Bilboko bi udaltzainek kaleko saltzaile bat atxilotzea eragozteko asmoz, emakume batek esku hartu zuen haren defentsan 2023ko abuztuaren 9an. Bi urte geroago, ekainaren 3an egingo da haren kontrako epaiketa, Bilboko 3. Zigor Epaitegian, eta udaltzain haietako batek aurkeztutako akusazioak hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra eskatu du emakumearentzat, lesio eta atentatu delituak egotzita. Fiskalak, berriz, urtebetekoa.
Bilboko Kale Nagusian jazo zen, 20:45 aldera. Bi udaltzain autotik atera eta kaleko saltzaileengana joan ziren. Gehienek ihes egin zuten, bik izan ezik. Udaltzainetako baten bertsioaren arabera, haietako bat identifikatzeko asmoz, polizietako batek poltsa hartu zion saltzaileari, eta hark kolpe bat eman zion bularrean. Argudiatu zuen horregatik ekin ziotela hura atxilotzeari.
Gertatzen ari zenak inguruan ziren zenbait herritar asaldatu zituen, eta saltzailea bakean uzteko eskatu zuten. Udaltzainak El Correo-ri esandakoaren arabera, zenbait herritarrek agenteak iraindu zituzten, eta heldu egin zieten, saltzailea atxiki ez zezaten. Haren hitzetan, orduan, kaleko saltzailea eta agente bat borrokan ari zirela, agentea lurrera erori zen, eta oinezko batek ostiko bat eman zion buruan. Horren ondorioz Basurtuko ospitalera eraman behar izan zutela adierazi zuten, burezurreko traumatismoa eragin ziolako.
Sare sozialetan zabaldu zen bideo batek, ordea, zalantzan jarri zuen bertsio hura. Irudietan, kaleko saltzaile bat ageri da lurrean etzanda, eta udaltzain bat haren gainean dago. Beste udaltzaina, berriz, kontuak eskatzen ari zaie herritarrei; hiru lagun ageri dira udaltzainei kontra egiten. Momentu batean, emakume batek hanka altxatzen du saltzailearen gainean jarrita dagoen udaltzainarengana. Ez dio, ordea, ostikorik ematen; are gutxiago buruan. Mugimenduaren eraginez, lurrean dagoen udaltzainak oreka galtzen du, eta kaleko saltzaileak hori baliatzen du udaltzainaren gainean jarri eta askatzeko. Hala, ikusten da korrika ihes egin zuen.
Horren ostean, lurrean zen udaltzain hark, altxatu, eta lepotik heldu zion emakumeari. Bideoan indarka ageri dira biak, eta, azkenean, andrea besoetatik harrapatu eta ibilgailura eraman zuten bi agenteen artean. Atxilotu egin zuten.