Urtarrilaren 31n euskaltzaleak mobilizazio batean batu nahi ditu EHE Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak, Baionan. 12:00etan izango da protesta, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren egoitzaren parean. Izan ere, otsailaren 5ean erakundeko lau militante epaituko dituzte Baionan, iazko irailaren 27an eraikin horretan bertan egindako ekintza baten harira, eta haiei elkartasuna erakustea izango da mobilizazioaren helburu behinenetako bat. Euskaraz bizi nahi dugu pintaketa egitea egotzita epaituko dituzte.
Urtarrilaren 10ean agerraldi bat egin zuten Bilbon mobilizaziorako deia egiteko. EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren parean egin zuten agerraldi hori. «Ez da kasualitatea hemen elkartu izana», nabarmendu zuten. «Oldarraldi judizialarekin argi ikusi dugun gisan, borrokaz lortutako eskubideak, besteak beste, botere judizialetik ari dira atzera botatzen».Â
Salatu zuten EHEko militanteen kontrako epaiketa bidegabea izango dela: «Euskal Herrian euskaldunok bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituztela salatzeagatik epaituko gaituzte; euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeagatik epaituko gaituzte». Bestalde, mobilizazioan salatu nahi dute Frantziako agintariek, oro har, ez dituztela diruz laguntzen euskararen alde diharduten erakundeak, baina ahaztu gabe kexa Euskal Herri osora zabaltzeko modukoa dela. «Euskararen herrian euskara baztertua, zapaldua eta gutxietsia da, eta hori legalki egiten dute. Lege bidez ari dira euskara eta euskaldunak zapaltzen, egungo legedia bidegabea eta linguizida baita».Â
EHEren iritziz, lege esparru hori gainditu egin behar da. «Frantziako eta Espainiako konstituzioen aterkipean, euskarak ez du etorkizunik; gaur egungo egoerari eta historiari erreparatuta argi ondoriozta genezake hori. Horregatik, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidean, ezinbesteko ikusten dugu euskararen errepublika, independentzia». Eta argi dute jendearen mobilizazioak berebiziko garrantzia duela horretan aurrera egite aldera: «Mobiliza eta antola gaitezen ahalik eta jende gehien euskararen alde, justizia justu baten alde».Â