Espero zena agertu da

Zierbenako Arena hondartzan plastikozko bolatxo batzuk aurkitu dituzte. Gaiker zentro teknologikoak laginak hartu ditu, eta laborategira eraman, Galiziatik iritsi ote diren argitzeko. Beste hainbat hondartza aztertzen ari dira.

Plastikozko bolatxoak gaur goizean, Zierbenako (Bizkaia) Arena hondartzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Zierbena
2024ko urtarrilaren 10a
17:00
Entzun

Esana zuten egun gutxiren buruan agertuko zirela, eta hala izan da. Atzo bertan, plastikozko lehenengo pinportak aurkitu zituzten Zierbenako (Bizkaia) Arena hondartzan. Denak ez dira berdinak: ez tamaina aldetik, ezta kolore aldetik ere. Batzuk horixkagoak dira; beste batzuk, berriz, zuriagoak. Zer esan nahi du horrek? Balitekeela batzuk besteak baino zaharragoak izatea. Hori dela eta, Gaiker zentro teknologikoko kide batzuk hondartzara joan dira: laginak hartu, eta laborategira bidali dituzte, Galiziatik iritsi ote diren ikertzeko.

«Ez da arraroa bolatxoak heldu izana», esan du Erauntsi surf eskolako Floren Islak. Atzo arratsaldean ikusi zituen bolatxoak lehen aldiz: «Goizean begira ibili nintzen, baina ez nuen ezer aurkitu; arratsaldean, itsasbehera zenean, batzuk ikusi nituen hiru metroko eremu batean». Haren ustez, Galizian agertu badira, eta Asturiasen (Espainia) ere bai, pentsatzekoa zen ailegatuko zirela, «Prestige itsasontziaren fuel orbanak» heldu ziren bezala.

Hondartzako izkina batean dauden harrien inguruan dabil Isla. Lurrean zerbait ikusten duen bakoitzean, makurtu, esku artean hartu, eta altxatu egiten da berriro. Izan ere, hain dira txikiak bolatxoak, hurbildu ezean zaila baita horiek eta hondarra desberdintzea. «Pinporta gehienak harrietan geratu dira».

Gaiker zentro teknologiko langileak ere harrien ondoan dabiltza, laginak hartu nahian. Goizane bolatxoak plastikozko poltsatxoetan gordetzen ari da. Laborategietara eramatea da asmoa: «Bolatxoen jatorria aztertu behar dugu, ikertzeko Portugal iparraldeko Viana do Castelo parean eroritako kontainerretik datozen edo ez». Surf eskolako kideek lagundu diete bolatxoak aurkitzen, «korronteak» ondo ezagutzen dituzte eta: «Harkaitzetan daudela aipatu digute, eta hondartzaren eremu hezea eta sikua elkartzen diren tokian». Goizanek azaldu duenez, litekeena da aurkitu duten «galautsa» zaharra izatea. Are, posible da bolatxo bakoitzak eduki desberdina izatea ere.

Arena hondartzako laginak jasota, Bizkaiko beste hondartza batzuetara joan dira Gaiker zentroko langileak. Bolatxoak Zierbenan eta Sopelan agertu direnez, inguruko hondartzetako laginak hartu nahi dituzte: «Saiatuko gara Bakiora eta Plentziara joaten, esaterako». Uste dute analitika «azkar» egingo dutela, eta laster jakingo dutela bolatxo horiek benetan nondik iritsiak diren.

Hondartza garbia

Isla betidanik izan da «oso maniatikoa» plastikoarekin. Hondartzan ikusten duen guztia batu ohi du, eta surf eskolako gazteenekin ere ibili da garbiketak egiten. Are, birziklatu egiten dute: «Surf eskolan arrain bat irudikatu dugu hondartzan jasotako materialarekin». Beti plastikoa jaso badu ere, Islak ez du inoiz horrelako bolatxorik ikusi. Prestige itsasontziaren fuel orbanekin alderatuta, bolatxoak ez dira ia ikusten: «Jendeak ez dezala pentsa orbanak bezala ikusiko dituenik». Islak ondo gogoan du orbanen garai hura: «Garbiketa asko egin behar izan genuen, batez ere harrietan; galipota behean geratzen zen, eta harriak mugitu behar genituen hura garbitzeko; bi aldiz lan gehiago egiten genuen».

Zaila da bolatxoak ikustea, eta zaila da horiek batzea. «Jendeak eremua zapaltzen du, traktoreak harea mugitzen du…». Horregatik, Islak uste du teknikariek «modu tekniko bat» aurkitu behar dutela bolatxoak biltzeko: «Ezin diete herritarrei eskatu bolatxoak batzeko; agian egun batean etor gaitezke gure poltsarekin eta banan-banan batu, baina lan amaiezina da». Islak uste du bolatxoak edonoiz agertuko direla.

Bolatxoak ikustea zailtzen badu ere, traktoreak badu bere alde ona, Sabino Merino herritarraren iritziz: «Egunero pasatzen da traktorea; eta, horrela, hondartza oso garbi egon ohi da». Merinok ez ditu ikusi bolatxoak. Espero zuen Arenara ailegatzea, baina ez hain azkar. «Horrek harritu nau». Behar izatekotan, prest dago garbiketan laguntzeko. «Hau gure herria da eta», dio hondartzari begira.

Juan Jose Etxanizek ere ez ditu plastikozko bolatxoak ikusi, baina beste hainbat gauza bai. Itsasertzean dabil, poltsa bat eskuan. «Begiratzera etorri naiz, asmoa baikenuen boluntario talde bat sortzeko garbiketa lanetarako, baina ez dut ezer ikusi». Besteak beste, drone bat aurkitu du Etxanizek. «Hondartza garbi egoten da normalean; are gehiago, oso garbi dago gaur, plastiko gutxirekin». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.