Baionako auzitegian epaitu zuten gizona, atzo. Iragan irailaren 19an, Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan preso zegoen, eta su eman zion bere gelari. Ospitalera eraman behar izan zuten, larri, eta harekin batera beste gizon bat ere bai, kea arnasteagatik. Prokuradoreak bi urteko presondegi zigorra ezartzeko galdeginik ere, epaileak hiru urteko zigorra ezarri dio. Gainera, 10 urtez Frantziako Estatuan ibiltzeko debekua izanen du, eta parte zibil gisa plantatu ziren Frantziako lau poliziei, guztira, 3.500 euroren kalte ordainak eman beharko dizkie.
Haren abokatuaren hitzetan, «neurriz kanpoko zigorra da», bezeroa «guztiz etsitua» baitzen atxikitze zentroan. Epaileak argudiatu du ez dela haren lehen delitua izan: aurretik presondegian egona zen indarkeria matxistagatik, Bordelen (Okzitania).
Sutea gertatu zenean, Hendaiako atxikitze zentroa ebakuatu zuten, eta hetsirik egon zen zenbait astez. Zentroa hesteko galdetu zuen orduan errefuxiatuen defentsarako abokatu elkarteak, baina Paueko auzitegi administratiboak atzera bota zuen eskaera. Sutea gertatu zenean gakoturik zen gizon batek BERRIAri kontatu zion baldintza gogorretan gertatu zela ebakuazioa.