salaketa

"Hizkera baztertzailea" erabilita Urkijok legea urratu duela salatu du Legorretako alkateak

Zelai Amenabarrok jakinarazi du alkate jn esamoldea erabilita mintzatu zaiola Espainiako Gobernuaren ordezkaria, eta, hala, emakumeen eta gizonen berdintasunerako lege organikoa urratu duela.

jon ordonez garmendia
2016ko ekainaren 7a
13:42
Entzun

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak joan den astean gutun bana bidali zien euskal estatuari buruzko galdeketak egitera zihoazen herrietako alkateei. Gutunean esan zien uko egin behar ziotela galdeketa horietan instituzionalki parte hartzeari, eta Toki Araudiaren Oinarrietako 7/1985 legea aipatu zien horretarako. Bada, Zelai Amenabarro Legorretako (Gipuzkoa) alkateak beste lege bat argudiatuz erantzun dio, eta eskatu dio hurrengoan ez erabiltzeko aurreko astean bere gutunean erabili zuen "hizkera sexista".

Zehazki, Urkijo alkate jn modura zuzendu zitzaiola salatu du Amenabarrok. Emakume izanik, Legorretako alkateak gogoratu dio emakumeen eta gizonen berdintasunerako lege organikoak dioela botore publikoek ez dutela mintzaira sexistarik ezarriko admnistrazio arloan eta ez dutela halako mintzairarik bultzatuko harreman sozial, kultural eta artistikoetan. "Gobernuaren Ordezkaritza horrek maiz behartzen gaitu halako printzipioak betetzera; horregatik, kontuan har ditzazula eskatzen dizut", erantzun dio Amenabarrok ekainaren 3an sinatutako gutunean.

Kargua hartu zuenetik, Urkijok hamaika bider salatu ditu Euskal Herriko udalak, dela euskararen erabilera hutsagatik, dela euskal presoen argazkiak edo ikurrak jartzeagatik. Hain zuzen, berriki itxi da administrazioan euskara hutsez zuzentzen ziren udalen aurka Urkijok irekitako auzia: EAEko Auzitegi Nagusiak ebazpen irmo bat eman du udal aktak euskaraz egitearen alde, eta Urkijok ezingo du horren kontra helegiterik aurkeztu. Beste kasu batzuetan EAEko Auzitegiak arrazoia eman dio Urkijori, eta azkenetako batean, Zaldibarko Udala zigortu du presoen eskubideen aldeko kartel bat kentzera; salaketa Urkijok aurkeztu zuen.

Urkijoren kontrako salaketa argudiatzeko honako hau gehitu du Amenabarrok: "Bestalde, ez da alde batera utzi behar zer adierazten den Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3.1 artikuluan: Administrazio Publikoak objektibotasunez zerbitzatzen ditu interes orokorrak, eta jarduera-printzipio ditu eraginkortasuna, hierarkia, deszentralizazioa, deskontzentrazioa eta koordinazioa, Konstituzioari, legeari eta zuzenbideari osotara men eginik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.