Euskal Herrira itzuli ezinean, 45 urte egin ditu atzerrian Hilario Urbizu Sanromanek, Mexikon, eta han zendu zen atzo, 76 urterekin. Iheslaria zen Urbizu, eta 1980ko hamarkadan egin zuen alde Ozeano Atlantikoaren bertze aldera; ordutik ez da etxera bueltatu. Nafarra zen jaiotzez, Olatzagutikoa.
2015ean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Urbizu atxilotzeko agindua eman zuen, eta estradizio prozesua abiatzeko urratsak egiten hasi ziren Mexikon. Hilabete batzuk geroago, baina, Mexikoko Gobernuak eten egin zuen prozesua, eta ezezkoa eman zion Espainiari: aske utzi zuen Urbizu, delituak preskribatuta zeudela argudiatuta.
Urte hartan bertan Sakanako (Nafarroa) Guaixe aldizkariak jakinarazi zuenez, gaixotasun larri bat zeukan Urbizuk, eta beldur ziren egoera okertuko ote zen atxiloketaren ondorioz. 2013an, iheslari batzuek lortu zuten Euskal Herrira itzultzea, baina Auzitegi Nazionalak ez zion bide hori erraztu Urbizuri.Â
Egun, Etxerat-en arabera, hamalau iheslari eta hiru deportatu daude. Euskal Herritik urrun hil zen Martin San Sebastian iheslaria ere, Venezuelan, urrian. Hark ere berrogei urte baino gehiago eman zituen Euskal Herritik urrun, eta 70 urte zituela hil zen.