Hilaren 21etik aurrera ez da pediatrarik izanen Baztango, Urdazubiko eta Zugarramurdiko osasun zentroetan

Baztango Osasun Plataformak deituta, protestak egin dituzte egunotan Arraiozen eta Elizondon. Arazoa «egiturazkoa» eta «urteetako murrizketen ondoriozkoa» dela salatu du elkarteak.

Elkarretaratzea egin zuten ostiralean Elizondon, eskatzeko ez dezatela eten Baztan ibarreko pediatria zerbitzua. BAZTANGO OSASUN PLATAFORMA
Elkarretaratzea egin zuten ostiralean Elizondon, eskatzeko ez dezatela eten Baztan ibarreko pediatria zerbitzua. BAZTANGO OSASUN PLATAFORMA
Ion Orzaiz.
2026ko irailaren 7a
11:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baztango Osasun Plataformak egin du salaketa. Irailaren 21etik aurrera, ez da pediatrarik izanen Baztango, Urdazubiko eta Zugarramurdiko osasun etxeetan. Plataformak ohar batean esplikatu duenez, zerbitzua «modu prekarioan» ezarria egon da orain arte eskualdean. Aurrerantzean, ezta horrela ere: «Egin diguten iragarpenaren arabera, hil honen 21etik aitzinera pediatrarik gabe geldituko gara».

Baztango Osasun Plataformako kideentzat «onartezina» da egoera: «Ezin dugu onartu ehunka haur beharrezko osasun arretarik gabe gelditzea, ehunka ama-aita kezkaturik egotea umeak mediku arretaz behartzen badira». Areago, ez dute uste oraingo arazoa denik, «egiturazkoa» baizik: «Urte anitzez murrizketak egin dituzte osasun zerbitzu publikoan, plangintza kaskarrak egin dira, eta baliabideak ere eskasak izan dira. Horren ondorioa da orain pairatzen ari garena».

Elkarretaratzea Arraiozen, Baztanen pediatria zerbitzua eten ez dezatela eskatzeko. BAZTANGO OSASUN PLATAFORMA
Baztanen pediatria zerbitzua eten ez dezatela eskatzeko elkarretaratzea, Arraiozen. BAZTANGO OSASUN PLATAFORMA

Plataformakoen aburuz, arta pediatrikoa egun bakar batez ere etetea oso larria izanen litzateke; hortaz, iragarri dute ez direla «esperoan» egonen «irailaren 21ean zer gertatuko». Horren ordez, mobilizazioen bideari heldu diote, eta egunotan protestak egin ibarreko zenbait herritan. Ostiral iluntzean, esate baterako, elkarretaratzeak egin zituzten Elizondoko eta Arraiozko plazetan, Baztango Osasun Plataformak deituta. «Eskatzen dugu une oro bermatua egon dadila zerbitzua gure eskualdean».

Plataformak iragarri du, gainera, harremanetan jarriak direla zenbait eragilerekin, egoera onbideratze aldera. «Eskerrak eman nahi dizkiegu osasun zerbitzuan ari diren langile guztiei, erabaki honen berri emateagatik, eta Baztango Udalari bere kezka guri helarazteagatik», esan zuten Elizondoko protestaren amaieran. Irailaren 16an, bestalde, batzar bat eginen du Baztango Osasun Plataformak, zehazteko hemendik aurrera zer urrats egin. 19:00etan izanen da, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA