Hiru peoi funtzional estatuaren zerbitzura

Victor Manuel Arbeloa, Jaime Ignacio del Burgo eta Jesus Aizpun politikari nafarrek rol garrantzitsua jokatu zuten Nafarroan trantsizio garaian. 'Tres tristes trileros' liburuak hiru pertsona horiek aztertu ditu, eta atzean ezkutatzen dituzten kontraesanak azaleratu, orduan egindako iruzurra salatu nahirik.

Patxi Zabaleta eta Floren Aoiz, Zabaletak Iruñean duen bulegoan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2016ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Telesforo Monzonek ohartarazi zuen trantsizioan estatuak erabilitako estrategiaz: «Ez gaitezen inozoak izan. Arbolek ez diezagutela basoa ikustea eragotz. Ez datza Gipuzkoan Euskal Herriaren aurkako indarkeria handiena. Nafarroaren inguruan datza. Estrategia argia da, euskal nazioa haustea, zati bakoitza norabide desberdinetan aterako den eta pitxerra berreraikitzea ezinezkoa egingo den itxaropenez». Agidanez, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bide bat eta Nafarroak beste bat hartu zuten, eta, Euskal Herriko historia garaikidearen bidegurutze erabakigarri horretan, rol garrantzitsua jokatu zuten hiru politikari nafarrek: Victor Manuel Arbeloak, Jaime Ignacio Del Burgok eta Jesus Aizpunek.

Jose Mari Esparzak, Floren Aoizek eta Patxi Zabaletak, hurrenez, hurren, hiru pertsona horiek aztertu dituzte Txalapartak argitaratutako Tres tristes trileros liburuan (euskaraz, hiru iruzurti ilun): «Nabarrismoaren sena eta itxuraz ideia indartsuak aztertzeko aukera izan dugu, eta erakutsi dugu haren eledunek erabilitako argudioak kontraesanez beteak eta funtsik gabeak direla», nabarmendu du Zabaletak. Horregatik, haren ustez, hiru pertsonek merezi dute barregarri geratzea, bere ibilbide politikoan defenditutako ideiak irrigarriak eta gezurrezkoak direla erakusteko. «Seriotasun itxura ematen dute, baina atzean ez dago halakorik».

Liburuak interes berezia duela-eta, BERRIAk Floren Aoizekin eta Patxi Zabaletarekin hitz egin du—Josemari Esparzaren kasuan, liburuaren aurkezpenean adierazitakoa aintzat hartu da—. Aoizen iritziz, liburua testuinguru berezian dator, «Nafarroa foral, espainiar eta antieuskaldun delako horrek lehen aldiz nagusitasun instituzionala galdu baitu».

NABARRISMOA

Nafarroaren izaera euskalduna etengabe ukatzen dute egun eskuinak zein PSNk. Haatik, ez zen beti horrela izan. Lasai asko hitz egiten zuten Euskal Herriaz duela ehun urte orduko alderdi guztiek, baita eskuinekoek ere. Diario de Navarra kazetak ere berezkotzat jotzen zuen euskal kultura. Hortaz, noiz gertatu zen haustura hori,eta zergatik?

Zabaletaren arabera, iragan mendeko lehen bi herenak hartu zituen prozesu luze baten emaitzaizan zen. Karlistek, abertzaleek eta katolikoek koalizioa osatu zuten 1920ko hamarkadaren hasiera aldean, Primo de Riveraren diktadura aurretik, eta estatuak hura haustea erabaki zuen. «Prozesu luze hark baditu hainbat egile eta eragile, eta horietako bat da Raimundo Garcia Garcilaso», dio Zabaletak. 1912tik 50 urtez Diario de Navarra-ren zuzendari izan zen, besteak beste: «Koalizio hori eta [Errepublika garaiko] euskal estatutua haustea zuen helburu. Beti hor zegoen, zerbitzu sekretuen esanetara». Ezaguna da, gainera, Garcilaso-k rol erabakigarria jokatu zuela 36ko gerrako altxamenduan, Emilio Mola jeneralaren zerbitzura lan eginez.

Aoizen ustez, Nafarroako eskuinaren izaera euskaldunarekiko haustura ez da behar beste ikertu. «Nabarrismoa eraikuntza politikoa da. Noizbait, eskuinarentzat, Euskal Herriaren eskala ez da funtzionala. Behar dituzte beste aliatuak eta erreferentziak. Planteamendua ez da beste euskal eliteekin bat egitea Madrilen aurka, baizik eta Madrilekin bat egitea sozialismoaren eta nazionalismoaren aurka». Horrez gain, Bizkaiko industriaren bultzadak Nafarroako eliteak atzean utziko zituen beldurrez ere etorri zen haustura.

Mugimendu hark hasieratik kontraesanak eragin zituen. Floren Aoizek dioenez, Ignacio Baleztena buruzagi karlistak hasieran ez zuen ulertu Diario de Navarra nolatan utzi zion «txistua goraipatzeari» eta nolatan hai zen «txistua gorrotatzen». Belaunaldi bat geroago, frankismo betean, haustura hura trinkotu egin zen, eta joera horretan sakondu zuten liburuko hiru pertsona horiek.

AITAREN ITZALA

Hirurek familia eskuinekoa zuten, eta, hirurentzat, aitaren figurak pisu berezia izan zuen. Akaso, Arbeloaren kasua da bereziena, Mateo Arbeloa aita 26 urterekin hil baitzen gerran, Bilbon.

Jaime Ignacio del Burgoren aitak, Jaime del Burgok, karlismoak izandako faxistizazioa-n eragin zuzena izan zuen. 36ko altxamenduan ere esku hartu zuen; Mussoliniren erregimenarekin izan zituen harremanak; eta irabazleen aldeko historiaren interpretazioa egin zuen gerora. Floren Aoizekzorrotz jokatu nahi izan du, ordea, errealitate horren inguruan. «Ez zait bidezkoa iruditzen batzuetan egiten den sinplismoa: noren seme zaren, haren ezpalekoa. Uste horren arabera, mundua ez zen inoiz aldatuko». Aitzitik, Aoizen ustez, garrantzi handiagoa du ondare horrekin zer egiten duen norberak. Del Burgori berezitasun batzuk ikusten dizkio. «Batetik, bere aitaren memoriaren eta figura politikoaren defentsa sutsua egin duelako; bestetik, baliatu du bere figura bere promoziorako».

Dena den, hiruren artean, pisu politiko handieneko figura izan zen Jesus Aizpunen aita, Rafael Aizpun. Errepublikan, Union Navarra sortu zuen, eta CEDA eskuinaren koalizioko idazkari nagusi izan zen. Gerran, familiarekin erbesteratu zen, eta berriz itzuli. «Bidaia arraroa izan zen. Zergatik erbesteratu eta itzuli ziren? Nork daki», dio Zabaletak. Diktaduran eraso egin zieten aizpundarrei, baina ezaugarri bat antzeman dio aitari: «Erdi oposizio duina baina xumea egin zuen aitak; baina sekula ez semeak», gaineratu du.

FRANKISMOAREN ARRASTOA

Horixe da Aizpunen ezaugarri nagusia: inoiz ez zen azaldu frankismoaren aurka. Izan ere, harenkasuan, aitaren itzalak baino garrantzi handiagoa du familia politikoak. Felix Huarte enpresaburuaren seme Feliperekin ezkondu zitzaion arreba, eta Jesus zein Rafael Aizpun anaiak huartetarren enpresa sareko hainbat administrazio kontseiluetan zeuden. Horrez gain, garai hartako hainbat bankutako kontseilari ziren bi anaiak, eta, Zabaletaren arabera, Aizpunek horri guztiari eustea zuen helburu. «Diktadura osteko erreformaren iruzur sakonena izan zen, hain zuzen, frankismoko egitura sozioekonomiko guztiari eutsi nahi izatea. Horretarako peoiak izan ziren hiru horiek. Zein zen Huarte familiaren helburua? Haren taldeak ez izatea inolako azterketarik». Hartara, Aizpunek trantsizioan politikara jauzi egin zuen, interes horien defendatzaile gisa.

Larraona ikastetxean 1976an emandako hitzaldi batean jarri ohi du Del Burgok haren ibilbide politikoaren abiapuntua. «Hori gezurra da». Aoizen ustez, aurretik diktadurarekin izan zuen lotura oro ezabatu nahi izan du Del Burgok, baina bere aitaren zein garaiko itzal handiko pertsonen eraginaz baliatu zen kargu esanguratsuak lortzeko: «Izugarrizko harremanak zituen, eta haren ekosistema ez zen oposizioarena, frankismoarena baizik», dio.

Arbeloak apaiz ikasketak egin zituen, eta diktaduraren hondarrean, Nafarroan alderdi sozialista egituratzeko bileretan azaldu zen. Haatik, Zabaletak zalantzan jartzen du sozialistek urte haietan jokatutako funtzioa. «Hemen, frankismoaren aurkako borrokan, ez zen egon sozialistarik». Trantsizioan azaleratu ziren sozialista batzuei ere susmoa hartu zien. Han zeuden Julio Asiain politikari frankistaren semeak. EdoArbeloa bera. Nahiz eta garai hartan, Hego Euskal Herriko lau lurraldeen batasuna eta euskara defenditu, Esparzaren arabera, Troiako zaldia zen.

TRANTSIZIOAREN IRUZURRA

Hiru protagonistek funtzio erabakigarria jokatu zuten trantsizioan, diktadura osteko urte nahasietan Nafarroak har zezakeen norabidearen inguruan. «Iruzurra izan zen trantsizioa Nafarroan», laburbildu du Aoizek. Horrek ez du esan nahi Arbeloak, Aizpunek edo Del Burgok erabaki zutela haren patuari buruz. «Hirurek dute ezaugarri komun bat: funtzionaltasuna. Sinetsarazi nahi izan digute beren meritu eta distiragatik izan zela, baina eurak funtzionalak izan ziren». Aoizen arabera, azkenean estatuak bultzatu zuen frankismoaren erreforma eredua eta Hegoaldeko lau lurraldeen arteko instituzio bateraturik ez izatea, eta haren zerbitzura egon ziren hirurak: «Norbaitek benetan sinesten du estatua atzean izan gabe inportanteak izango zirela?», galdetu du Aoizek.

Aizpunek, interes ekonomikoen defentsan, oso sutsu jo zuen Euskal Herriko lau lurraldeen arteko batasunaren aurka. Bide horrek aurrera egin izan balu, indarkeriaren erabilera zilegitzat jotzera ailegatuko zen. 1979 hasieran UCDtik botatzear zutenean, lagun batzuekin notarioarengana jo, eta Union del Pueblo Navarro alderdia sortu zuen. « Zubiaurrek kontatzen du notarioaren aurrean idatzi zuela berak UPNren ideiak. Ikusten duzu, beraz, zer intelektualtasun maila. Bi urteren buruan, kongresu bat egin zuten, eta behin galdetu nien UPNko arduradunei ea lehen kongresuko paperik baduten. 'Norbaitek badu zerbait', erantzun zidaten. Horrek esan nahi du ez dutela deus!», dio Zabaletak.

Aoizen arabera, hori da eskuinaren ezaugarria: «Izugarrizko pobrezia intelektuala dago. Funtzionatu die, baina, nortasun politiko eta ideologiko hori hegemonikoa izan den arren, azken 40 urteetan produkzio akademiko eskasa izan du». Del Burgoren kasuan deigarria da maiz bere ekarpena goraipatu izan delako. «Foru Hobekuntza estatuaren operazioa izan zen, eta hori ez zen Nafarroatik egin. Hark eskaini zuen kontakizun bat hori justifikatzeko. Eliteei eta estatuari interesatzen zitzaien, baina ez zen benetakoa», dio Aoizek

Kontakizun horretan, demokraziaren izenean erreferendumik ez egitearen alde ere agertu ziren hala Aizpun nola Del Burgo. Haatik, urte batzuk lehenago biek ala biek nafarren erabakitzeko eskubidearen alde egin zuten. «Kontraesana agerikoa da», dio Zabaletak. «Aizpunen kasuan beldurrari erantzuten zion. 1978an egindako hitzaldi batean, nafarren erabaki ahalmena babestu zuen, euskaldun guztien erabakitzeko eskubidea zela-etanafarrak gutxiengoan gerazitezkeelako. Baina autonomia eratu zenean, orduan kontrakoa esan zuen: orain ez dute nafarrek erabakitzen, Espainiak baizik. Antikonstituzionala izateari utzi, eta ultrakonstituzionalista bilakatuzen».

PSN-REN ALDAKETA

XX. mendearen lehen erdialdean eskuinari gertatu bezala, alderdi sozialista 1980ko hamarkada hasieran lerratu zen lau lurraldeen arteko batasuna eta Nafarroaren euskal izaera ukatzearen aldera. «Oso prozesu bizkorra izan zen, ez zen pixkanakakoa izan. Oso traumatikoa izan zen, eta batzuk ohartarazi zuten atzo gauza bat ziotela eta bihar bestea», aipatu du Aoizek.

Libururako, Josemari Esparzak garai hartako alderdi sozialistaren aktak lortu ditu, eta orduan islatu ziren barne tentsioak. Alta, Arbeloa izan zen mugimendu aldaketari apaindura ideologikoa eman ziona: «Arbeloaren ustez, EAJri mesede bat egiteagatik egin zen euskaltzale PSOE 1977an; baina, tradizionalki, Euskal Herriaren batasunaren aurka zeuden sozialistak. Hori esatea astakeria galanta da. 1970era arte, Errepublikan zein erbestean sozialistek hartutako erabakiak ez zituen aintzat hartu». Esparzaren ustez, iruzur ideologiko hori egin ostean, 80ko urteetan besarkatu zuen PSNk ustelkeria ekonomikoa.

Aoizen arabera, ez da kasualitatea. «PSOEk ulertu zuen ez estatuak, ez militarrek ez eta eliteek ere ez zutela onartzen lau lurraldeen arteko batasuna. Gora egin nahi bazuten aldatu beharra zuten. Denborak erakutsi zuen esker on giroa sortu zela eskuinarekin eta giro hartan piztu zen ustelkeria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.