Espainiako Estatuak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna duela hamar urte sinatu zuen, baina, hala ere, euskararen normalizazioan «aurrerapauso eskasak» eman direla adierazi diote hizkuntz eskubideen alde lan egiten duten erakundeek Europako Kontseiluko aditu taldeari. Aste honetan Madrilen egin dituzten lan bileretan, hala Behatokia eta Kontseilua nola Euskara Kultur Elkargoa (EKE) oso kritiko azaldu dira Espainiako Estatuak 2006. eta 2009. urteen artean Europako kartaren betetze mailari buruz eginiko azken txostenarekin, eta estatuko administrazioak hizkuntza eskubideak «sistematikoki» urratzen dituela salatu dute.
«Espainiako Estatuak Euroituna orain dela hamar urte berretsi bazuen ere, oso urrun dago bertan jasotzen dena betetzetik», adierazi zuen, atzo, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak adituen taldearekin bilera egin ostean. Izan ere, ituna 2001ean sinatu zuen Espainiako Estatuak, eta urte hartatik derrigor bete beharrekoa da bere menpeko lurraldean, estatuak berak berretsi egin duelako gerora ituna. Frantziak ere sinatu zuen ituna, baina ez du berretsi, hango kontseilu konstituzionalaren iritziz, Frantziako Konstituzioa urratzen duelako.
Kontseiluaren eta Behatokiaren izenean Bilbao eta Garbiñe Petriati bildu ziren, hurrenez hurren, Europako hiru adituekin. Eta Hego Euskal Herrian, oro har, euskaldunen eskubideak urratu egiten direla azaldu zieten. Petriatiren iritziz, «egun ez dago epaiketa bat euskara hutsean egiterik, eta osasun zerbitzuak euskaraz jasotzerik ez dago». Horiek horrela izanda, «hizkuntza politikak iraultzeko eta Euroitunaren espirituari heltzeko» eskatu zuen Behatokiko zuzendariak: «Euskaraz bizi ahal izateko nahitaezkoa da».
Nolanahi ere, bereziki Nafarroa osoan euskara ofiziala ez izateak sortzen duen kezka helarazi diote adituen batzordeari. Europako itunak bi atal nagusi ditu, bigarrena eta hirugarrena. Bigarrenak konpromiso lausoak eskatzen ditu, eta hirugarrenak, berriz, zehatzak, sektorez sektorekakoak. Espainiako Estatuak ituna berretsi zuenean, baina, adierazi zuen hirugarren atala hizkuntza ofiziala den eremuetan bakarrik ezarriko zuela. «Nafarroan euskara ingurune batean bakarrik da ofiziala, eta gu beti borrokatu gara hirugarren atala Nafarroa osoan ezartzeko», dio Bilbaok. Nolanahi ere, Espainiako Estatuaren azken txostenak ez du zehazten bigarren ataleko konpromisoak betetzen diren ala ez. «Baloratzen ditu ofizialak ez diren hizkuntzak, asturiera eta abar, baina euskara Nafarroan ez! Ez dago eskubiderik. Ez dute hirugarren atala ezarri nahi, eta bigarrena ez dute ebaluatzen». Nafarroako eremu zabalena «de facto» Euroitunetik at jarri dutela salatu du Bilbaok.
Oztopoen inbentarioa
Espainiako Estatuaren txostenak milatik gora orri izan arren, Bilbaoren ustez, «edukiz hutsa» da, eta hala adierazi diete adituei. «Lotsagarria da. Anabasa bat. Eta inkongruentziaz betea dago. Guk ere egin genezake txosten bat zeinetan azaltzen den gaztelania inposatzen duten 500 legeren zerrenda. Baina hori ez da itunaren konpromiso betetzea neurtzeko modua».
Izan ere, herritarrek «euskaraz bizitzeko dituzten oztopoen inbentarioa» da Behatokiaren txostena. Eta hori helarazi nahi izan diote batzordeari. «Guk ez dugu egingo arauen zerrenda bat. Baina presente izan behar dute herritarren pertzepzioa». Hain zuzen ere, Behatokiaren txostenak ehunka adibide daramatza berarekin, euskarazko agiriak edota euskaraz aritzeko nahiak errefusatzen dituzten beste horrenbeste adibide. «Hori da modurik egokiena herritarrek euskaraz bizitzeko dituzten oztopoez jabetzeko».
2005ean eta 2008an Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren ebaluazioa egin zuen adituen batzordeak. Hirugarren ebaluazioaren harira, oraindik ere, hizkuntz eskubideen ikuspegitik «puntu beltz nabarmenak» daudela azaldu diete Kontseiluko eta Behatokiko ordezkariek batzordeko kideei. «Justiziak beltzune izaten jarraitzen du, eta osasun arloan ere hutsune handiak daude. Guk, azken batean, asistentzia duinarekin lotzen dugu, eta azken urteetan jasotako kexu ugari aurkeztu dizkiegu»
Hedabideen alorraren inguruan ere kexua helarazi diete adituei. Nafarroan, esaterako, gogorarazi diete hedabideren bat itxi behar izan dutela —Ttipi Ttapa telebista—, diru laguntzen murrizketak direla-eta, eta euskarazko egunkari nazional bakarrean, BERRIAn, estatuak ez duela publizitaterik jartzen ere salatu dute.
Ezerezean geldiriko neurriak
Koldo Martinez Euskara Kultur Elkargoko lehendakariarentzat, Europako adituen batzordearekin biltzen den hirugarren aldia izan da aurtengoa. Batzorde horrek berak 2008an egindako azken txostenak oso ontzat jo zituen Euskarabidearen eta Euskararen Nafar Kontseiluaren sorrera, baita Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza euskararen alorrean elkarlanean aritzeko prest agertu izana ere. Hiru urte geroago, hori guztia «ezerezean» gelditu dela ohartarazi die Martinezek batzordeko kideei. «Aurreko txostenari buruz galdetu didate, eta, oro har, ados geundela helarazi diet, pauso garrantzitsuak zirela uste genuelako».
Denborarekin, ordea, «horietako batek berak ere ez du ezertarako balio izan», Martinezek batzordeari jakinarazi dionez. Euskarabideak funtzionatzen ez duela agertu die. «Egiten duenak ez du zerikusirik hizkuntza politika sakon eta sendo batekin. Eta Euskararen Nafar Kontseilua erabat geldiarazi zuten CDN gobernutik bota zutenean». Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko elkarlanari buruzko informazio argigarriena, berriz, Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Lourdes Auzmendi hizkuntza politikarako sailburuordeak eman zutela azaldu die Martinezek Europako adituei. «Ez dago ezer. Eta ikusten dugu batzordearentzat hain garrantzitsuak ziren hiru elementu horiek ezerezean gelditu direla».
Euskalerria irratiaren egoerak batzordekideak «bereziki» kezkatzen dituela uste du EKEko lehendakariak. «Beti aipatzen dugun gaia da, baina aurten kezka handia sumatu diet».
Hizkuntza Gutxituen EuropakoItuna
«Hizkuntz politikak irauli egin behar dira euskaraz bizi ahal izateko»
Europako adituen batzordearekin bildu dira hizkuntza eskubideen alde lan egiten duten taldeetako eta erakundeetako ordezkariakEuropako Ituna ez dela betetzen salatu dute Behatokiak, Kontseiluak eta EKEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu