Ezinezkoa iduri lezake, baina ezinbestekoa da. Hizkuntza gutxituei bultzada bat emateko Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatu behar dela berretsi du PQVNL Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak (Gure hizkuntzak bizi daitezen). Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten elkarteak biltzen ditu kolektibo horrek; larunbatean, elkarte bilakatzeko biltzar nagusia egin zuten Baionan. Frantziako Estatuan hizkuntzei buruzko lege orokor bat behar dela adierazi dute.Â
2019an sortu zen PQVNL kolektiboa, Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak lizeorako bultzatu zuen erreformak hizkuntza gutxituen irakaskuntzan zituen eragin kaltegarriak salatzeko. Geroztik, parlamentariak eta hauteskundeetako hautagaiak deitu dituzte hizkuntzen alde egitera, publiko zabala sentsibilizatzeko kanpainak egin dituzte, eta aldarrikapen ekintzak ere antolatu izan dituzte, izan Parisen zein tokian toki. Hogei bat eragiletako kideak biltzen ditu gaur egun. Elkarte gisa antolatuta eraginkortasun handiagoz aritzea espero dute.Â
«Gure hizkuntzek ez dute koofizialtasun estatusik historikoki mintzatuak diren lurraldeetan, transmisioa eta erabilera bazterrekoak dira; beraz, hiztunak bigarren mailako herritar gisa zokoratuak dira»
POUR QUE VIVENT NOS LANGUES
Biltzar nagusiaren ondoren, deitoratu dute borondate politikoa falta dela hizkuntzentzako esparru juridiko egokia definitzeko. Alta, funtsezkoa deritzote hizkuntza gutxituen bilakaera eta hiztunen eskubideak bermatuko dituzten hizkuntza politika eraginkorrak ahalbidetzeko. «Gure hizkuntzek ez dute koofizialtasun estatusik historikoki mintzatuak diren lurraldeetan, transmisioa eta erabilera bazterrekoak dira; beraz, hiztunak bigarren mailako herritar gisa zokoratuak dira», adierazi dute.
Trataera horrek herritarren arteko berdintasuna hausten duela erran dute kolektiboko kideek: «frantsesez mintzo den pertsona bat bere hizkuntzan normaltasun osoz bizi daiteke egunerokoan, baina aukera hori ez da juridikoki aitortua lurraldeetako hizkuntzetako hiztunentzat. Errealitate horrek berez trabatzen du herritarrek dagokien lurraldeetan hizkuntzak berreskuratzeko abiatutako prozesua. Ondorioz, gure hizkuntzak ez dira osoki bizi, eta lurralde anitzetan, justu-justu bizirauten dute».Â
Lege esparrua eztabaidagai
Ostiralean, mahai ingurua egin zuten Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan, hizkuntza eskubideak eta esparru juridikoa aipagai. Besteak beste, Veronique Bertile zuzenbide irakaslea, Max Brisson senataria eta Paul Molac diputatua aritu ziren solasean. Orain arte Frantzia mailan izan diren bilakaerak aztertu zituzten, eta denek uste dute, oro har, konstituzioaren 2. artikulua aldatzea «funtsezkoa» dela zinezko aitzinamendu batzuetara iristeko.Â
1992an egin zen konstituzio aldaketan idatzi zuten 2. artikulu hori. Maastrichteko itunaren testuinguruan, frantsesaren lekua babestea zen helburua, eta hala idatzi zuten: «frantsesa da Errepublikako hizkuntza». Artikulua baino, horri buruz Frantziako Konstituzio Kontseiluak egin izan duen interpretazioa nabarmendu zuen Bertilek. Frantsesa inposatzen dio edozein erakunde publiko eta pribaturi, edozein zerbitzu publikoren misioa betetzen duenean, eta baita erabiltzaileei ere, administrazioarekin eta zerbitzu publikoarekin dituzten harremanetan. Halaber, herritarrak ezin dira frantsesa ez den beste hizkuntza bat erabiltzeko eskubideaz baliatu, eta ezin zaie erabilera hori behartu.Â
Frantsesa babesteko sortutako artikulua Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan erabiltzen diren hizkuntza gutxituak mugatzeko tresna bilakatu da azken hamarkadetan. Horretan oinarritu ziren 2021ean, nagusiki, hizkuntza gutxituen irakaskuntzan aurrerapausoak proposatzen zituen Molac Legearen kontrako helegitea onartzeko, adibidez, eta artikulu hori oinarritzat hartuta eragotzi izan dute Ipar Euskal Herriko erakundeetan euskara normaltasunez erabiltzea.Â

2008an, 75-1 artikulua erantsi zioten konstituzioari. Bertan, Frantziako ondare gisa onartzen dira «eskualdeetako hizkuntzak». Baina horrek ez du «inolako askatasun edo eskubiderik» aitortzen; horrela ebatzi zuen konstituzio kontseiluak 2011n.Â
Zuzenbidea «interpretazioa» dela oroitarazi zuen Molacek, eta epaile konstituzionalek «giltzarrapoa» jartzen dutela deitoratu zuen. «Hizkuntza bakarra nahi dute, estatu bakarrerako. Batasuna eta uniformizazioa nahasten dituzte». Horregatik 2. artikulua aldatzea funtsezkoa dela erran zuen, hori lortzea biziki zaila izanen dela aitortu bazuen ere. «Frantzia ez da sekula aitzindari izan eskubideen aitortzan». Adibide bat emanda ilustratu zuen ideia: Erresuma Batuan 1824an izan ziren sindikatuak legezkoak; Frantzian, 1884an. «Borrokatu beharko gara».
Estatu Kontseiluaren oharra
Baina konstituzio aldaketa bat ez da nahieran egiten Frantzian. Kongresua bildu behar da —Frantziako Asanblea eta Senatua batera—, eta parlamentarien hiru bostenak onartu behar du. Eta Frantziako Estatu zentralista eta jakobinoan, frantsesa inposatzen duen 2. artikulua «totem» gisara ikusia da.Â
Hori jakitun, 75-1 artikuluari heltzea proposatu du Brissonek berriki. Molac Legearen balorazioa egin duen Frantziako Senatuko batzordearen txostenean, 75-1 artikulua osatzea proposatu dute hizkuntza gutxituen irakaskuntza blindatzeko. «Zehaztu behar da eskualdeko hizkuntzak Frantziako ondare gisa aitortzeak ondorio ukan behar duela hizkuntza horietan hiztun osoak sortzea, ezinbestekoa baita hizkuntza horien iraupenerako», idatzi dute. Era berean, murgiltze eredua metodo pedagogiko gisara segurtatu nahiko lukete, «elebitasun osora» iristeko; hau da, frantsesa eta hizkuntza gutxitua osoki menperatuko dituzten hiztunak sortzea. Halako aldaketa bat aitzinamendu bat litzateke, baina irakaskuntzaren eremuan baizik ez luke eraginik izanen.Â
Uda honetan, Korsikako autonomia estatutua bideratzeko konstituzio aldaketa proiektuari buruzko iritzia eman du Frantziako Estatu Kontseiluak. Bertan argiki dio autonomia estatutu horrek korsikeraren koofizialtasuna ezarri eta irakaskuntza derrigorrezko bilakatzeak konstituzioaren 2. artikuluarekin talka eginen lukeela. Baina konponbidea ere ematen du: 2. artikulu hori osatzea, frantsesaren ondoan hizkuntza gutxituen lekua aitortuz. «Estatu Kontseiluak erakusten digu bidea», erran zuen Bertilek ostiraleko saioan.
Mahaiaren inguruan, denak agertu ziren halako aldaketa baten alde, edo behintzat ez kontra; egingarritasuna, haatik, zalantzan jarri zuten. «Ibilgailu legegile egokiena» bilatu beharko dela adierazi zuten Brissonek eta Molacek. Hori izanen da ondoko urteetarako erronka nagusietako bat.