Hizkuntza Ofizialen Kontseilua berritzeko bilera egin dute gaur arratsaldean, Donostiako Miramar jauregian. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak ohar bidez azaldu duenez, «erabat» eraldatu dute erakundearen «forma eta funtsa». Honatx aldaketa nagusia: «hizkuntza propioak» dituzten autonomia erkidegoetako ordezkariak eta «erakunde garrantzitsuak» ere sartu dira; orain arte, Espainiako Gobernuak soilik parte hartzen zuen. Bertan izango da, besteak beste, EHU, eta gaurko bileran parte hartu du Joxerramon Bengoetxea errektoreak.
EHUk azaldu duenez, 2008an sortu zituzten Estatuko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Ofizialen Kontseilua eta Hizkuntza Ofizialetarako Bulegoa, «herritarren hizkuntza eskubideei arreta hobea emateko». Geroztik, zortzi aldiz bildu da. 2018tik, erakunde publikoek eta bestelako zenbait elkartek ere parte hartzen zuten, eta bazuten hitz egiteko eskubidea, baina ez botoa ematekoa; hori aldatu dute orain.