Hirugarren hautua, eskura

EHUn onartu dute agirietan, sexuari buruzko markagailuetan, 'gizona' eta 'emakumea' ohikoei beste bat gehitzea: 'ez binarioa'. Bidea hasi dute apurka agiri orotan aldaketa egiteko.

Hiru markagailu jarriko dituzte aukeran EHUren agiriek. BERRIA.
arantxa iraola
2017ko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gai baten inguruko kontzientziak, zenbaitetan, aparteko presentzia hartzen duela burutik kendu ezinik eman zuen atzo eguna EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Berrikuntza, Gizarte Konpromiso eta Kulturgintza arloko errektoreorde Idoia Fernandezek; izan ere, egun osoan airean ibili ziren bezperan Maialen Lujanbiok Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian «gizona eta andrea» denaren azaletik bota zituen bertso gogoangarriak. Eta, hain justu, sentitzeko era hori duten pertsona guztien aldeko keinua egin zuen atzo EHUren Gobernu Kontseiluak: unibertsitateko agiri guztietan hirugarren markagailu bat jarriko dute. Gizona eta emakumea ohikoen ondoan izango da ez binarioa.

EHUk beti, erakundeko berdintasun planen bidez, alorrean aurrera egin nahi izan duela oroitarazi du Fernandezek: «Adibidez, lehen planarekin hasi zen datuen bereizketa; jakiteko, esaterako, ingeniaritzan zenbat emakume dauden, zenbat gizon: halakoek laguntzen digute aurrera egiten». Ohiko eredu binariotik at sentitzen diren pertsonen inguruko aldarrikapenek aparteko oihartzuna lortu dute azkenaldian, eta horri erantzun nahi izan diote aldaketa horrekin. Gobernu Kontseiluan harrera oso ona izan zuen atzo. Aldaketa bakar bat egin zaio jatorrizko proposamenari: hirugarren aukerari bestelakoak izena ipintzea zen hasierako asmoa, eta ikasleen proposamenari atxikita, ez binarioa izendapena proposatu zen. Baita halaxe onartu ere.

Berdintasun planari atxikita

Orain plangintza bat antolatu beharko du unibertsitateak agiri mota guztietan hirugarren hautu hori agertzeko. Heldu den urtean sartuko da unibertsitateko hirugarren berdintasun plana indarrean, eta aldaketa hor txertatuko dutela adierazi du Fernandezek. «Operatibitatea hirugarren planarekin etorriko da. Egokitzapen aldi bat antolatu beharko da hori gauzatzeko. Gure asmoa da epe ertain batean nahiko gauzatuta egotea».

Gaiaren gaineko kezka ez da berria. Horren erakusgarri, orain bi urte 6.000 ikasleren artean egin zuten inkesta bat. Orduan erantsi zuten hirugarren markagailu hori estreinakoz. «Orain, kontua da normalizatzea, eta erabiltzen hastea», azaldu du Fernandezek. Behin martxan jarritakoan, bolada batean tentu handiz ibili beharko dela onartu du. Litekeena da lehen urteetan hainbat pertsonak markagailu hori hautatzea asmo onik gabe, txantxa egiteko-edo. Halakoak ohikoak izaten dira. «Hasieran datuak ez dira osoak izango, denborarekin joango dira horiek egonkortuz». Hautu hori sentitu arren erakutsi nahi ez duten pertsonak ere egongo direla onartu du: «Eta ulertzekoa da».

Egitasmoak, funtsean, bi helburu nagusi dituela esan du, eta unibertsitate publiko gisara dituzten eginkizunekin guztiz lotuta daudela biak. «Bat da jendea ohartzea aukera hori badagoela, eta heztea. Unibertsitate bat da hau: jendea hezten ari gara». Bestea da berdintasunerako tresna berri bat edukitzea: «Unibertsitatea espazio inklusibo bat izateko». Bazterkeriarik gabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA