'Hiru anaiak' eta 'Rokillo', pinporten iritsierari aurre egiteko prest

Eusko Jaurlaritzak itsasotik pinportak jasotzeko prest utzi ditu ontziak. AZTIk ziurtatu du azken egunetan aurkitutako pinportak ez direla 'Toconao' ontzitik eroritakoak.

ONTZIAK
Ontzietako bat, sareak instalatzen. IREKIA
inaut matauko rada
2024ko urtarrilaren 12a
12:30
Entzun

Galiziako eta Portugalgo kostaren parean izandako ezbeharrak alarma zaharrak piztu ditu berriro. Galiziako hondartzetan plastikozko milaka eta milaka kilo pinporta jasotzen ari dira, eta, Euskal Herriko hondartzetan oraindik Toconao ontziko pinportarik aurkitu ez den arren, erakundeak neurriak hartzen ari dira, plastikozko bolatxorik iritsiko balitz, jasotzeko. Eusko Jaurlaritzak Hiru anaiak eta Rokillo ontziak prest utzi ditu Santurtziko portuan (Bizkaia), sare bereziekin, plastiko zati txiki horiek jasotzeko.

Bi ontziak edozein momentutan itsasora irteteko prest egongo dira. Neuston motako sareak dituzte ontzi biek; oihal «trinko samarrak» dituzten sareak dira, Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, mila mikrako —milimetro bateko— zuloekin. Zientzialariek erabili ohi dituzte halako sareak, itsasoan dagoen zakarraren laginak hartzeko.

Ikusi gehiago

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordeak atzo azaldu zuen plastiko zatiak itsasoan harrapatzea «seguruagoa eta merkeagoa» dela; horregatik utzi dituzte prest bi itsasontziak.

Euskal kostaren egoera

Euskal kostako hondartza eta ibaiertz batzuetan ere topatu dituzte plastikozko pinportak, baina, gaur Oihane Cabezas AZTIko ikerlariak adierazi duenaren arabera, ez dira Toconao ontzitik eroritakoak. Atzo Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak eta Rogelio Pozo AZTI zentroko zuzendariak adierazi zuten aurkitutako pinportak ziurrenik ez zirela Toconao-koak, eta gaur bermatu dute hori bera.

Hala ere, etorkizunean gerta daitekeenerako prest egoteko, AZTIk simulazioak egin ditu, pinporten zabalkundea nolakoa izan daitekeen ikusteko. Pozok atzo azaldu zuenez, ez da espero datozen hiru egunetan pinporta «multzo handiak» iristea Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldera. Gainera, Eusko Jaurlaritzak itsas zabalean esplorazioak egiteko bidali duten ontziak ez du material kutsagarririk atzeman oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.