Hiru grebalari feminista deklaratzera deitu dituzte, azaroaren 30eko greban izandako protestekin lotuta

Desordena publikoa egozten diete, autobide bat mozteagatik. Azpeitiko epaitegian deklaratuko dute, ekainaren 5ean.

Mugimendu feministak iazko azaroaren 30erako deitu zuen greba orokorraren mobilizazioetako bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE/FOKU
Mugimendu feministak iazko azaroaren 30erako deitu zuen greba orokorraren mobilizazioetako bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE/FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko maiatzaren 29a
20:37
Entzun

Mugimendu feministak iazko azaroaren 30erako deitu zuen greba orokorrean izandako protestak direla-eta, hiru grebalari feministak deklaratzera joateko zitazioak jaso dituzte. Zumaiako mugimendu feministak ohar bidez azaldu duenez, horietako bi greba eguneko mobilizazioetan identifikatu zituen Ertzaintzak, Zumaia eta Zarautz artean (Gipuzkoa) A-8 autobidea moztu zuten goizaldeko ekintzan. Hirugarrena eguerdiko eta iluntzeko mobilizazioetara deitzen zuen informazio orria bidali zuena da.

Hirurak zitatu dituzte ekainaren 5erako, Azpeitiko epaitegian. Desordenarekin lotutako delituak egozten dizkiete. Delitu horiengatik sei hilabete eta hiru urtera arteko espetxe zigorrak aurreikusten ditu legeak.

Urola Kostako koordinakunde feministak elkarretaratze batera deitu du egun horretarako, 09:50ean, epaitegiaren atarian; «grebalariei babesa adierazteko, prozesu judiziala bertan behera utz dezatela eskatzeko, eta, grebaren aldarrietan berretsiz, zaintza sistema publikoaren eta komunitarioaren alde egiteko». Hiru grebalari horien zitazioez gain, salatu dute grebalari «asko» ari direla jasotzen isun administratiboak iazko azaroaren 30eko mobilizazioengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.