Metro Bilbao

Hitzarmen kolektiboa adostu dute Bilboko metroko zuzendaritzak eta CCOO, Semaf, LAB, Egie eta ESK sindikatuek

Hilabete baino gehiago iraun dute greba eta lanuzteek, eta, horien ostean, akordio bat lortu dute zuzendaritzak eta gehiengo sindikalak. ELA, UGT eta CIM sindikatuek akordioa salatu dute, eta adierazi «langileen pobretzea» bermatuko duela.

Bilboko Metroko langileen protesta, uztailean. ECUADOR EXEA
inaut matauko rada
2022ko abuztuaren 2a
17:34
Entzun

Bilboko metroko langileen hitzarmen kolektibo berria adostu dute enpresaren zuzendaritzak eta CCOO, Semaf, LAB, Egie eta ESK sindikatuek. 21 ordezkari sindikaletatik 11k bozkatu du alde, ELA, UGT eta CIM sindikatuek akordioaren aurka egin baitute. Semaf sindikatuak aldatu du iritzia, eta horrek ahalbidetu du akordioa sinatzea. Hori dela eta, aurrerantzean langileek ezingo dute greba eta lanuzteetara deitu.

ELAk gogor salatu du sindikatuek eta enpresaren zuzendaritzak sinatutako hitzarmena. Haien ustetan, hitzarmen berriak langileak «pobretzea» ekarriko du. Izan ere, 2025eko hasierara arte langileen soldata administrazio publikoak igotzen duen mailan igoko dute, eta ez KPIaren arabera; urte arteko KPIa %10,8an dago egun. Bestalde, enplegua «prekarizatu» egingo dela dio euskal sindikatuak, eta nabarmendu du behin-behineko langileetan «eskala bikoitzak» sortuko direla. Izan ere, haien esanetan, behin-behineko langileak etengabeko ebaluazioan egongo dira behin betiko izan arte, eta jardunaldi osoa «bermatua izan gabe» gainera.

Mantentze lanetako langileek aparteko orduak egiteko duten derrigortasuna handitu egingo dela ere ohartarazi du ELAk. Bestalde, diote ez dela bermatuko geltoki guztietan gutxienez langile bat egotea.

Laburbilduz, hitzarmen berriak langileen arteko zatiketa bultzatzen duela esan du ELAk, eta gehitu du baztertu egingo direla enpresako kolektibo batzuen baldintzak. Akordioaren helburua sinatzaileen interes partikularrak bultzatzea dela esanez amaitu dute oharra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.