Gorane Aiesta Maidagan eta Jasone Mendizabal Altuna: «Hizkuntza komunitate bakoitzak bere kabuz jardunda oso zaila da datorkigunari aurre egitea»

Irailaren 23tik 26ra egingo da Bihar hizkuntza gutxituen nazioarteko kongresua, globalizazioak antzaldatutako munduan hizkuntzak biziberritzearen inguruan dauden diskurtsoez aritzeko. Mendizabalek eta Aiestak aurreratu dituzte hainbat jakingarri.

Gorane Aiesta Maidagan eta Jasone Mendizabal Altuna. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gorane Aiesta Maidagan eta Jasone Mendizabal Altuna. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2026ko abuztuaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Kongresuari» buruzkoa izan da galdera. Bihar deiturikoa «egitasmo bat» dela zehaztu dute Gorane Aiesta Maidaganek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1995)  eta Jasone Mendizabal Altunak (Arrasate, Gipuzkoa, 1968). Garabide elkarteko kidea da lehena, eta egitasmoaren koordinatzailea; Mendizabal, berriz, Taupako koordinatzaile nagusia da eta, beraz, egitasmoaren bihotzetako baten parte, Garabiderekin batera ari baitira Bihar egitasmoaren antolaketan Taupa, Plazara eta Soziolinguistika Klusterra. Langintza horren barnean, irailaren 23tik 26ra egingo da Bihar hizkuntza gutxituen nazioarteko kongresua. Bilbon, Irunen eta Hendaian egingo da. Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua leloak ardaztuko ditu han esango direnak, eta hizkuntzen biziberritzearen inguruan dauden diskurtsoak izango dira hizpide nagusia. 

Globalizazio aro honetan zer garrantzi du hizkuntza gutxituen biziberritzearen inguruko diskurtsoen gainean pentsatzen jartzeak?

GORANE AIESTA: Globalizazioak eragina du gizarteko arlo ezberdinetan, eta arlo kultural-linguistikoa ez dago salbu. Munduan gero eta homogeneizazio prozesu azkarragoa ikusten dugu; hizkuntzak eta kulturak beti galdu dira, ez da orain derrepente galera prozesu batean gaudela, baina gaur egungo azelerazio prozesu hau inoiz baino handiagoa da. Guk hizkuntza gutxitu batekin egiten dugu lan, euskararekin; hor daude munduko gainerako hizkuntza gutxituen komunitateak ere, eta hor ikusten dugu iritsi garela inflexio puntu moduko batera hizkuntzak biziberritzeko narratibei dagokienez. Orain arte gu, esaterako, hizkuntza gutxituez aritu gara, baina orain esaten dugu biziberritzen ari garen hizkuntzak garela, eta aldarrikapena hortik dator: geure burua modu positibo batean proiektatzeko. Gero, baita ere, uste dugu globalizazio aro honetan funtsezkoa dela aliantza globalak eraikitzea, hizkuntza komunitate bakoitzak bere kabuz lanean jardunda oso zaila baita datorkigunari aurre egitea. Aldiz, batzen bagara, elkarrekin hitz egiten hasten bagara eta saretzen bagara, izango gara nor. 

JASONE MENDIZABAL: Nahiz eta hizkuntza aniztasunaren gaia badagoen zenbait agendatan, zoritxarrez, oro har, agenda globalean ez dago: Nazio Batuen Iraunkortasunerako Helburuen artean oraindik ez dago onartuta, adibidez, eta hori ezin du euskarak bakarrik bultzatu. Globalki lantzen den zerbait da. 

«Hizkuntzak eta kulturak beti galdu dira, baina gaur egungo azelerazio prozesu hau inoiz baino handiagoa da»
GORANE AIESTA MAIDAGAN

Bihar egitasmoko koordinatzailea
Zer-nola antolatu duzue kongresua?

AIESTA: Bihar ez da kongresu bat bakarrik. 2025ean abiatu genuen proiektua, eta hiru ardatzetan egituratu dugu. 2025ean bertan nazioarteko diagnostiko bat egin zen, Soziolinguistika Klusterrak izan zuen lidergoa, eta hor zera egin genuen, munduko hizkuntza komunitate ezberdinetan begirada jarri eta elementu narratiboak identifikatu: zer esaten da komunitateetan hizkuntzen biziberritzearen inguruan, zergatik biziberritu behar ditugu gure hizkuntzak, zer lotura ari dira egiten. Nolabait ere, diagnostiko hori izan zen abiapuntua. Bigarren ardatzera egin genuen salto urte honen hasieran. Taupak izan du hor lidergoa: Euskal Herrian barrena eraman du prozesu bat non zera egin dugun, diagnostiko horretan identifikatutako elementu narratibo horiek Euskal Herriko gizarte mugimendu ezberdinetako hainbat agenterekin eta norbanakorekin partekatu. Bi esperientzia horiek bideratu gaituzte kongresura...

Egindako lan horren biribiltzea izango da kongresua?

AIESTA: Kongresua bera diagnostikoaz elikatzen da, eta bigarren ardatz horretan izandako irakaspen horietaz.

MENDIZABAL: Nik bereziki azpimarratu nahi nuke ez genuela nahi kongresua era akademiko batean planteatzea: zer ez dugun nahi argi izan dugu hasieratik. Komunitateen ahotsa eraman nahi genuen kongresura; hori izan da funtsezkoa. 

AIESTA: Udazkenean egingo da kongresua, baina ez dugu planteatzean zerbaiten amaiera izatea. Nahi genuke han kontakizunaren gaia erdigunera ekarrita munduko komunitate ezberdinetako pertsonak elkartzea, eta saretze bat abiatzea. Aldarrikapen bat ere prestatzen ari gara: aldarrikatzailea ere izango da.

«Helburua da ahotsak batzea eta batasun horretatik proiektatzea nazioartera eta etorkizunera»
GORANE AIESTA

 Bihar egitasmoko koordinatzailea
Alegia, kongresuaren bukaeran plazaratuko duzue agiri bat?

AIESTA: Hori da, irailaren 26an; helburua da ahotsak batzea eta batasun horretatik proiektatzea nazioartera eta etorkizunera. 

MENDIZABAL: Eta geure baitara. Zeren eta geure burua indartzea ere bada bokazioa, beste komunitateekin ikasten dugun horrekin gu geu indartzea. 

Zer hizkuntza komunitatek izango du ordezkaritza kongresuan?

AIESTA: Saiatu gara apur bat gainditzen guk Garabiden, Soziolinguistika Klusterrean, Plazara-n edo Taupan bestelako komunitateekin dauzkagun harremanak, eta mundura zabaltzen. Bai diagnostikoan eta bai kongresurako ere funtsezkoa izan da hainbat sareren laguntza: Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa Higa, adibidez, aliatu oso garrantzitsua izan da. Gero hor daude, baita ere, ELP Endangered Languages Project sarea, Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco katedra, First People Cultural Council eta Linguapax. Kongresura 33 lagun etorriko dira hizlari moduan, eta tartean izango dira Zeelanda Berriko maoriak, Salomon Uharteetako hizlari bat, Kurdistango bat, Ipar Afrikako amazig komunitateko hainbat kide, Ekuadorko kitxuak, Kolonbiako nasak, Kanadako hizkuntza komunitate gutxituetako pare bat kide, Kataluniako ordezkariak...

«Euskal Herriko diskurtsoen inguruko lanik ez dago: ez da hori gaia. Kongresu hau ez da euskarari buruzkoa»

 JASONE MENDIZABAL ALTUNA Taupako koordinatzailea

MENDIZABAL: Hego globaleko hizkuntza komunitate gutxituak izango dira abiapuntua; horiek izango dira nagusi, horiek zaizkigu ezezagunenak. 

AIESTA: Bai. Azkenean, proiektu hau lankidetzatik dator, lankidetza eta euskalgintza gurutzatzen dira, eta lankidetzaren ezaugarri bat da hego globaletik datozen ezagutza horiek ekarri nahi ditugula Euskal Herrira.

MENDIZABAL: Programari buruz, aipagarria iruditzen zait Euskal Herriko diskurtsoen inguruko lanik ez dagoela: ez da hori gaia. Kongresu hau ez da euskarari buruzkoa. 

AIESTA: Bai, eta gure asmoa ez da inondik inora ere diskurtso bat eta bakarra ematea, soluzio bat ematea. Munduan beren hizkuntzen biziberritzean ari diren aktibistek, artistek eta eragileek ekarriko dizkigute beren esperientziak, bere eragin eremutik.

Diagnostiko bat egin duzue aurrelanketa moduan. Hori aztertuta, bada diskurtsoak batzen dituen zerbait?

AIESTA: Bai, badaude puntu komunak, baina azkenean herri bakoitzak bere egoera, historia, memoria propioak dauzka. Baina badago zerbait komuna, proiektu hau egiteko motibazioetako bat: inflexio puntu batean gaudela, eta gizartea eraldatzen ari dela; beti ari da eraldatzen, baina gaur egun erronka berriak dauzkagu: globalizazioa, kapitalismoa, eskuin muturraren gorakada... Horiek egundoko inpaktua dute; denak denean eragiten du, eta guk ere egokitu behar dugu mundu mailako egoera global honetara. Hor ikusten dugu amankomunean dagoen oinarrizko aldaketa bat, honi zentzua ematen diona. 

Baina ez da bestelako ezaugarri komunik?

AIESTA: Niri oso zaila egiten zait honi buruz termino orokorretan berba egitea. Klusterrean diagnostikoa egiten jardun zuten adituek etengabe esan ziguten aurkeztu zutenean: «Hau munduko 70 komunitateren argazkia da. Hau ez da munduko hizkuntza gutxituen egoerari buruzko edo kontakizunei buruzko zera orokor bat». Horrek pentsarazi egin dit. Kongresura begira ere aholkulari batzorde bat eratu dugu, nazioarteko hainbat pertsonarekin. Behin eta berriz errepikatu dute haiek ere: «Kontuz orokortzearekin». Orduan, ez nintzateke ausartuko esaten denak zeharkatzen gaituen zerbait dagoenik. 

MENDIZABAL: Zuhurtasun hori ezinbestekoa da; 7.000 hizkuntza inguru daude munduan, eta 70 diskurtsoren inguruko lagin bat da guk duguna. Pertsona jakin batzuk elkarrizketatu ditu Klusterrak, eta ez da egin komunitate bakoitzeko ikerketa sakon bat. Hala ere, hori esanda, esango nuke lagin horrek badituela dimentsio batzuk zeintzuen inguruan etengabe agertzen diren narratibak. Eremu sinboloko-ekologikoan badira gako batzuk, arlo politiko-eraldatzailean eta justiziaren eta sozialaren eremuan beste batzuk... Gauzak igual ez dira berdin formulatzen, baina bai horiei begirako gaiak. Horraino esan ahal dugu, ezta?

AIESTA: Bai, nik uste dut baietz. 

MENDIZABAL: Gorane zuhurragoa da ni baino, eta ondo dago, garrantzitsua da. Baina badira dimentsio batzuk zeintzuen inguruan ideia batzuk errepikatzen diren, betiere norbere lurrari lotuta: komunitate izaerak ematen dio hizkuntzari sustraia. Gero, nik gehituko nuke bereziki bilatzen dugula harreman honetan, elkar ezagutze honetan, etorkizunera eramango gaituzten bide diskurtsibo berrien arakatze bat. 

«Aldarrikapen komun bat ateratzeko borondatea badago, munduari adierazteko nor garen eta zer behar duten hizkuntza komunitateek»
JASONE MENDIZABAL

Taupako koordinatzailea
Izan ere, hegemoniatik aparte egote horren ondorioz, horrek dakartzan bizipenetatik, elkar ulertze bat badago hizkuntzak biziberritzeko ahaleginetan ari diren hizkuntza komunitateen artean, ezta?

AIESTA: Bai, bai.

MENDIZABAL: Badago, eta aldarrikapen komun bat ateratzeko borondatea ere badago, munduari adierazteko nor garen eta zer behar duten hizkuntza komunitateek. Horretarako ariketa egiten ari gara, auzolanean, eta espero dugu adostasun batzuetara heltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA