Prostituzioan aritzera behartutako hamabi emakume askatu dituzte

Hiru pertsona atxilotu dituzte Bilbon egindako operazio batean. «Egoera zaurgarrian» zeuden emakumeak aurkitzen zituzten Kolonbian, eta promes egiten zieten ondo ordaindutako lanak eta laguntza ekonomikoak izango zituztela.

Euskal Herrian atzemandako sexu esplotazio sarea salatzeko Itaiak antolatutako mobilizazio bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskal Herrian atzemandako sexu esplotazio sarea salatzeko Itaiak antolatutako mobilizazio bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko ekainaren 24a
14:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Prostituzioan aritzera behartutako hamabi emakume askatu ditu Espainiako Poliziak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egindako operazio batean. Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, operazioa zabalagoa izan da, eta, Hego Euskal Herrian ez ezik, Espainian ere hainbat emakume utzi dituzte aske: guztira, hemezortzi. Halaber, Poliziak bost pertsona atxilotu ditu: horietako hiru Bilbon, eta bi Gijonen (Espainia). Bost horietatik bi espetxean sartu dituzte behin-behinean. 

Ikerketa 2024ko irailean hasi zen: emakume batek Poliziari adierazi zion Kolonbiatik Santanderrera (Espainia) joateko engainatu zutela, eta sexu esplotazioa jasan zuela. Aitortza hori abiapuntu hartuta, ikerketa zabalago bat egiten hasi ziren, eta, horri esker, talde antolatu bat zegoela jakin zuten. Hasieran bost pertsonaz osatutako talde bat zen, eta, gerora, talde hori hiru zati independentetan banatu zen. Bakoitzak bere aldetik delituak egiten jarraitu zuen, nahiz eta elkarlanean ere aritzen ziren. 

Leku batetik bestera mugitzen ziren, eta denbora gutxirako izango ziren pisuak alokatzen zituzten: Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Coruñan (Galizia) eta Espainiako zenbait hiritan —Santanderren, Oviedon, Gijonen, Burgosen, Leonen eta Ponferradan—.

Biktima ahulak 

Talde kriminaleko buruak Kolonbian aurkitzen zituen biktimak, egoera oso ahulean zeudelarik denak ere, Poliziak adierazi duenez. Ondo ordaindutako lanak eta laguntza ekonomikoak izango zituztela esaten zieten, eta, biktimek onartu ondoren, Espainiara joateko hegazkin txartelak eta mugako kontrola pasatzeko diru kopuru bat ematen zizkien. 

Espainiara iristean, emakumeek jarraibideak jasotzen zituzten ondoren esplotatuak izango ziren hirietara joateko. Bertan, pasaportea kendu eta taldeari dirua zor ziotela esaten zieten: 3.000 eta 4.500 euro artekoa izan ohi zen kopurua, baina biktimetako batek 8.000 euro ere ordaindu zituen. Diru hori ordaintzeko, prostituzioan aritzera behartzen zituzten.

Emakumeek lan egiteko prest egon behar zuten 24 orduz, uko egiteko aukerarik gabe. Ikerketak dioenez, biktimek eraso fisikoak egiten zizkieten lan egiteari uko egiten ziotenean, nahiz eta osasun arrazoiengatik izan. Gainera, talde kriminalak drogak kontsumitzera behartzen zituen biktimak, sexu zerbitzuak luzeago emateko. 

Sareak, halaber, biktimak beren izenean banku kontuak irekitzera behartzen zituen, dirua ezkutuan mugitzeko. Zazpi etxebizitza ikertu zituen Poliziak, eta adierazi dute haietan 12.245 euro eta erasotzaileak «inkriminatzen» zituzten dokumentuak bildu dituztela. Horretaz gain, sexu esplotaziotik lortutako etekinak bideratzeko erabilitako hamar banku kontu blokeatu dituzte. 

Operazioa Ertzaintzarekin

Lehen operatiboaren egun berean, Espainiako Poliziak, Ertzaintzarekin batera, beste operazio bat egin zuen, sexu esplotaziorako pertsonen salerosketan ziharduen beste sare kriminal bat desegiteko.

Talde horrek hainbat hiritan jarduten zuen. Hego Euskal Herrian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, eta Irunen (Gipuzkoa) atzeman zuten sarea; Herrialde Katalanetan, Figueresen; eta Espainian beste hiru hiritan: Zaragozan, Santanderren eta Logroñon. Delitugileek Brasilen harrapatzen zituzten biktimak, eta zorrak ordaintzeko prostituzioan oso baldintza gogorretan aritzera behartzen zituzten.

Operazio horren bidez, bederatzi emakume askatu eta 21 pertsona atxilotu zituzten hainbat hiritan: Hego Euskal Herrian hamalau, Herrialde Katalanetan hiru, eta Espainian lau. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.