Bozak galdu berritan, jendarmeek hilda aurkitu dute gaur goizean Christian Berçaits, Bildoze-Onizepeko (Zuberoa) auzapeza. Atzo gauetik desagertuta zegoen 62 urteko gizona. Paueko fiskaltzak (Okzitania) ikerketa bat abiatu du; lehen hipotesien arabera, bere buruaz beste egin du.
Berçaits 2017tik izan da Bildoze-Onizepeko auzapez. Pierres Sueskun 2001etik auzapez izandakoak bere buruaz beste egin ostean hartu zuen kargua Berçaitsek. 2020ko hauteskundeetan zerrendaburu gisa aurkeztu zen, eta botoen %57,9 lortuta gailendu zen. Atzo, aldiz, herriko bozen lehen itzulian, Herve Moutrousen zerrenda nagusitu zen.
700 biztanle pasa ditu Bildoze-Onizpeak. Atzoko bozetan, 313 herritarrek bozkatu zuten Moutrousen alde (%55,5), eta 251 herritarrek, Berçaitsen alde (%44,5). Botoen erdia baino gehiago lortuta, bigarren itzuliaren beharrik gabe hartuko du auzapez kargua Moutrousek.