Hilketa aitortu du Yanela Zarumaren mutil-lagun ohiak epailearen aurrean

Gizona espetxean dago dagoeneko, homizidioa egotzita, eta epaileak hedabideen filtrazioak ikertuko ditu

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Yanela Zaruma itota hil zuela aitortu dio haren mutil-lagun ohiak epaileari. Igande goizean eraman zuten Iruñeko Auzitegira, eta han berretsi zituen orain arteko zantzuak: gaztea hilaren 3ko gauean hil zuela, indarrez, eta Beriaingo aintziran (Nafarroa) bota zuela hilotza. Espetxean da igandetik, homizidioa egitea leporatuta. Auzia sekretupetik atera zuen atzo epaileak, eta emakumeen aurkako indarkeria kasuak aztertzeko Iruñeko auzitegiaren esku utzi. Gizonaren aitortza eskuan, berretsi da dagoeneko: emakumeen aurkako indarkeriak aurten Euskal Herrian hildako lehen emakumea da Yanela Zaruma. 22 urte zituen, eta 3 urteko haur bat. Hiltzailea ere gaztea da, 24 urtekoa.

Bigarren aldiz deklaratu zuen hiltzaileak epaile aurrean igandean. Ostegunean ere eraman zuten, eta ukatu egin zuen Zaruma hil izana. Epaileak, ordea, atxiloaldia luzatu zion, haren jokabidean «kriminalitate zantzuak» antzemanda. Atzoko autoan, berretsi du badaudela zantzuak, eta nabarmendu du gizonak auzitegian bertan aitortu duela hilketa.

Apirilaren 3ko gauean, igandearekin, hil zuen Zaruma bikotekide ohiak, epailearen autoak dioenez. Hurrengo goizean aurkitu zuten hilotza, Beriainen, Morea aintziran. Indarkeria zantzuak zituela baieztatu zuen Nafarroako Gobernuak. Urte amaieran banandu zen Zaruma mutil-lagunarengandik. Gurasoenean bizi zen harrezkero, alabarekin batera. Aitak salatu zuen emakumea desagertu zela, astelehenean. Gorpua agertua zen ordurako. Hainbat hedabidek zabaldu dute igandean eztabaida izan zuela telefonoz andreak eta ordutik ez zegoela haren berririk.

Elkarretaratzeko deia

Azken astebetean komunikabideek argitaratutako informazioak direla eta, kargu hartu du auzia ikertzen aritu den epaileak. Kasua sekretupean jarri zuen, baina hainbat komunikabidek eman dituzte ikerketari buruzko datuak. Areago, filtrazioei buruz salaketa larria egin du epaileak: «Komunikabideetan behin eta berriro kaleratu dituzte instrukziorako datu garrantzitsuak, sekretupeko aginduaren pean zeudenak; eta, areago, auzitegiari berari helarazi baino lehen ere kaleratu dituzte datu horiek».

Ikerketa egiteko agindu du Iruñeko Auzitegiak, sekretupeko auziari buruzko datuak haizatu dituztelakoan. Haren arabera, litekeena da sekretuak jakinaraztearen delitua egin izana.

Emakumeen aurkako indarkeria kasua izan dela baieztatuta, elkarretaratze batera dei egin du gaurko Berdintasunerako Nafarroako Institutuak, hilketa salatzeko. Eguerdian izango da, Vinculo plazan. Erakunde horretako zuzendariak, Sara Ibarrolak, iragarria zuen protestara deituko zutela genero indarkeriako kasua zela berrestekotan. Horrelako beste kasuetan egin izan duenez, herri akusazio gisara aurkeztuko da.

Nafarroako Parlamentuak agiri bat atera zuen atzo. Horretan, hilketa salatzeaz batera, nabarmendu du gizarte osoaren arazoa dela emakumeen kontrako indarkeria: «Hiltzaileei arbuioa azaldu behar zaie, eta indarkeriaren aurka egin, emakumeen eta gizonen arteko harreman bidezko eta berdintasunezkoak lortu arte». Zarumaren hilketa salatzeko elkarretaratzeetan parte hartzera egin die dei herritarrei.

Astelehen Lilak ekimenak bat egin du gaur eguerdirako deitutako protestarekin. Erakundeek kasu honetan egoki jokatu dutela adierazi du, familiari laguntzen ari direlakoan. Zarumaren hilketaren harira, datu bat nabarmendu du: hiltzailearen eta hildakoaren adina. 22 urte zituen emakumeak, eta haren mutil-lagun ohiak, 24. «Jakitun izan behar dugu hein handi batean gazteek erasotzen dietela emakumeei. Horrenbestez, garrantzi handia eman behar zaio heziketari».

Urteak daramatzate Nafarroan, baina sortzez Ekuadorkoak dira zarumatarrak. Zendutako gaztearen hilotza hara eramateko paperak egiten hasiak dira, eta dirua ere biltzen ari dira gastuei aurre egiteko. Beriaingo Udalak 500 euroko laguntza eman die. Herenegundik Burlatako beilatokian daukate gaztearen hilotza, eta familiak espero du hurrengo egunetan eraman ahal izango duela Ameriketara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.