Lanbide karrerari lotutako osagarrietan 130 milioi euro inbertituko ditu Nafarroako Gobernuak

Udaletako eta gobernuko 40.000 langilerentzako estatutua onartu dute Afapnak, CCOOk eta UGTk. Lehen aldiz lanbide karrera arautuko dute. LABek eta ELAk kontra bozkatu dute, eta etzi lau orduko lanuztea egitera deitu dute.

(ID_17797858482075) Administrazioko mahai orokorreko bilera
Mahai orokorreko bilera, ostiralean. NAFARROAKO GOBERNUAK UTZITAKO ARGAZKIA
2026ko maiatzaren 26a
14:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

30 urteren ondoren, Nafarroako funtzio publikoko estatutua izateko bidean dira udaletako eta gobernuko 40.000 langile inguru. Aurreko estatutua 1993an onartu zenez, gaur egungo administrazioaren beharretara egokitu behar zen, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez. Besteak beste, funtzio publikoko langile guztien lanbide karrera arautuko du lehen aldiz, eta hari lotutako osagarriak ezarriko ditu progresiboki 2027tik 2032ra, eta horrekin konpentsatuko du azken urteetan izan duten erosahalmenaren galera. 130 milioi euroko inbertsioa eskatuko dio gobernuari.

Negoziazio prozesu luzearen ostean, gaur goizean mahai orokorraren bileran gobernuak proposatutako azken testuaren alde bozkatu dute Afapnak, CCOOk eta UGTk. LABek eta ELAk, aldiz, kontra bozkatu dute, eta 11:00etatik 15:00etara arteko lanuztea egitera deitu dute etziko.

Behin hiru sindikatuen babesa ziurtatuta, Inma Jurio eta Gloria Arancon Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko kontseilari eta zuzendari nagusia «oso pozik» azaldu dira komunikabideen aurrean. Juriok nabarmendu du mahai orokorreko sindikatuen %51ko babesa jaso dutela. «Ez dugu inor baztertu. Hitz egin nahi izan duten sindikatuekin hitz egin dugu, eta eskua luzatuta daukagu».

Osagarrien igoera

Estatutua langile publikoen lan ituna da, eta ia 200 lege artikulu izango ditu. Besteak beste, lanbide karrerari lotutako osagarriak ezarri dira: 2027an soldata oinarriaren %20 jasoko dute, eta urtetik urtera igotzen joango da, 2032an %100era iritsi arte. Hala, soldata tarte apaleneko langileek urtero 1.700 eta 7.000 euro artean jasoko dituzte, kategoriaren eta antzinatasunaren arabera. Kategoria handienekoek (A1 maila), berriz, 2.900 eta 11.000 euro artean.

Jurioren arabera, 2027an 26 milioi euro kostatuko da, eta 2032an 130 milioi euro. Zehaztu du lanbide karreraren osagarriak ez duela murrizketarik eragingo beste ordainsarietan. «Azken hamabost urteetako erosahalmenaren galera konpentsatu nahi izan dugu horrela», azaldu du. Ez dute zehaztu zer eragin izango duen udaletan.

LAB da Nafarroako Gobernuko lehen sindikatua, alde handiz (77 ordezkari ditu). Isabel Artieda LABeko kidearen ustez, Nafarroako Gobernuak «murrizketak ezarri ditu diruaren truke». Artiedaren ustez, arriskua dago administrazioko lan kontratudunak hartzeko hautapen probak kentzeko eta «meritu, gaitasun eta berdintasun printzipioak urratzeko». Haren ustez, «ekinbide ustelak legeztatzen ari dira gobernuaren kudeaketa errazteko eta kudeaketa txar baten arazoak konpontzeko».

ELAk eta LABek salatu dute administrazio barruan behin-behinekotasuna %8ra murrizteko planik ez dela jaso. ELAk, zehazki, 120 ekarpen egin dizkio testuari, eta esan du ekarpen horiek ez direla jaso. Bi sindikatu abertzaleak batzarrak egiten ari dira langile publikoen artean, eta ostegunean lau orduko lanuztea egitera deitu dituzte langile publikoak. 

Ordezkaritza sindikalaz

Mahai orokorreko ordezkaritza sindikalarekin ere talka egon da. Izan ere, Nafarroako Gobernuko eta hari lotutako erakundeen hauteskunde sindikalak lau urtean behin egiten dira. LABek eta ELAk %50etik gorako ordezkaritza dute. Udaletan bozak ere egiten direnez, ordezkaritza horren ehunekoa aldatu egiten da etengabe. UPNren garaitik, argazki finko bakarra hartu izan da aintzat lau urtez, baina oraingoan 2025aren amaierakoa eguneratu dute, Afapna, CCOO eta UGTren alde.

Dena den, oraindik ere bide luzea geratzen zaio testuari. Lehenik eta behin, lege aurreproiektua sanferminetarako onartzea espero du gobernuak. Gero Nafarroako Kontseiluaren esku utziko du, eta udazkenean parlamentura bidaliko du testua. Beranduenez martxorako onartzea aurreikusten du.

EH Bildu da lehentasunezko bazkide, eta Juriori galdetu dio ea zertan dagoen amore emateko prest: «Ez dakigu zer eskatuko diguten. Gauza ez da soilik zer ematen duzun, baizik eta zer eskatzen diguten eta zer akordiotara iristen garen». UPNren aukeraz ere galdetu diote, eta Juriok erantzun du garrantzitsua dela estatutua onartzea «ahalik eta adostasun zabalena» lortuz. 

Inma Jurio Nafarroako Funtzio Publikoko kontseilaria eta Gloria Arancon Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, gaur eguerdian. NAFARROAKO GOBERNUAK UTZITAKO IRUDIA.
Inma Jurio Nafarroako Funtzio Publikoko kontseilaria eta Gloria Arancon Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, gaur eguerdian. NAFARROAKO GOBERNUAK UTZITAKO IRUDIA.

Giltzak

  1. Lanbide karrera. Foru administrazioko langileen lanbide karrera arautuko da lehen aldiz. Bost tarteetan mailakatuko da, eta tarte batean «automatikoki» kokatuko da antzinatasunaren arabera. 

  2. Sustapena. Tartez igo nahi duen langileari «merituak egiaztatzeko sistema baten bidez» baloratuko zaio jarduera profesionala, ezagutza, egindako ikastaroak eta abar.

  3. Osagarriak. 2012tik galdutako erosahalmena konpentsatzeko, lanbide karrerari lotutako osagarriak ordainduko dira: 2027ko urtarrilaren 1etik soldata oinarriaren %20 jasoko dute, 2028an %30ekoa, 2029an %50ekoa,  2030ean %70ekoa,  2031n %90ekoa eta 2032an %100ekoa. 

  4. Leku aldaketak: Postu aldaketak eta sustapen profesionalak arautuko dira, «bai behin-behinekoak bai finkoak». 

  5. Telelana. Telelana urtebetean arautu beharko da. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE