Etxerat-ek jakinarazi duenez, 85 euskal presok jasotzen dute gaur egun Jaiki Hadi-ko medikuen arta, gaixotasun organiko edo psikikoengatik: hau da, euskal presoen %34k. Duela hamar urte baino handiagoa da proportzioa, preso gutxiago izan arren gehiagok daukatelako artaren beharra. Horren arrazoia azaldu du Fernando Arburua psikologo eta Jaiki Hadi-ko kideak: «Presoen adinaren batezbestekoaren igoera eta espetxealdien luzatze ikaragarria».
Etxerat-en arabera, hemeretzi euskal preso daude larriki eri gaur egun, eta horietako batzuek heriotza arriskua dutela ohartarazi dute. Horien artean dira minbizia dutenak, kardiopatia larriak dituztenak (Josetxo Arizkuren eta Mikel Otegi, erraterako), gaixotasun psikiko larriak dituztenak (Txus Martin eta Kepa Arronategi) eta esklerosi anizkoitza duen bat, Ibon Fernandez Iradi. Arriskua dela eta, horiek «lehenbailehen» askatzeko eskatu dute.
Gogoratu dutenez, iaz hiru preso ohi zendu ziren eritasun larriengatik espetxetik atera eta denbora gutxira: Oier Gomez, Juan Mari Mariezkurrena eta Jose Angel Otsoa de Eribe. «Gaitzaren lehen fasean askatuak izan balira, euren bizitza esperantza luzatzeko aukera benetakoa izango litzateke», salatu du Arburuak.
Espetxeen trabak eta akatsak
Kartzela «eritasuna sortzen duen lekua» dela nabarmendu du Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak, eta Arburuak zehaztu du azkenaldian «akats edo hutsegite» larriak egin dituztela espetxeetako arta zerbitzuek: kirurgia interbentzioetarako itxaron zerrenda luzeak, ospitaleen eta espetxeen arteko koordinazio falta eta tratamendu akatsak, bertzeak bertze. Zendutako Kepa del Hoyo presoaren kasua azken hilabeteotan argitu dela azaldu dute: zendu baino egun batzuk lehenago bihotzeko arazoen zantzuak izan zituen, baina ez zuten larrialdietara eraman.
Gaixotasun kronikoak dituzten presoak Zaballara mugitzeko eskaera egin du Etxerat-ek, «bertan jasotzen ahal dutelako zainketa eta ospitale arreta egokiena». Hango osasunaren ardura zuzenean Osakidetzak duela zehaztu dute.