Hiru pertsona atxilotu dituzte Ingalaterran ETAkoak direlakoan

ETAkoak izatea egotzita, estradizio epaiketa egingo diete Iñigo Albisuri, Ana Lopezi eta Zigor Ruizi

Erredakzioa
2007ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Poliziak hiru euskal gazte atxilotu zituen atzo Sheffielden (Ingalaterrako iparraldea), ETAkoak izatea egotzita, eta behin-behinean espetxeratzeko agindu zuen epaileak Westminsterreko Auzitegian, Londresen, atzo bertan. Iñigo Albisu Hernandez, Ana Lopez Monje eta Zigor Ruiz Jaso dira atxilotuak, Espainiako polizia iturriek jakinarazi dutenez. Datorren asteartean estradizio epaiketa egingo diete, iturri judizialen arabera.

Santanderrera (Espainia) joateko ferria hartzera zihoazela atxilotu zituzten hiru gazteak atzo eguerdian, polizi iturrien arabera.Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen euroagindu baten ondorioz atzeman dituzte, Erresuma Batuko Poliziak Guardia Zibilarekin elkarlanean burututako ikerketaren barnean. Hain justu, South Yorkshire-ko polizia eta Leeds-eko Terrorismoaren aurkako Unitatearen laguntzazatxilotu dituzte.

Poliziak albiste agentziei adierazi dienez, Guardia Zibilak iragan martxoaren 28an abiatutako polizia operazioaren ondorioz egindako atxiloketak dira. Iturri horien arabera, Donostia komandoa-ren aurka egindako sarekada zabaletik ihes egin zuten Albisuk, Lopezek eta Ruizek. Operazio hartan hamaika pertsona atxilotu zituzten, eta horietako hamarrek, torturak pairatu zituztela salatu zuten. Polizia operazioa zabalik dagoela eta pertsona gehiago atxilotu ditzaketela adierazi dute ikerketako iturriek.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak premiazko erreguzko mandatua kaleratzeko eskatu dio Garzoni, Ingalaterrara joan eta atxilotuak galdekatu ahal izateko.



MOBILIZAZIOAK. Atxiloketok salatzeko Askatasunak deituta mobilizazioak egin ziren atzo Euskal Herriko hainbat tokitan. Besteak beste, Iruñeko Errotxapean bilera informatiboa egin zuten iluntzean, Zigor Ruiz Iruñeko auzo horretako bizilaguna baita.

Donostiako Parte Zaharrean, berriz, manifestazioa egin zuten atzo iluntzean, Iñigo Albisua bertakoa baita. Gaur, 20:00etan, batzarra egingo dute Donostiako Konstituzio plazan, atzoko atxiloketak direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.