Mugarri bat da, inflexio puntu bat, emakume bihurtzearen seinalea; eta halere, egun horietan ez da komeni galtza zuriak janztea eta horri buruz hitz egitea. Kontraesan, egia erdi eta sinesmen faltsu ugari daude hilekoaren inguruan, Maria Reimondez idazle eta itzultzaileak (Lugo, Galiza, 1975) Bárbaras liburuan azaltzen duenez. Susa argitaletxeak plazaratu du euskaraz, Nerea Loiolak itzulita, Lisipe bildumaren azken alean (Basatiak. Begirada libre bat hilekoari, gorpuz askotarikoetatik), eta odolaren jarioari segika, Reimondezek gorputzen aniztasunaz, generoaz, osasun arloko matxismoaz eta kolonialismoaz dihardu.
Lehen hilekoa gertakari handitzat jotzen da, baina lotsa eman ohi du horri buruz hitz egiteak. Ez al da kontraesana?
Hilekoa, gorputzaren prozesu bat ez ezik, prozesu sozial bat ere bada, eta esanahi kultural batzuk ematen zaizkio. Patriarkatuak hilekoari ezartzen dizkion kontraesanak emakumeen sexualitateari ezartzen dizkion berberak dira: sekulako garrantzia dauka, baina ezkutatu egiten da, existitu beharko ez balitz eta debekatu egin beharko balitz bezala.
Zuk liburu oso bat eskaini diozu. Zergatik?
Hilekoa gauza askoren inguruan hitz egiteko aukera ematen duen espazio bat da: horren bidez, gorputzen aniztasunaz, desiraz edo haren gabeziaz, Iparralde eta Hegoalde Globalaren arteko harremanaz, lan esplotazioaz eta klima larrialdiaz hitz egin dezakegu. Halere, gizarteak tabu bihurtu du hilekoa, eta horregatik da hain zaila eztabaida horiek sustatzea. Ikuspuntu biologiko batetik soilik azaltzen digute hilekoa, eta, horren arabera, estu lotuta dago ugalketarekin eta heterosexualitatearekin.
Liburuan diozunez, hilekoa ez da emakume izatearen adierazle. Esaldi horrek polemika sor dezakeela uste duzu?
Espero dut askorentzat ez dela polemikoa izango [barrez]. Kontrara, nahiko nuke normaltzat jo ditugun gauza asko deseraikitzeko elementu bat izatea, eta, patriarkatuak inposatutako markotik harago, emakume egiten gaituen horren inguruko hausnarketa sakon bat bultzatzea. Badira hilekorik ez duten neskatoak eta emakumeak, hala nola emakume transak eta beste gorputz asko. Interesgarria da eztabaida beste ikuspuntu batetik abiatzea eta askotarikoa den subjektu politiko bat defendatzea.
Bide beretik, esaten duzu ez dagoela hormona femenino eta maskulinorik. Zergatik da garrantzitsua hori aldarrikatzea?
Oso konplexuak eta aldakorrak diren afera batzuei buruzko ideia sinple eta absolutuak barneratu ditugu; adibidez, hormona femeninoak eta maskulinoak daudela. Patriarkatuak ideia hori zabaldu du, besteak beste, zehazteko gorputz bakoitzarengandik zer espero; eta bide batez, genero binarismoa defendatzeko. Hormona guztiak dira beharrezkoak hilekoarekin eta ugalketarekin zerikusirik ez duten gorputzaren prozesuentzat, hormona guztiek funtzio bat baino gehiago baitute, eta eragile askorekin erlazionatzen dira horretarako. Hortaz, hormona batzuk genero jakin batekin lotzeak, gizonekin lotzen direnei superbotereak emateak —hala nola testosteronari—, eta emakumeekin lotzen direnak ahultzat jotzeak gehiago esaten du espektatiba patriarkalei buruz hormonei buruz baino.
«Ikuspuntu biologiko batetik soilik azaltzen digute hilekoa, eta, horren arabera, estu lotuta dago ugalketarekin eta heterosexualitatearekin»
Gorputzez ez ezik, liburuan luze eta zabal jarduten duzu medikuntzaz ere, iritzita hilekoari dagokionez «ahalik eta ahaleginik txikiena» egiten dela. Hori ez da kasualitatea, ezta?
Ez, orain arte aipatutakoaren segida da: patriarkatuaren egiturak nonahi daude. Zorionez, kide feminista asko medikuntzaren esparruan muturra sartzen ari dira, eta espazio propioak sortu dituzte egia borobiltzat jotzen diren zenbait sinesmen iraultzeko, hala nola hilekoak min ematen duela eta ugalketa duela helburu. Emakume eta gorputz disidenteok gure gorputzen gaineko ezagutza kritikoa eskainiko duten espazioak behar ditugu. Emakumeon gorputza ez da aintzat hartu osasun arloko ikerkuntzan: hortaz, ezjakintasun handia dago, eta horrek ondorio bortitzak eta arriskutsuak ditu gure osasunean.
Besteak beste, hilekoaren aurreko sindromea asmatutako patologia bat dela diozu. Zergatik?
Ikerketarik ez izatearen eta ezezagutzaren ondorioz, zenbait mamu azkarregi zabaldu dira. Batzuetan, emakumeek ere barneratu egiten dituzte kontzeptu horiek, eta beste edozein arazoren edo gorputz prozesuren ondorio izan daitezkeen sintomak hilekoarekin identifikatzen hasten dira. Hori oso arriskutsua da, bi arrazoirengatik: batetik, asmakizun horien atzean helburu komertzial bat egon ohi delako; eta bestetik, kontzeptu horiek normaltzat jotzearen ondorioz balitekeelako egiazko gaixotasunak ez ikertzea, hala nola endometriosia. Badirudi emakumeok aitzakia bat behar dugula sozialki onartzen ez zaizkigun zenbait emozio adierazteko; adibidez, amorrua, haserrea eta ondoeza.
Sare sozialetan bolo-bolo zabaldu dira hilekoa ilargiaren araberako lau fasetan sailkatzen dela dioten mezuak. Baina errealitatea askotarikoagoa da, ezta?
Bai. Diskurtso horrek, gainera, oztopatu egin dezake gorputz disidenteek eta emakumeek behar dituzten azalpenak aurkitzea. Nire asmoa ez da, inondik inora ere, espazio horietan gustura dauden emakumeak epaitzea, baina diskurtso horiek auzitan jarri behar ditugu. Izan ere, emakume mota jakin baten esperientziara mugatu ohi dute hilekoa, binarismoa indartzen dute, eta maiz kontzeptu transfoboak zabaltzen dituzte.
«Emakumeon gorputza ez da aintzat hartu osasun arloko ikerkuntzan: hortaz, ezjakintasun handia dago, eta horrek ondorio bortitzak eta arriskutsuak ditu gure osasunean»
Gaur egun, hilekoari lotutako higiene produktuen eskaintza zabalagoa da. Baina nahikoa da?
Arlo horretan hobera egin dugu. Halere, ez da berdin produktu horiek hor nonbait egotea edo horiei buruzko informazioa izatea eta nola erabili jakitea. Hor berriro ere agertzen da logika kapitalista: gehien ezagutzen direnak erabili eta botatzekoak dira; hau da, konpresak eta tanpoiak. Edonon eta edonoiz agertzen dira produktu horien iragarkiak; hortik aurrera, ezjakintasuna handia da.
Hasi eta buka, liburuan indar handia du Mendebaldearen iragan kolonialak. Zergatik?
Feminista eta mendebaldarra naiz, baina artean nerabe nintzela aukera izan nuen Galiziatik eta Europatik kanpo saretzeko, eta leku horretatik ulertzen dut feminismoa. Mendebaldeak irudi jakin batzuk sortu ditu Hegoaldeko gizarteen inguruan, eta begirada kolonialetik eratutako kontakizun horiek eragin zuzena dute Hegoaldeko emakumeengan. Gorputz horiek kontakizunetik kanpo uzten baditugu, gure nortasunaren eraikuntzaren parte handi bat utziko dugu kanpoan, gure kideei atxiki diegun nortasun barbaroaren bizkar eraiki baitugu gure nortasuna.