'Altsasu auzia'

Hirugarren gradua eman diete 'Altsasu auziko' bi gazteri, zigorraren laurden bat bete dutenean

Zaballako espetxeak gradua aldatu die Iñaki Abadi eta Aratz Urrizolari, eta egunero atera ahal izango dira espetxetik. Asteartean hartu zuen erabakia espetxeko zuzendaritzak, tratamendu batzordearen proposamena aztertu ondoren. Oraindik ez dago argi zein izango den prozedura, baina, hainbat iturriren arabera, ostiralean itzul daitezke herrira.

Altsasuko gazteentzako justizia eskatzeko bizikleta martxa, urrian, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
2019ko abenduaren 18a
12:52
Entzun

Zaballako espetxeko iturriek gaur goizean baieztatu dutenez, Altsasu auziko bi gazte hirugarren gradura aldatzera onartu du. Asteartean hartu zuen erabakia, tratamentu batzordearen proposamen hori aztertu ondoren. Iñaki Abad eta Aratz Urrizola dira bi gazte horiek, eta zigorraren laurden bat bete dutela eta aldatuko dituzte graduz. Zaballako espetxeak oraindik ez du osatu gradua aldatzeko plan zehatza, baina iturri horiek EFE albiste agentziari adierazi diotenez, bi gazteek egunero atera ahal izango dute espetxetik lana egiteko edo formatzeko.

Espetxe zigorrik txikienak jaso zituzten auzipetuak dira Abad eta Urrizola. Abadi hiru urte eta erdiko kondena jarri zioten, eta Urrizolari, lau urte eta bi hilabetekoa. Ia bi urte daramate kartzelan; egun Zaballan daude (Araba). Beste bost gazteak zazpi urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko zigorrak betetzen ari dira.

Komunikabide batzuen arabera, gazteek ahoz jaso dute jakinarazpena, eta, gradu aldaketarekin batera, adierazi diete agian ostiralean atera ahal izango direla kartzelatik. Altsasuko auzipetuen gurasoek esan dute ez dutela informazio gehiagorik: Abaden eta Urrizolaren gurasoei adierazi diete beren semeak kartzelatik irteten hasiko direla; besterik ez, oraingoz.

Espainiako Auzitegi Gorenak urrian ebatzi zuen Altsasuko auzian kartzelan zeuden zazpi gazteek preso segitu beharko zutela, espetxe zigor urteak jaitsi zizkieten arren. Oian Arnanzi bederatzi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten; Jokin Unamunori eta Adur Ramirez de Aldari, zortzi urte eta erdikoa; eta Joan Ander Cobi eta Julen Goikoetxeari, zazpi urte eta erdikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.