Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Haritu Etxebizitza Sindikatuak eta Berriozarko (Nafarroa) Hipotekak Kalteturikoen Plataformak (PAH) jakinarazi dutenez, hiru kide deitu dituzte deklaratzera Burlatako (Nafarroa) etxegabetze baten harira. Datorren asteazkenean deklaratu beharko dute, eta «desobedientzia», «lesio delituak» eta «agintaritzari aurre egitea» egozten diete. Iazko urriaren 9an izan zen etxegabetzea.
Hiru eragileek gaur eman dute horren berri, prentsa ohar baten bidez, eta salatu dute hilabeteotan sindikatuetako kideek «errepresio gogorra» jasan dutela. Haien arabera, Espainiako Poliziak zenbait kide identifikatu zituen etxegabetzearen egunean, baita horietako batzuk «lurraren kontra» atxiki ere, eta hamazazpi laguni isunak jarri zizkien; denera, 12.400 euro artekoak. «Neurri horien helburua antolakuntza eta borroka kriminalizatzea da, eta jabetza pribatua defendatzea pertsonen oinarrizko eskubideen gainetik», gehitu dute.
Oraingoa ez da etxegabetze baten harira sindikatuetako kideek jasaten duten aurreneko neurria; kontrara, eragileek salatu dute «gero eta oztopo gehiago» dituztela beren jarduna antolatzeko. Adibide gisa aipatu dituzte, besteak beste, data zehatzik gabeko etxegabetzeak, kalea etxegabetzerako ezarritako ordua baino lehen hustea, eta droneak erabiltzea. Sindikatuen arabera, ekintza horiek guztiak beren «eskubide politikoen kontrako eraso zuzenak» dira.
Bide korapilatsua
Berriozarko PAHk, Haritu Etxebizitza Sindikatuak eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak joan den irailean salatu zuten kide bat eta haren adin txikiko hiru seme-alabak etxegabetze arriskuan zeudela Burlatan. Eragileek azaldu dutenez, familia «legez kanpoko azpierrentamenduaren biktima» izan zen, eta prest zegoen etxebizitza uzteko, ez baitzituen bizigarritasun baldintzak betetzen. Halere, «inolako alternatibarik gabe» iritsi ziren etxegabetze egunera; alegia, urriaren 9ra. Espainiako Poliziak «bortizkeriaz» gauzatu zuen etxegabetzea.
Hiru eragileen arabera, Burlatako Udalak esan zuen familiari ostatu emateko «plan bat» zuela, baina familiak ez zuen haren berririk etxegabetzea gauzatu zen arte. Sei hilabetez bizi izan ziren hotel batean, behin-behinean. Oharrean kontatu dutenez, martxoan beste etxe bat lortu zuten «kolektibo antolatuei» esker.
Hala, oztopoak oztopo, etxegabetzeei aurre egiteko «antolatzen eta borrokan» jarraituko dutela nabarmendu dute hiru mugimenduek. Deklaratzera deitutako hiru kideei elkartasuna eta babesa adierazteko, berriz, elkarretaratze bat egingo dute hilaren 17an, 09:15ean, Iruñeko epaitegien aurrean.