Euskararen, katalanaren eta galizieraren lege aitortza indartzeko helburua duen lege proposamen bat aurkeztu dute gaur Espainiako Kongresuan. ERCk, EH Bilduk, EAJk, BNGk, Compromisek eta Mes per Mallorca eta Comuns taldeetako hainbat kidek batera aurkeztu dute testua, Madrilen. 22 parlamentarik izenpetu dute denera. Testuan jaso dute, besteak beste, gaztelaniara itzuli gabe ere, estatuak ofizialtzat jo behar dituela euskaraz, katalanez eta galegoz idatzitako agiriak.
Azaldu dutenez, gaztelania gainerako hizkuntzen gainetik jartzen da estatuko instituzioen jardunbide ohikoan, eta «desoreka» hori zuzendu nahi dute lege proposamen horren bidez. ERCko eledun ohi Joan Ridaok idatzi du testua. Modua eman nahi die herritarrei botere judizialarekin eta estatuko administrazio orokorrarekin dituzten harremanetan bere hizkuntza propioan ere jarduteko, eta jakiteko «erabateko baliozkotasun juridikoa» dutela erlazio horiek. Asmo horrekin, hainbat lege erreforma proposatu dituzte lege proposamenean.
Jaso dute, adibidez, justizia administrazioan jarduteko aintzat hartu beharko dela euskaraz, katalanez edo galizieraz jakitea, eta auzibideetan ontzat jo beharko direla hizkuntza horietan idatzitako dokumentuak. Aldaketa handia litzateke hori, egun justizia administrazioren arloan hizkuntza gutxitu gehienak oso atzera daudelako. Euskaren kasuan egoera aski larria da. Epaile, fiskal eta letraduek, adibidez, ez dute inolako hizkuntza eskakizunik, eta horien artean oso apala da ezagutza. Euskalgintzak usu utzi du agerian hor dagoen gabezia, eta dakartzan arazoak. Europako Kontseiluak berak, halaber, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna izenpetu duten herrialdeek hartu dituzten neurriak aztertzean, Espainiako Estatuari behin baino gehiagotan eskatu dio neurriak har ditzala epaiketak euskaraz egin ahal izateko.
Hezkuntzara begirako irizpideak ere jaso dituzte testuan. Autonomia erkidego bakoitzeko berezko hizkuntzek, oro har, «irakasteko hizkuntza» izan behar dutela zehaztu dute, eta helburua dela derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasle guztiek gaztelania ez ezik autonomia erkidego bakoitzeko hizkuntza ere jakitea. Helburu horiek jasota daude lehendik araudi autonomikoetan, esaterako EAEko Hezkuntza Legean, baina estatu mailako lege organiko batean ere jasotzeko atea ireki nahi dute orain lege proposamen horren bidez. Funtsean, hizkuntza gutxituen lege babesa handituta, «estatuko eleaniztasuna indartzea» da testuaren jomuga.
Hedabideen arloan eleaniztasuna sustatzeko oinarriak ere jarri nahi izan dituzte testuan, eta ziurtatu nahi dute prozedura administratiboetarako plataforma digital guztiek, adibidez, hizkuntza horiek ere erabiliko dituztela. «Erreformak, azken batean, errespetatu eta babestu egin nahi ditu Espainiako hizkuntzak, eta errespetatu egin nahi ditu herritarren eskubide linguistikoak», jaso duten proposamenean.
Junts per Catalunya alderdiak ez du bat egin oraingoz lege proposamen honekin. Gaur testua aurkezteko egin duten agerraldian beste ordezkari politikoek adierazi dutenez, «bere burua kanpo» utzi du. Nolanahi ere, talde politiko hori akordioan ez egotea «arraroa» dela onartu dute. Proposamenaren alde egin duten alderdiek esan dute PSOErekin ere hartu-emanetan direla, eta badutela haiek ere erreformaren helburuen berri.
Oldarraldi betean
Euskararen kasuan, hizkuntzaren normalizazioa eta biziberritzea eragoztea helburua duten epaiak nabarmen ugaritu dira hilabeteotan, eta horregatik aparteko garrantzia dute euskararen estatusa indartzeko proposamenek. EH Bilduko parlamentari Mertxe Aizpuruak gaurko agerraldian hitz egin du testuinguru hori gogora ekarrita, eta esan du «ezinbestekoa» dela euskararen babes juridikoa handitzea. Jeltzaleen izenean, Maribel Vaquerok salatu du egun ez direla bermatzen hizkuntza ofizial bat baino gehiago dituzten herritarrean eskubideak, eta hor egin daitezkeen aurrerabide guztiak hartu behar direla aintzakotzat.
Espainiako Gobernuak, berriz, euskararen, katalanaren eta galegoaren babes juridikoa indartzeko eskea egina du EB Europako Batasunean ere: ofizialtasuna eskatua du hiru hizkuntzentzat. Oraindik, hala ere, ez da eskabide hori onartu.