Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, uko egin dio Hizkuntza eta Kulturen Behatokien Nazioarteko Konferentzian parte hartzeari. Gaur bihar eta etzi egiten ari dira, Logroñon (Espainia), eta Espainieraren Behatoki Globala erakundeak gonbidatu ditu, baina ezetz esan diote, erakunde horren helburuak «gaztelania sustatzea, identitate gaztelaniadunak sendotzea eta hizkuntza horren ekonomia garatzea» direla iritzita.
Eta, Behatokiaren irudiko, xede horiek «zuzenean» oztopatzen dute euskararen normalizazioa eta iraupena Euskal Herrian, baita beste lurralde batzuetako gutxitutako hizkuntzena ere, prentsa ohar batean adierazi dutenez: «Hizkuntza gutxituak dauden lurraldeetan hizkuntza hegemoniko bat sustatzea oztopo larria da haien normalizaziorako eta etorkizunerako. Ondorioz, jardunaldi horien helburua ez da hizkuntza ezberdinetako hiztunen eskubideak eta hizkuntzen egoerak aztertzea, hala irudikatu nahi izan duten arren».
Kontrara, Behatokiak nabarmendu du helburuak hauek dituztela: euskararen lurraldeetan hizkuntza eskubideak zaintzea eta euskararen normalizazioa lortzea. Eta horretan ari dira lanean. Horretarako, besteak beste, urtero ontzen dute txosten bat hizkuntza eskubideen urraketen inguruan. «Batez ere, Espainiako Estatuko administrazioek egindakoak dira», gehitu dute.
Horregatik guztiagatik, uko egin diote jardunaldietan parte hartzeari, eta horixe jakinarazi diote erakundeko zuzendari Francisco Morenori. Gainera, 2024an hizkuntza eskubideetan izandako urraketen lagin bat ere helarazi die Behatokiak antolatzaileei.