Hil egin da trenak Zallan harrapaturiko furgoneta gidaria

Ibarrako geralekuaren alboan dagoen hesirik gabeko pasabide batean harrapatu zuen atzo. Lan istripua da, Amazonek azpikontratutako banatzaile bat baitzen hildakoa.

Trenak atzo Zallan harrapatu zuen furgoneta. I. R. / EFE
Trenak atzo Zallan harrapatu zuen furgoneta. I. R. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urriaren 30a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hil egin da aldirietako tren batek atzo Zallan (Bizkaia) harrapaturiko furgonetako gidaria. Larrialdi zerbitzuek Gurutzetako ospitalera eraman zuten, eta bertan zendu zen bart gauean. Ibarra auzoko geralekuan jazo zen ezbeharra, segurtasun hesirik gabeko pasabide batean. Lan istripua dela baieztatu du ELAk: hildakoa Amazonek paketeria banatzeko azpikontratatutako Gruso enpresako langilea da.

Istripua arratsaldeko 15:30ak aldera gertatu zen, eta lekukoek azaldu dute trenaren gidariak klaxonari hainbatetan eragin arren banaketa ibilgailuko gidaria ez zela ohartu. Kolpea oso bortitza izan zen, eta furgonetak trenbidea mugatzen duen harresia eraitsi zuen. Larrialdi zerbitzuak berehala iritsi ziren, eta gidaria helikopteroz eraman zuten, baina ezin izan zuten suspertu.

Zaharrak berri dira Zallan, eta trenak zorigaiztoko ezbehar bat eragin du beste behin. 2022an trenak emakume gazte bat hil zuen hesirik gabeko beste pasabide batean, eta 2021ean bi istripu larri eragin zituen. Bilboko aldirietako C-4 trenbideak ertz batetik bestera gurutzatzen du Zalla; horrenbestez, herriak 34 pasabide ditu, eta hainbatetan ez dago segurtasun hesirik.

Pasabide horien segurtasun baldintzak hobetzea eskaera historikoa da herrian, eta Unai Diago alkateak (Zalla Bai) premia hori nabarmendu zuen atzo. ADIF tren konpainiak iragan abuztuan esleitu zuen Zallan tren saihesbide bat egiteko proiektuaren diseinua. Egitasmoa gauzatzen bada, trenbidea desbideratuko dute eta kilometro bateko zati bat aterako dute herrigunetik. ADIFen arabera, hamabi pasabide kenduko dituzte.

Gutxienez 59 hildako

LABek bere webgunean daraman zenbaketaren arabera, aurten lanean ari zela Euskal Herrian hildako 59. langilea izan da Zallan hildakoa. 

ELAk, bere aldetik, 45 langile zenbatu ditu orain arte Hego Euskal Herrian: hemeretzi Nafarroan, hamar Bizkaian, bederatzi Gipuzkoan, eta zazpi Araban. Nabarmendu duenez, hildako langileetatik hamalau garraiolariak ziren, hau da, istripu guztien % 29. Sindikatuak uste du ez dela kasualitatea. «Sektore horrek lan erritmo handiak pairatzen ditu, pakete epe zorrotzetan entregatzeko denborarekin eta lanaldi nekagarriekin, eta horrek istripua izateko arrisku handia dakar, estresa eta antsietatea direla eta». 

Gehitu duenez, lan istripu horiek trafko istripu gisa «kamufatzen» saiatzen dira, jarduerari lotutako arriskuak kontuan hartu gabe. Zallako kasuan errepideen egoerak —kasu honetan trenbide pasaguneak segurtasun hesirik ez izateak— eragina izan duela onartu du ELAk.

Gauzak horrela, ELAk premiazkotzat jo du lan erritmoak eta denborak ebaluatzea, baita arrisku psikosozialak ere, entregetan estresa eta erritmoak minimizatzeko prebentzio neurriak ezartzeko eta erakundeei errepideak ondo mantentzeko eta puntu beltzak kentzeko eskatzeko.

ELAk datozen egunetan ekintzak antolatuko ditu lan heriotza salatzeko, eta lan istripuekin behin-betiko amaitzeko borondate politikorik eza salatuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.