Hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen eta bat Bilbon, indarkeria matxista leporatuta

Gasteizen atxilotutako biri etxebizitza batean bi andreri sexu erasoak egitea egotzi diete, eta hirugarrenari, bikotekideari eraso egitea, kalean. Bilbon, berriz, 41 urteko gizon bat atxilotu dute, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita.

Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratze feminista bat, Gasteizen, iaz. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratze feminista bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2026ko irailaren 22a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen eta bat Bilbon, indarkeria matxista egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, irailaren 1eko gauean, 44 urteko emakume bat eta 31 urteko beste bat Gasteizko erdialdeko kale batean zeuden lo egiteko leku baten bila. Horretan ari zirela, bi gizon hurbildu zitzaizkien, eta beren etxera joatea eskaini zieten. Bi emakumeek gonbidapena onartu zuten, eta, etxebizitzan zeudela, gizonezkoek sexu erasoak egin zizkieten.

Ertzaintzak handik egun batzuetara izan zuen erasoaren berri, Gurutze Gorriko Biktimei Arreta Emateko Zerbitzutik abisua jasota. Ertzaintzak gertatutakoa ikertu zuen, eta emakumeen aurkako erasoak egin zituzten ustezko bi erasotzaileak identifikatu eta atzo atxilotu zituzten. 20 urte ditu batak, 21 besteak, eta aurrekariak dituzte zenbait deliturengatik. 

Bi atxilotuak Gasteizko Guardiako Epaitegiaren aurretik igaro dira gaur.

Horrez gain, atzo iluntzean 36 urteko gizon bat atxilotu zuten udaltzainek, bikotekideari eraso egitea leporatuta. Poliziak dei bat jaso zuen esanez Zaramaga kalean gizon batek emakume bati eraso egin ziola; udaltzainak bertaratu zirenean, gizona identifikatu zuten, eta han bertan atxilotu.

Bilbon, berriz, 41 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Segurtasun Sailak adierazi duenez, Miribillako parkean gertatu zen: gizonak emakumeari ukituak egin zizkion, baita zauriak ere; emakumeak ihes egitea lortu zuen. Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak ikerketa abiatu zuten, gizona atxilotu, eta epailearen esku utzi. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA