Hil egin da Moreako urtegian erreskatatu zuten emakumea

Abuztuaren 23an bizirik atera zuten Moreako urtegitik. Hil egin zen harekin zegoen 20 urteko gizona.

Moreako urtegia. BERIAINGO UDALA
Moreako urtegia. BERIAINGO UDALA
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 1a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Osasun Departamentuak baieztatu du hil egin dela abuztuaren 23an Beriaingo (Nafarroa) Morea urtegian itotzear zela erreskatatu zuten 25 urteko emakumea. Bizirik atera zuten uretatik, eta Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zuten. Han zegoen ordutik, eta atzo hil zen.

Emakumearekin batera 20 urteko gizon bat ari zen bainua hartzen Moreako urtegian abuztuaren 23an. Biak erreskatatu zituzten, itotzen ari zirelako: urtegian bertan zeudenek atera zuten gizona; emakumea, berriz, larrialdi zerbitzuetakoek atera zuten. Konorterik gabe zeuden biak. Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zituzten, oso larri, eta gizona abuztuaren 24an hil zen.

Ezbeharra gertatu eta gero, Foruzaingoak Moreako urtegiaren arriskuez ohartarazi zituen herritarrak: sei eta zortzi metro arteko sakonera du, eta hondo lohitsua eta aldapa handikoa. Gainera, arriskua dago haizeak edo bainularien mugimenduak eragindako olatuek sedimentua altxatzeko, eta, hala, nabarmen zailtzeko ur azpian zer dagoen ikustea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA