Badirudi, 1993tik lehen aldiz, funtzio publikoko estatutu berria izanen duela Nafarroak. Mahai orokorraren bilera egin zuen atzo Nafarroako Gobernuak, eta estatutuaren kontra bozkatu zuten LABek eta ELAk. Ez hori bakarrik, lanuzte batera deitu zuten gaurko, eta gaur Steilas sindikatuak bi gauzak kritikatu ditu: estatutua bera, eta haren kontra deitutako lanuztea. Izan ere, argudiatu dute estatutu berri bat ezartzeko batasun sindikala behar dela, eta, hortaz, ezin dela lanuzterik antolatu batasunik izan gabe.
Hileta baten parodia egin dute Iruñean, eta Docenta Prekariez Estutalarri agurtu, «estatutuaren lehen biktima». Salatu dute estatutu berria murrizketaz betea dagoela, eta sinatu duten sindikatuei egotzi diete jarrera «kolaborazionista» izatea, «atzerapausoak» ematen laguntzeagatik; atzoko bozketan, Afapnak, CCOOk eta UGTk bozkatu zuten estatutuaren alde. Steilasek, zehazki, lau kritika egin dizkio Nafarroako Gobernuak proposatutako azken testuari: «Galdutako erosahalmena berreskuratzeko aukera ukatzea, soldata jardunaren ebaluazioari lotzea, beste sektore batzuetan ezarrita dauden hobekuntzak ez finkatzea, eta estatu mailan erdietsitako zenbait eskubide alde batera uztea».
Azkenik, Docenta agurtu ondotik, salatu dute hura ez dela biktima bakarra, eta langile publiko «gehien-gehienak» aterako direla galduan. Hitzokin eman diote azken agurra: «Nafarroako Gobernua estatutu berriarekin propaganda egiteko ahaleginetan ari da, baina sarri agerian geldituko da iruzurra zenbatekoa den. Borrokan jarraituko dugu lapurtutako erosahalmena eta ukatutako eskubideak lortu arte».
Bertzeak bertze, estatutu berriak funtzio publikoko langile guztien lanbide karrera arautuko du —lehen aldia izanen da—, eta hari lotutako osagarriak ezarriko ditu progresiboki, 2027tik 2032ra. Horrekin konpentsatuko du azken urteetan izan duten erosahalmenaren galera, eta, hori egin ahal izateko, 130 milioi euro inbertitu beharko ditu gobernuak.