Sexu ukipenak ez ezik, bortxaketa bat ere egozten diote Stephane Lemouneau pilotari ohi eta kart gidariari. Hain zuzen ere, Beskoitzeko (Lapurdi) kart gunearen ardura hartu zuen kirolari profesional izateari utzi ondoan: atzo Baionako auzitegiko barrara hurbildu ziren sei biktimen artean, bost adingabeak ziren salatu dituzten erasoak gertatu zirenean; azkenak, berriz, 18 urte bete berri zituen. Akusatuak gertakari guziak ukatu ditu, eta hobengabetzea galdegin. Prokuradoreak, haatik, hiru urteko kartzela zigorra eskatu du. Epaimahai kideek azaroaren 17an emanen dute deliberoa.
«Egotziak zaizkidan guziak ukatzen ditut», baieztatu zuen Lemouneauk atzo, Baionako auzitegiko barran mintzatzeko aldia heldu zitzaiolarik. Dosierra «lausoegia» da haren abokatuaren ustez, auzi saioan hor ziren bost biktimen artean hiruk baizik ez baitute horien erasotzailea argiki identifikatu, eta, «kolaboratzaile» bat ere izan zitekeelako erasotzailea. Zehaztu behar da sei biktimetarik bost adingabeak zirela —10 eta 13 urte artekoak— egotzitako gertakarien denboran.
Hain zuzen ere, bortxaketa jasan izana salatzen duen 18 urteko neskak 10 urte zituen erasoaren garaian. Familiarekin kart saio bat egitera joan ziren, neguko bakantzen denboran Angeluko barran (Lapurdi) instalatu zuten aldi baterako kart gunera. Orduan gizona kart bazterrean jarri zen neskatilaren ondoan, haren laguntzeko asmoz. Kart autoa aitzina ari zela, sexua ferekatu zion lehenik, eta eskuzko penetrazioa inposatu. Gauak ilundu zuen jadanik, eta atzo, barran, emazteak ezin izan zuen akusatua identifikatu. Gogoan du «ile beltza» zuela.
Beste hiru biktimak bai, gizona ezagutu dute argiki, erredura orbain bat duelako matela gainean, «markagarria» izan zitzaiena oraino haurrak zirelarik. Lehen biktimaren antzeko gertakariak salatu dituzte, betiere gizonak kart bazterrean gidatzen «laguntzeko» jartzeko zuen jarrera horri erreferentzia eginez. Bata bestearen ondotik mintzatu dira, baina denek erasoei lotutako «traumatismoak» aipatu dituzte.
Fiskaltzak hiru urteko kartzela zigorra galdegin du gizonaren kontra, ez baitu gertakari bakar baten onartzeko posturarik agertu. Hiru urteez gain, gibelapenezko beste bi galdegin dituzte, baita haren izena sexu indarkeria egileen dosierrean sartzea ere.

