Euskal presoak

Hiru euskal preso gerturatuko dituzte, eta bat Madrilera lekualdatu

Raul Angel Fuentes Soto del Realgo kartzelara eramango dutela adierazi dute Espainiako Espetxe Erakundeek, eta Iban Apaolaza, Oihane Baquedano eta Aitor Fresnedo, berriz, Logroñokora.

Iruñeako espetxera martxa, Sareren mobilizazio batean. IñIGO URIZ / FOKU
Oihane Puertas ONA
2020ko uztailaren 29a
16:02
Entzun

Espainiako Espetxe Erakundeek Euskal Herrira gerturatuko dituzte Iban Apaolaza, Oihane Baquedano eta Aitor Fresnedo, eta Soto de Realgo (Madril) kartzelara mugituko dute Raul Angel Fuentes. Fuentes Alicante II espetxetik Soto del Realgo kartzelara (Madril) lekualdatuko dute; Apaolaza, Granadatik Logroñora; eta Baquedano eta Fresnedo, Jaenetik Logroñoko espetxera.

Fuentes 2014an sartu zuten kartzelan. 50 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, 1991n Barakaldon (Bizkaia) polizia baten autoan bonba bat jartzen saiatzea leporatuta. 2031ko otsailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.

Apaolaza 2008. urtean espetxeratu zuten, Madrilen 2000ko urtarrilaren 21ean bonba-auto baten bidez egindako atentatuan parte hartzea egotzita. 123 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta kondenaren hiru laurdenak beteko ditu 2033an. Granadako espetxeko tratamendu batzordeak bigarren gradura igarotzea eta Logroñoko espetxera gerturatzea proposatu du.

Baquedano 2002an sartu zuten kartzelan, hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarrita. Legez kontrako elkarteko kide izatea eta lehergailuak eta armak lizentziarik gabe edukitzea leporatu zioten. Zigorraren hiru laurdenak bete zituen 2016ko martxoan.

Fresnedo 1996an espetxeratu zuten, 1995ean Bilboko NANaren bulegoetan atentatu bat egitea egotzita. Atentatuan Espainiako polizia bat hil zen, eta beste bat tetraplegiko geratu. Zigorraren hiru laurdenak bete zituen 2015ean.

PSOE dagoenetik Espainiako Gobernuan —2018ko ekaina—, gaurko hiru horiek eta lehengo asteko beste bi iragarpen gauzatuta, 39 euskal preso hurbildu dituzte eta 12 Euskal Herriratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.