Hilekoa ulertzeko «modu libre eta basati» bat

Lisipe albumaren hemezortzigarren zenbakia aurkeztu dute. Nerea Loiolak itzuli du Maria Reimondezen lana, eta, ikuspegi biologiko esentzialista batetik aldenduta, lotu egiten ditu hilekoaren ertz politikoak, kulturalak, sozialak eta ekonomikoak.

Nerea Loiola, Lisipe albumaren azken zenbakiaren aurkezpenean, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Nerea Loiola, Lisipe albumaren azken zenbakiaren aurkezpenean, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko apirilaren 29a
20:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hartu ibuprofeno bat, jarri poltsa beroa sabelaren gainean, eta ez jantzi galtza zuriak. Munduko biztanleen erdiei baino gehiagori eragiten die hilekoak, eta, halere, kosta egiten da horri buruz hitz egitea; are gehiago modu «libre eta basati» batean. Bada, horixe du ardatz Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren hemezortzigarren zenbakiak: Basatiak. Begirada libre bat hilekoari, gorputz askotarikoetatik. Maria Reimondez idazle galiziarrak idatzitako Bárbaras, la regla contada a gente diversx liburuaren itzulpena da, eta Nerea Loiolak euskaratu du. 

Gaur goizean aurkeztu dute liburua, Donostian. Jule Goikoetxea ibili da editore lanetan, eta, haren arabera, zenbaki hau «esperimentu moduko bat» da. Emaitzak bi indargune dituela azaldu du: batetik, «oso era ulergarrian» dago idatzita, eta, horri esker, edonork irakur lezake: «nerabeek, irakasleek, emakumeek, 50 urtetik beherako eta 50 urtetik gorako gizonek»; bestetik, tradizionalki biologia esentzialistaren begiradatik jorratu den gai bat «biopolitikoki» lantzen da liburuan, eta «dimentsio guztiak» lotzen ditu. 

Goikoetxearekin bat egin du Loiolak. Hauxe du lehenengo itzulpen lana, eta aitortu du prozesua «barbaroa eta basatia» izan dela. Autorearen ahotsa nabarmendu du: «Zuzena da, baina ez da lehorra; pedagogikoa da, baina ez da paternalista; haserrea dauka, baina umorea ere bai; zehatza da, baina gertukoa». Hori euskaraz jasotzeak «lan handia» eman dion arren, azaldu du liburuak aukera eman diola euskaraz hainbat kontzepturi izena emateko, baita «gorputz transak eta ez-normatiboak» lehen lerrora eramateko ere. 

Izan ere, zenbaki hau ez da azalpen biologiko bat ematen duen gida bat, hilekoa abiapuntu hartuta galdera zabalagoak planteatzen dituen liburu bat baizik, eta «indar handia» duen esaldi bat nabarmendu du Loiolak: «Gorputzek funtsean ez dute ezer determinatzen, are gutxiago hilekoak». Haren arabera, hilekoa «amatasunera» murriztu eta «emakume izatearen froga» bihurtu da, eta liburuak astindu egiten ditu gizarteak prozesu fisiologiko horri itsatsi dizkion esanahi guztiak. 

Reimondez ez da aurkezpenean egon, baina hark bidalitako mezu bat zabaldu du Goikoetxeak. Idazleak eskerrak eman dizkie Susari eta Loiolari, eta azpimarratu du «poztekoa» dela hizkuntza ez-hegemoniko batean, galizieraz, idatzitako liburu bat beste hizkuntza ez-hegemoniko batera itzultzea. «Liburuak askotariko gorputzez hitz egiten du, askotariko bizipenez, eta espero dut gorputz eta bizipen horiek egunez egun pixka bat basatiagoak izaten lagunduko digutela, baita hain beharrezkoak diren aliantzak elikatzen ere», gehitu du.

Hiru dimentsio

Miren Guillo antropologoak egin du Lisipe bildumaren azken zenbakiaren hitzaurrea, eta liburuan zuzenean nahiz zeharka lantzen diren hiru gai aipatu ditu: Mendebaldeko gizarteen eta ezagutza biomedikoen androzentrismoa eta binarismoarekiko ikuspegi kritikoa; ginekologiaren arloko teknologia garatzeko erabilitako praktika kolonialak eta arrazistak; eta osasungintza publiko eta komunitario baten garrantzia. 

Lisipe bildumak hamar urte beteko ditu urte amaieran, eta aurreratu dute hogeigarren zenbaki batekin itxiko dutela 2016an hasitako ibilbidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA