Euskara. Oldarraldiaren aurkako manifestazioa

Hizkuntza eskubideak: sendotzeko esparru bat

Lehengo gizaldiaren azken hondarrean hasi ziren forma hartzen hizkuntzarekin lotutako eskubideak; horien gaineko kontzientzia urria da oraindik ere sarriegitan.

Euskararen aldeko aldarriak. Euskararen aldeko manifestazio bat Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Oldarraldi judiziala hizpide hartuta, hizkuntza eskubideez aritzea egokitzen da sarri, eta legeek usuegi ematen dieten babes urriaz. Legezko zoru bat euskararentzat jardunaldiak egin zituen Euskalgintzaren Kontseiluak urriaren 28an. Eskubide horiek zer diren, zer muga dituzten, zer aukera; Benet Salellas abokatu eta hizkuntzalari katalanak eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi ohiak jardun zuten, bereziki, gaiaz. Ondoan, Garabide elkarteko kide Andoni Barreña izan zuten; hark Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako komunitate indigenekin izandako esperientziak gogoan hartuta, ohartarazi zuen hizkuntzen lege babesa «sinbolikoa» izaten dela usu, garrantzitsua alde horretatik, baina eragin urrikoa beste askotan. Izan ere, sendotu beharreko esparrua da hizkuntza eskubideena.

Ikusi gehiago:«Akordio soziopolitiko berri bat» eskatu dute euskararentzat Bilbon

Beste eskubide batzuen ondoan, beranduago aitortu dira hizkuntza eskubideak. Salellasek azaldu du aurreko gizaldiaren azken hamarraldietan hartu zutela forma lehen aldiz era egituratuan. «Aurrez, baziren erregimen eleaniztunak zituzten estatu federalak. Horietan, hizkuntza eskubideen kontzeptua lehenagokoa da; baina, nazioarteko ikuspegiari begira, Europako Hizkuntza Gutxituen Gutuna da erreferentzia, niretzat: 1992an onartu zen», azaldu du. Uste du mugarri izan zela «atzean babestuko dituen estatu bat ez duten hizkuntza ez-hegemonikoen hiztunen eskubideei» zegokienez, ekarri zuen «zehaztasuna» zela medio, bereziki. Akademiak aurrez emandako zenbait irizpide alde batera utzita, hizkuntza eskubideen «benetako formalizazioa» 1996an egin zela uste du Bilbaok, Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean. Unescok sustatu zuen. Esperantza handia piztu zuen, baina han jasotakoak loratzeko biderik ez zen ireki gero.

Bide murritzegia

Hain justu ere, hasieran asmoa zen adierazpen hori Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren «eranskin» bihurtzea, baina xede hori albo batera utzi zen. «Moztu egin zuten bidea». Bilbaok argi du urrats hark estatu askori pizten zien mesfidantzak eragina izan zuela horretan, eta «presioak» ere izan zirela. «Adierazpen hori Giza Eskubideen Adierazpenaren eranskin bihurtu izan balitz, estatuek bete egin beharko lukete; argi dago estatu askok ez dutela egin nahi urrats hori».

Etendako bide hari nolabaiteko jarraipena emateko asmoz, 2016an, Paul Bilbao bera Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi zela, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa ondu eta aurkeztu zen. Europako hizkuntza gutxituen premiei begira, gizarte eragileen proposamenekin eta batzorde zientifiko baten aholkuekin osatu zuten lan hori. Protokolo horren bidez, «botere publikoei» tresna bat eman nahi izan zieten, era izan zezaten adierazpenean aitortutako eskubide horiek betetzeko. Bide luzea dago egiteko oraindik, ordea, hizkuntza eskubideen garapenean. «Eskubide horiek deklaratuta daude, baina beteko direla bermatzea da orain kontua», onartu du Salellasek. Hizkuntza eskubideekin lotutako hainbat auzibidetan jardun du Katalunian, eta ondo daki epaitegietan bidea zeinen zaila den sarri. «Izan ere, epaileak askotan kontzeptu teorikoan geratzen dira: ez dute errealitate materiala aztertzen. Ez diote erreparatzen hizkuntzen arteko gatazkari, eta ez dute aintzat hartzen botere handiena duen hizkuntzak atzendu egiten duela botere gutxiago duena».

Ikuspegi soziolinguistikoa

«Harremanetan dauden hizkuntzen artean beti izaten da asimetria, baina, askotan, sentsibilitatea eta buru irekitasuna behar da hori ulertzeko. Errealitatea aztertu egin behar da; soziolinguistei aditu behar zaie, haien ondorioak aintzat hartuta erabakiak hartzeko», nabarmendu du Salellasek. Ikuskera hori falta da, ordea, sarriegitan: «Epaileak elebakarrak dira maiz, ez dituzte beren larruan bizi hizkuntzaren gaineko gatazkak; arrotzak dira haientzat». Hizkuntza eskubideak errespetatze aldera, jarduteko beste erarik ez dago, ordea, Salellasentzat: «Finean, hizkuntza eskubideak betetzeko, epaileek orekatu egin beharko dituzte hizkuntzek dituzten asimetriak». Izan ere, giza eskubideek, ororen gainetik, «dike» bat izan behar dute «boterearen» aurrean. «Eta, hain justu, desabantailan dauden hizkuntzetan ari diren hiztunen eskubideak dira hizkuntza eskubideak».

Ikusi gehiago:Ideologia supremazista

Hizkuntza eskubideak ondo ulertu eta barneratu behar horretan, bada aintzat hartu beharreko beste aldagai bat: kolektiboak dira. «Hizkuntza giza fenomeno kolektiboa da», gogoratu du Salellasek. «Ez da herritar jakin baten egoera babestu nahi, baizik eta hiztunen komunitate bat, osorik». Askotan ez da ondo ulertzen hori, ordea. «Epaitegietan onartzen da, oro har, hori dela tesi egokia, baina gero zera gertatzen da sarri: epaile batek ebatz dezake, esaterako, eskolak gaztelaniaz nahi dituen familia bakar bati arrazoi ematea, bestelako hautua eginda daukan familia talde baten hautuaren kontra».

Bilbaok ere argi du hizkuntza eskubideen ezaugarri propioei erreparatu behar zaiela. «Hizkuntza eskubideek badute berezitasun bat: lurralde bati lotzen zaizkio». Baina giza eskubideak ohiko kontzeptualizazioan «edonori eta edonon aitortu beharrekoak» direnez, kostatu egiten da lurralde jakin bati lotutako begirada hori txertatzea. Hala, Bilbaok ere ezinbestekoa deritzo aldaketari: «Nik ez dut aldarrikatuko Berlingo Udalean niri zerbitzua euskaraz ematea: hori ez da giza eskubide bat. Beste gauza bat da nik Euskal Herriko edozein administraziori eskatzea zerbitzua euskaraz emateko». Argi du: «Hizkuntza lurralde bati lotzen zaio, eta hor sortzen dira subjektuak». Taldea ezin da ahantzi hor, komunitatea: «Baina horixe ahazten da beti». Justiziaren «interpretazio murritz eta desegokien» sorburua da hori askotan.

Zuztarreko arazoa

Euskarari dagokionez, Bilbaok oroitu du gaztelaniaz eta frantsesez ezinbestean jakin beharra dagoela, eta horretan datzala zuztarreko arazoa: Egoera «asimetrikoa» da. Traba da: «Derrigorrezkoa da hizkuntza nagusi bat jakitea, eta hori erabiltzen da hizkuntza gutxituko hiztunen eskubideak kamusteko». Botere publikoek, oro har, «kontzientzia» falta dutela dio. «Benetan» kontzientzia izango balute, «estatuko hizkuntzaren estatusa» aitortuko litzaieke hizkuntza gutxituei: dagokien eremuan, derrigor jakin beharrekoak lirateke. «Hori da ofizialtasun simetrikoa lortzeko lehen urratsa». Uste du malgutasunez egin behar dela, baina ikuskera hori gailendu ezean atzenduta geratuko direla beti hizkuntza gutxituak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.