Lodosako Udalak (Nafarroa) baieztatu egin du: hil egin da igandean zezen batek zauritu zuen emakumea, 25 urteko bilbotarra. Sokamuturra egin zuten igandean Lodosan. Ibilbidea hesituta zegoen, eta hesi batzuen atzean harmailak zeuden. Zezen bat, ordea, hesien eta harmaila baten arteko pasabidera sartu zen, eta zenbait ikusle harrapatu zituen. Kolpe handia eman zion buruan emakumeari. Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zuten, eta bertan hil da. Zezenak beste emakume bat ere zauritu zuen.
«Egun tristea eta konplikatua da» Lodosako Udalarentzat. Doluminak, elkartasuna eta maitasuna helarazi dizkie hildakoaren senideei eta gertukoei, udalbatzaren eta herritarren izenean. Udalak herritarrei eskatu die hildakoaren senideak babesteko. Zezenen aldeko peña bateko kidea zen. Udalak bi eguneko dolua ezarri du.