Hil egin da Bilboko igerileku batean bero kolpea izan zuen mutikoa

Igandean gertatu zen ezbeharra, Errekalde auzoko igerilekuan, eta larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten haurrari. Hiru egunez egon da Gurutzetako ospitalean, larri, baina atzo hil zen.

Errekaldeko igerilekua. BILBO KIROLAK
Errekaldeko igerilekua. BILBO KIROLAK
2025eko abuztuaren 14a
11:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haur batek bero kolpea izan zuen igandean, Bilboko Errekalde auzoko igerilekuan, eta hil egin da. El Fango kiroldegian gertatu zen ezbeharra. 11 urteko mutikoak konortea galdu zuen, eta larrialdi zerbitzuek erreanimatze lanak egin behar izan zizkioten. Gurutzetako ospitalean igaro ditu azken hiru egunak, ZIU zainketa intentsiboetako unitatean, baina, azkenerako, atzo gauean hil zen.

Azken astean bero handiko egunak izan dira Euskal Herriko hainbat lekutan, eta halakoa izan zen igandea ere. Haur talde batekin zegoen mutikoa, begirale batzuen zaintzapean, eta sorosleek 16:00etan jaso zuten abisua. Haiek, protokoloari jarraituz, igerilekua hustu zuten, eta haurra bere onera ekartzen ahalegindu. Gerora, 19:30 inguru zirenean, berriro zabaldu zuten igerilekua, haurra Gurutzetako ospitalera eraman zutenean.

30 gradutik gora izan ziren arratsalde hartan Bilbon; atzo hildako mutikoaz gain, beste haur batzuk ere artatu behar izan zituzten sorosleek, bero kolpeak, antsietateak edo ondoezak jota zeudelako. Horietatik bi erietxera eraman zituzten.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak «tragediatzat» jo du gertakaria sare sozialetan, eta doluminak eman dizkie mutikoaren senitartekoei eta lagunei. «Bizitza bidegabea da batzuetan, bereziki hain adin goiztiarrean amaitzen bada», idatzi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.