Euskal Hirigune Elkargorako lehendakaria hautatzeko zinezko lehia izanen da 2017ko urtarrilean instituzioa sortu zenetik lehen aldiz. Gutxienez hiru hautagai aurkeztuko dira Ipar Euskal Herriko 158 herriko etxeak ordezkatzen dituzten 232 hautetsien aitzinera. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta orain arteko lehendakariaren parean, bi lehiakide berri agertu dira herriko bozen hirugarren itzulirako: Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapez eta EH Baiko kidea, eta Peio Etxeleku Kanboko (Lapurdi) auzapez eta EAJko kidea. Tokian toki hautetsiekin bilkurak egiten hasiak dira hiru hautagaiak. Apirilaren 11n izanen da elkargoko biltzarra.
Hedabideei bidalitako ohar batean jakinarazi du Iriartek lehendakarigai izanen dela. «Hautetsi esperimentatua naiz, eta arras murgildua naiz Euskal Hirigune Elkargoan. Lehendakaritzarako hautagaitza aurkeztea erabaki dut», dio laburki. Heldu den asteartean agerraldia eginen du Hiriburuko mediatekan, lehendakaritzara aurkezteko dituen motibazioak eta kargualdirako «helburu nagusiak eta erronkak» mahaigaineratzeko. Anartean, elkargoko poloen itzulia egiten hasia da Iriart.
Bi itzulitara jokatuko da hautagaien arteko lehia: lehen itzulian bakar batek ere ez badu hautetsien erdia baino gehiagoren babesa jasotzen, bigarren itzulian gehiengoa lortzen duena izendatuko dute lehendakari
Peio Etxeleku ere hasia da harremanak egiten. Mediabasken arabera, Errobiko poloko hautetsiei bidalitako gutun baten bidez jakinarazi zuen lehendakaritzarako hautagaitza aurkezteko asmoa aste hasieran, eta geroztik bilkura bat baino gehiago egiten ari da tokian tokian. Gaur gaurkoz, ez du agerpen publikorik eginen, eta herrietako hautetsiekin elkarrizketak ukatea lehenetsiko du. Hedabide beraren arabera, Etxegaraik ere barnealdeko eta kostaldeko hogei bat hautetsi batu ditu bere inguruan lehendakaritzarako hautagaitza aipatzeko.
Martxoaren 15ean eta 22an iragan ziren herriko bozen ondotik, Euskal Elkargora joanen diren ordezkariak izendatu dituzte herriko etxe bakoitzean: 232 dira orotara. Apirilaren 11an bilduko dira lehen aldiz, Baionako Arteen Hirian. Herriko hauteskundeetan bezala, bi itzulitara jokatuko da hautagaien arteko lehia: lehen itzulian bakar batek ere ez badu hautetsien erdia baino gehiagoren babesa jasotzen, bigarren itzulian gehiengoa lortzen duena izendatuko dute lehendakari.
Ondoko elkargoko biltzarra apirilaren 24an izanen da. Egun horretan izendatuko dituzte elkargoko lehendakariordeak, poloetako erreferenteak eta batzorde iraunkorrean parte hartuko duten hautetsiak.
Proiektuen eztabaida
2017ko urtarrilean sortu zen Euskal Hirigune Elkargoa. Ipar Euskal Herria bere osotasunean hartzen zuen lehen instituzio politikoa zen, eta dena zegoen eraikitzeko. Hala, aitzineko urteetan Ipar Euskal Herriaren instituzio aitortzaren alde lehen lerroan aritu zen Etxegarairen figura onetsi zuen hautetsien gehiengo batek erakunde berriaren gidaritzarako. Zentro eskuineko politikaria bateratzaile gisa agertzen zen orduan; ezker eskuin, abertzale ez-abertzale, barnealde kostalde artean bateratzaile. Hautetsien artean kohesioa bilatu eta elkargoaren eraikuntzan kontsentsuak lortzeko funtzioa eman zioten. Pitzadura batzuk agertu baziren ere, garraio zergaren inguruan erraterako, hautetsien arteko batasun zabalak irudikatu zuen lehen agintaldia.
Ikusi gehiago
2020ko hauteskundeen ondotik, Iriart prest agertu zen lehendakarigai izateko, baina EH Baik bidea moztu zion, eta Etxegarairen figurarekin segitzea lehenetsi zuten ezkerreko abertzaleek. Azkenerako, Baionako auzapeza izan zen hautagai bakarra. Haatik, elkargoko bigarren agintaldiak berrikuntza bat ekarri zuen, hautetsi batzuk talde politikotan bildu baitziren lehen aldiz 2022ko udazkenean. Ezkerreko abertzaleek Bil Gaiten taldea bultzatu zuten, baina EH Baiko hautetsi batzuek ez parte hartzea erabaki zuten, hala nola, Daniel Olzomendik, Antton Kurutxarrik eta Eneko Aldanak —elkargoko exekutiboan ardurak zituzten hirurek—. Etxelekuk bere aldetik Elkarrekin Herriarentzat taldea bultzatu zuen, besteak beste, elkargoaren kudeaketan barnealdearen eta kostaldearen artean desorekak ikusten zituzten herri txikieb ordezkaritza bere eginez. Bi talde politiko hauek ez dute lortu elkargoan Etxegaraik zuen gehiengoa zalantzan ematen, baina agerian eman dituzte politika publikoen kudeaketa, fiskalitatea eta gobernantzari buruzko hainbat zalantza.
Elkargoaren hirugarren agintaldia proiektuen arteko eztabaidarekin hasiko da beraz. Hautagai bakoitzak aukera izanen du gainerako hautetsiei bere ikuspegiak azaltzeko, lurralde proiektuari buruz, finantzei eta fiskalitateari buruz, eta gobernantzari buruz. Ipar Euskal Herriak ondoko urteetarako dituen erronkak ere mahai gainean jartzeko momentua izanen da. Ikusteko dago elkarrizketa horien ondotik zein izanen den gehien bateratzeko gai izanen den figura.