Hizkuntza txikien prezioa

Euskara eta katalana ezin daitezke leku guztietan doan ikasi. Galegoa ikas daiteke musu truk, baina ikastaroen eskaintza txikia eragozpena da azken urteetan.

Helduentzako euskarazko gaueko klaseak, Miribillan, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
2017ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Hizkuntza gutxitua duten komunitateetako herritarrek betidanik eskatu dute hizkuntza doan ikasteko aukera izatea. Egun, Hego Euskal Herrian gerta daiteke herri batean euskara doan ikasteko aukera izatea, eta beste batean dirutza ordaindu behar izatea. «Euskara ikasi nahi duenak eskubide guztia dauka ikasteko». Hala dio Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak. Beste zenbait hizkuntza gutxituk ere, hala nola katalanak eta galegoak, modu batean edo bestean eraman dute doakotasunaren gaia euren esparrura: Katalunian ezin daiteke doan ikasi maila jakin batetik aurrera; Galizian, aldiz, doakoa da edonorentzat galegoa ikastea; hango arazo nagusia, ordea, ikastaroen urritasuna da.

Dirutza hitza erabili du Mujikak euskara ikasteko aukerei buruz galdetuta. «Jende gehiago animatzen da euskara ikastera zerbitzua doakoa denean». Hizkuntza bat ikasteko garaian beharrezkoak izan beharko luketen hiru gako eman ditu: «Doan izatea, beharra izatea, eta benetan hizkuntza ikasi nahi izatea». Hego Euskal Herrian euskara ikasteko dauden prezio desorekak ulertzea «zaila» egiten zaio.

Katalunian ere, dirurik gabe ezin daiteke ikasi katalana: oinarrizko maila (A1) kenduta, ordaindu egin behar dira beste maila guztiak. Hizkuntzaren Normalizaziorako Partzuergoa arduratzen da gehienbat helduen prestakuntzaz. Kataluniako 135 lekutan eskaintzen dituzte eskolak. Kataluniako Gobernuak sortu zuen partzuergoa,hizkuntza politika eta politika soziala batera jarduteko. Ester Franquesa Kataluniako Hizkuntza Politikako zuzendari nagusiaren arabera, «hizkuntza politika politika sozial bat da, hizkuntza bat gizarteratzen laguntzen duena; pertsona guztiek aukerak izatea lagundu behar du, erabilia izan behar du».

Oinarrizko mailako ikastaroak doakoak dira, partzuergoak berak ordaintzen baititu. Hortik aurrera, bakoitzak bere dirutik ordaindu behar ditu. Honako kasu hauek dira salbuespen: langabeak, familia ugarietako kideak eta guraso bakarreko familiak. Haiei %70eko deskontua egiten diete. Pentsiodunek eta urritasunen bat dutenek, berriz, %50eko beherapena dute. «Katalunian katalana doan ikasteko aukera bakarra Internet bidez eta irakaslerik gabe ikastea da; gaur egun, 240.000 erabiltzaile ditugu sarean», Franquesak azaldu duenez. Zerbitzu publikoez gain, beste hainbat erakundek ere egiten dute lan katalana lurralde osoan entzun dadin.

Partzuergoarentzat, eskaintzen dituzten ikastaroak doan izatea baino garrantzitsuagoa da eskaintzen duten zerbitzua ona izatea. ELIA proiektua —Hizkuntza eta Ikaskuntza Estrategiak— jarri berri dute martxan, zerbitzuak hobetzeko asmoz: «Eskaintzen dugun zerbitzuan, elementu berritzaileak sartuko ditugu. Hizkuntzaren eta kohesio sozialaren aldeko apustu bat da».

Doakoa izanagatik, arazo

Galizian doakoa da galegoa ikastea herritar guztientzat. Kontua da ez daukatela ikastaro eskaintza handirik hizkuntza ikasi ahal izateko; aspalditik daude egoera horretan. David Cobas Galiziako Xuntak helduen prestakuntzarako eskaintzen dituen eskoletako irakaslea da, eta barnetik bizi izan ditu arazoaren nondik norakoak: «Lan gatazka bat izan genuen administrazioarekin. Irakasleok kontraturik gabe ari ginen lanean, eta, CELGA sistema, galegoaren ikasketen ziurtagiria, martxan jarri zenean, lan eskubideen eskabidea egin genuen. Aldatu zena eskolen eskaintzen murriztea izan zen, jende gehiago ez kontratatzea erabaki baitzuten».

Hizkuntza bat jakiteari baino gehiago begiratzen diote lan munduari Galizian. Administrazioan lan egiteko, galegoaren ziurtagiri gorena —CELGA 4, C1aren baliokidea— eskatzen dute; horregatik jarri zuten sistema berria martxan, jendeak azterketak egin eta tituluak lor zitzan. «Doan egin daitezke ikastaroak, eskaintza oso baxua baita. Azterketa da ordaindu behar dena, hamabost euroko kostua du bakoitzak».

Cobasek salatu du Galiziako zenbait eskualdetan ezin daitekeela galegoa doan ikasi, ez dagoelako ikasteko aukerarik. «25 ikastaro eskaintzen dira egun Galizia osoan zehar; garai batean, 90 ziren». Urte batzuk atzera, udalak ziren galegoa ikasi nahi zuen jendea bildu eta ikastaroa Xuntari eskatzen ziotenak. Gaur egun, ikastaroen deialdia Xuntak berak egiten du: «Orain, helduen prestakuntzarako zentroetan soilik eman ditzakegu eskolak; horrek hizkuntza zabaltzea eragozten du, gehienetan biztanle askoko herriak izaten baitira». Galegoa doan ikasteko aukerarik ez dagoen eremuetan, udalek euren kabuz eskaintzen dituzte eskolak hizkuntzaren normalizaziorako teknikoaren bidez, baina oso gutxitan gertatzen da hori. «Jende askok irakasle partikularra hartzen du, azterketa gainditzeko azken aukera gisa».

Galiziako Xuntak eskaintzen duen formakuntza «eskasa» dela dio Cobasek. «Ez zaie batere inporta hizkuntza. Gainera, ez daukate filtrorik; adibidez, Galizian soilik lau hilabete daramaten ikasleak eta hizkuntza oso ondo menderatzen duten ikasleak eduki ditut gela berean, goreneko mailan. Horrela ezin da klaserik eman». Azken ikastaroa jarri du adibide: ikasleen %20k gainditu dute galegoko mailarik altuena. Sistema zaharkitua dutela esan du, eta, hobetze aldera, helduak prestatzeko erakunde bat sortzea nahi dute. Arduratuta dago egungo egoerarekin: «Sentsibilizazio kanpainarik ere ez dute egiten, eta jendeak galegoa ikastea obligaziotzat hartzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.