Hizkuntza gutxituetako egunkarien erronkak aletu dituzte Galeuscako zuzendariek

Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, Maria Obelleiro 'Nós Diario'-koa eta Vicent Partal 'Vilaweb'-ekoa mahai inguru batean aritu dira, ONCEren Donostiako aretoan.

2023ko ekainaren 14a
17:28
Entzun

Igandero osatzen dute Zuzendarien Galeusca iritzi atala Otamendik, Obelleirok eta Partalek. BERRIAn, Nós Diario-n etaVilaweb-en argitaratzen dira artikulu horiek, zeintzuetan nork bere herrialdeko gertakarien berri ematen baitie beste herrialdeetako irakurleei. Gaur, hiru zuzendariak aurrez aurre ikusi eta entzuteko aukera izan da ONCEren Donostiako aretoan. href="https://www.youtube.com/watch?v=D1xLw-vptQc">BERRIA zuzenean ari da mahai ingurua ematen, streaming bidez.

Maria Obelleirok esplikatu du nola sortu zen Nós Diario. A Nosa Terra proiektua bukatu ondoren sortu zen Sermos Galiza astekaria, galizierazko prentsaren hutsunea betetzeko. Sermos Galiza-ren egitura horrek eman zuen modua, duela hiru urte, egunkari bat galizieraz sortzeko, Nós Diario. BERRIA bezala, herritarrek diruz babestutako proiektua da, astean bost egunez ateratzen dena paperean, eta egunero berritzen dena sarean. Astekari bat ere argitaratzen dute. Kazetaritzaren independentzia aldarrikatzen dute irakurleen babesari esker.

Kalitatezko kazetaritza bat egin nahi dute, nazionala. Ez dute baliabiderik tokiko komunikazioa lantzeko. Hamabi erredaktore eta bi maketatzaile aritzen dira lanean. Obelleirok salatu du Galiziako Gobernuak diru laguntzetatik aparte utzita daukala Nós Diario. Proiektua hasteko 3.000 harpidetza gutxienez behar zituztela kalkulatu zuten, eta horrela hasi ziren, herri eta bazter guztietan babesleak bilatuz. Oinarri hori zabaltzeko asmoa dute orain.

Vicent Partalek, berriz, eskerrak eman dizkio Martxelo Otamendiri, urte hauetan guztietan egindako ekarpenengatik: «Vilaweb-eko langileak zorretan egongo gara beti berarekin. Eta kataluniarrak ere bai». Segidan, Partalek gogorarazi du Vilaweb izango dela Europako kazeta digital zaharrenetako bat, 1995ean sortu baitzen. Paperean ez du ediziorik Vilaweb-ek; lehen egunkari digital hutsetako bat da. «Zertan ari ginen jakin gabe hasi ginen».

2004an erabaki zuten ez zirela atari bat, baizik eta egunkari bat, eta, beraz, edukiengatik irakurleek ordaindu egin behar zutela. «Orduan ez zuen inork kobratzen digitalean», gogorarazi du. Irakurle digitalak babesle edo harpide bilakatzeko lanean hasi ziren. Hamarkada bat kostatu zitzaien 2.000 harpidedun digitaletara iristea. Gaur egun, 24.000 dira.

Azaldu du Vilaweben datozen urteetako ildoak zein izango diren: joko digitalak, Paraulogic (euskaraz Berbaxerka) eta Minimots estilokoekin, irakurleak erakartzeko; audioaren aldeko apustua, orain berri webguneko artikuluak irakurtzeko ezarri duten ahots sintetikoarekin; eta Washington Post-ekin egin berri duten akordioa, bihar abiatuko dena, zeinaren bidez hasiko baitira AEBetako egunkariko nazioarteko artikuluak argitaratzen katalanez, Vilaweben.

Hortik aurrera, kazetaritzaren gaurko erronkez, ofizioaren gorabeherez, hizkuntza gutxituetako egunkarien eginbeharrez eta proiektuak aurrera bultzatzeko behar diren baliabideez aritu dira, besteak beste.

BERRIAren urteurrena

BERRIAk hogei urte beteko ditu ekainaren 21ean, eta ekitaldi sorta bat antolatzen ari da urteurrenaren harira. Gaurko mahai inguruaz gain, Midas Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan Argitaratzen diren Egunkarien Europako Elkarteak urteko batzar orokorra egingo du Donostian. Eremu urriko hizkuntzetan edota hizkuntza gutxituetan lan egiten duten Europako 27 egunkari dira elkarteko kide, BERRIA tartean. Ostiralean, 09:00etan hasita, hainbat hitzaldi egingo dituzte Donostiako Amara Plaza hotelean. Ekitaldi horiek publikoak izango dira.

Elkarteko bazkide diren egunkarietako ordezkariek, berriz, batzarra egingo dute 15:30ean hasita, ostiralean bertan. Midaseko kideentzat soilik da batzar hori. Iluntzean, Otto von Habsburg saria eta Midasen kazetaritza saria banatzeko ekitaldia egingo dute, bestalde.

Larunbatean, berriz, BERRIAren urteurrena ospatzeko ekitaldi bat egingo du egunkariak, Tabakaleran —gonbidapen guztiak banatuta eta aretoa beteta dago jada—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.