoiengatik». Azaldu dutenez, Euskal Herriko adituak eta arituak jardungo dira ikastaro horiek eskaintzen, eta, besteak beste, heriotzaren lanketari, matematika manipulagarriari eta euskarai buruzko ikastaroak emango dituzte.

Hik Hasiren udako topaketa pedagogikoek formakuntzarako ez ezik hezitzaileen topaketarako ere baliagarria dela uste du Agirrezabalagak. Horregatik, aurten bereziki arlo hori indartu asmo dute: «Topaketen hasiera ekitaldian izena eman dugun guztiok biltzen gara, eta, ekitaldia bukatu eta gero, bakoitza bere ikastarora joaten da, bakoitza bere gelara. Azken egunean hamaiketakoa egiteko elkartzen gara berriro denak. Aurten, denok batera gehiagotan elkartuko gara». Horretarako, «espazio berezi bat» prestatuko dute.

Elkarlanaren emaitza

Hezkuntza Filosofia eta Antropologia fakultatearen eta Hik Hasiren arteko elkarlan baten emaitza dira udako topaketak, eta hori nabarmendu du Amenabarrok: «Harreman estrategiko gisa definituko nukeen harreman bat da. Gaur egungo Euskal Herriko hezkuntza sistemaren barruan presentzia eta eragin handia duen eragile bat izanik, guretzat estrategikoa da Hik Hasirekin harremanak indartzea». Alde horretatik, adierazi du «plazer eta ohore bat» dela topaketak beraien fakultatean egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.