Conchur O Giollagain - Hizkuntza plangintzan aditua: «Hizkuntzaren trinkotasuna apaltzen denean, hautazko bihurtzen da, gehigarri»

Hizkuntza gutxituen sustapenerako politikak ulertzeko beste paradigma bat defendatzen du O Giollagainek, bideratuagoak nahi bailituzke bizirik dauden hiztun komunitateen trinkotzera. Arnasguneen ahultze betean, gogoeta pizten dute haren hitzek.

Conchur O Giollagain. ANDONI CANELLADA / FOKU
Conchur O Giollagain. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2025eko uztailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Dublinen sortua da Conchur O Giollagain, 1966an. Eskoziako gaelikoa eta Irlandako gaelikoa ditu hizkuntza gutxitu gertukoenak, baina erreferentziazko aditua da, oro har, hizkuntza plangintzan eta hizkuntza gutxituen kulturan eta soziologian. Euskal Herrian izan da berriki, hemengo hainbat eragileren eskutik, eta izan dituen elkarrizketetan erraz igarri du giroan oihartzun durduzagarri bat, UEMAren enkarguz Siadeco ikerketa taldeak egindakoNorantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerketaren emaitzek sortutakoa. Izan ere, ikerketa horren ondorioetako bat da egungo eboluzioa gerarazteko neurri eraginkorrik hartu ezean 2036an ia guztiz desagertuta egongo direla euskararen arnasguneak; alegia, euskararen nagusitasun eremu geografikoak. Desagertze horren kontra egite aldera, O Giollagainek argi dauka hizkuntza politiken bidea aldatu egin behar dela bai Euskal Herrian eta bai munduko beste bazter askotan. Uste du orain ezartzen diren politika askotan errealitatea «ukatu» egiten dela, eta azaleko neurriekin konpondu nahi direla zuztar aski sakonak dituzten arazoak. Udazkenean parte hartuko du Azpeitian (Gipuzkoa) arnasguneei buruz gogoetatzeko egingo den nazioarteko konferentzian.

Justu kezka zabaldu da egunotan, ikerketa batek berretsi egin duelako aurrez ere zabaldua zegoen kezka: ahultzen ari dira euskararen arnasguneak. Zer galera mota da hori? Zergatik dira garrantzitsuak arnasguneak hizkuntzentzat?

Eremu geografiko jakin batzuetan hiztunen dentsitatea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta sendoagoa da hizkuntza. Europan gaur hizkuntza minorizatuek duten erronka da galtzen ari direla hiztunen trinkotasun handiko eremuak, eta hizkuntza gutxiagotuen existentzia bera kolokan jartzen du krisi horrek. Euskal Herrian gertatzen ari den hori beste hainbat tokitan ere ari da gertatzen. Modernitatearen eta postmodernitatearen esperientziek erronka oso serioak ekarri dituzte komunitate minorizatuen existentziarako, eta hizkuntza politikak ez dira egokiak erronka horiei aurre egiteko.

Zergatik dira desegokiak?

Debate filosofiko bat sortu da soziolinguistikan. Alde batetik, hiztun taldeen existentziaz eta jarraipenaz kezkatutakoak daude; beste aldetik, hizkuntzaren sustapen identitarioa eta sinbolikoa bultzatzen dutenak. Gehienetan, estatuek hizkuntza politikak sustatzen dituzten heinean bereziki, sentitzen dute errazagoa dela hizkuntza minorizatuen sustapen sinbolikoa egitea, komunitateetan dauden zailtasun politikoei eta sozialei erantzutea baino. Horren arrazoia da gobernuei eta erakunde publikoei oro har errazagoa zaiela diruz laguntzen dituzten erakundeak kontrolatzea. Beraz, funtsean, gaur egun hizkuntza minorizatuetara begira egiten diren politiketan, oro har, bazterrean uzten da desagertzen ari direla hiztunen komunitateak, eta indarra jartzen da hizkuntzaren sustapen sinbolikoan batez ere.

«Hizkuntza minorizatuetara begira egiten diren politiketan, oro har, bazterrean uzten da desagertzen ari direla hiztunen komunitateak»

Zer politika klase egiten dira sustapen sinboliko horretan?

Praktikan, erakunde politikoek dirua jartzen dute hezkuntzan, hedabideetan, teknologia berrietan eta artearen munduan-eta hizkuntzaren alde esfortzuak egiteko. Diru ugari jartzen da tankera horretako egitasmoetan eta ekinbideetan. Irlandan, adibidez, lau belaunaldi badira hizkuntza plangintzako politikak martxan direla, milioiak eta milioiak gastatu dira haietan, baina oso zaila da hor aurkitzea orain dauden hiztun komunitateak indartzeko ekinbideak eta politikak. Neurriak falta dira, esaterako, landa eremuan populazioa mantentzeko, edota aukerak emateko han bizi den jendeari... Lau belaunaldiren ostean, ehun urteko hizkuntza plangintzaren ostean, zaila da komunitateek iraun dezaten hizkuntza politiketan propio pentsatutako politikak identifikatzea. Testuinguru horretan, hizkuntza minorizatuaren alde ari diren erakundeak euste politika bat egiten ari dira, eta pozik daude oraingo egiturarekin, dirua jasotzen dutelako, eta babes instituzionala. Horrela, hein batean, gobernua egiten ari den kamuflaje operazioan lagundu egiten dute, nahita edo nahi gabe, eta herritar arruntak ez du ikusten benetan zer gertatzen ari den. Eta, normalean, horrelako politika sinbolikoak egiten direnean, Europan hizkuntza maioritarioko alderdiek onartu edo toleratu egiten dituzte, badakitelako sinbolikoa dela dena, eta hori guztia ez doala inora.

«Politika sinbolikoak egiten direnean, hizkuntza maioritarioko alderdiek onartu egiten dituzte, badakitelako sinbolikoa dela dena, eta hori guztia ez doala inora»

Hezkuntzan, teknologia berrietan eta hedabideetan oinarritutako hizkuntza politikak usu erabakigarriak izan dira hiztunak ugaritzeko. Gaur egun indarrean dauden hainbat politikak horretan lagundu badute, eta funtzionatu badute, zergatik da hain garrantzitsua politiken bidea aldatzea?

Jakina, hiztun mota ezberdinak daude hizkuntza minorizatuetan. Baina geure buruari galdetu behar diogu: zeintzuk dira produktiboenak? Nork sortzen du bizia hizkuntzarentzat? Normalean, trinkotasun handiko eremuetan biziago dago hizkuntza, elkar babesten dute hiztunek, eta kulturaren jarraipenaren alde egiten dute... Hizkuntzaren trinkotasuna apaltzen denean, hautazko bihurtzen da, gehigarri. Hiztun klase guztiak dira inportanteak, eta denek merezi dute erakunde publikoen babesa, baina aurrez aurre begiratu behar diogu errealitateari: hiztun talde mota ezberdinak daude, eta babes mota ezberdinak behar dituzte. Eta gaur egun hizkuntza politiken akatsik handiena da alde bakar baten mesederakoa dela hizkuntza politika. Horrek berekin dakar arnasguneak babesik gabe sentitzea, politika linguistikoen xedetzat haiek hartuko dituzten politikak behar baitituzte.

Baina arnasguneak ere zenbateraino dira gaur egun arnasgune? Globalizazio garai honetan, bizimoduaren digitalizazioarekin, arnasguneetan jaio eta hazitako haurrek eta nerabeek ere orduak egiten dituzte hizkuntza arrotzetan, txikitatik. Nola egin aurre horri?

Galdera ona da, bai: gaur egun hizkuntza handi direnek ere, globalizazio betean, hainbat dinamika ikusten dituzte gehiago direnak hizkuntza minorizatuenak, zeren eta mundu digitalean ingelesa nagusituta baitago. Munduko hizkuntza guztiek dute dagoeneko ingelesarekin nolabaiteko harreman diglosikoa, guztiek, eta gero, gainera, hizkuntza minorizatu batek, ba, harreman diglosikoa du inguruko hizkuntzekin, eta ingelesarekin ere bai: alegia, diglosia bikoitzaren antzeko zerbait. Baina, bai, galdera ona da, ezarritako hizkuntza politiken xalotasuna erakusten baitu. Hizkuntzaren sustapenaren faktore errazetan oinarritutako politikak dira oraingoak, azalekoak, zuztarreko kontuetan sartzen ez direnak. Izan ere, dinamika sozialetan eragitea askoz ere zailagoa da bestelako neurriak hartzea baino. Hizkuntza gutxitu sendoenak ere, katalana, euskara eta galesa, krisian daude; beraz, horrek esan nahi du zerbait oker dagoela diagnostikoan, eta zintzo jokatu behar da hiztunekin, alde handia ikusten baitute zer esaten den eta zer gertatzen ari den. Euskaldunak, hein batean, suertekoak dira beste hainbat hiztun komunitaterekin alderatuta, Euskal Herrian badirelako hainbat erakunde gertatzen ari denari aurrez aurre begiratzen diotenak: Klusterreko eta UEMAko kideekin izan naiz, adibidez, eta nazioarteko konferentzia bat antolatzen ari gara udazkenerako. Oso garrantzitsua izango da bilkura hori egun dauden erronka nagusiak identifikatzeko eta estrategia berriak lantzeko.

«Hizkuntzaren sustapenaren faktore errazetan oinarritutako politikak dira oraingoak, azalekoak, zuztarreko kontuetan sartzen ez direnak»

Errealitatea ezkutatzeko joera hori gailendu da Europan hizkuntza gutxiagotuak sustatzen ari diren erakunde nagusietan?

Errealitateari aurrez aurre ez begiratzea negazionista izatea da, pasatzen ari dena ukatzea. Irlandan, adibidez, hori gertatzen ari da. Baikortasun faltsu batean oinarritzen da ukazioa; jendeak albiste onak behar ditu, baina oinarri batzuk behar ditu baikortasun horrek, eta nola izan daitezke hizkuntza minorizatuen inguruko politikak baikorrak errealitatea ukatzen badute? Hiztunek dituzten zailtasunak ukatzea, bereziki arnasguneetan dituzten arazoei ez begiratzea, baikortasun toxiko bat da, errealitatea ukatzen duena, eta horren ondorioz ari da egoera okerrera egiten. Hiztun berriak lortzea, adibidez, bada lorpen positibo bat, baina horrek beste erronka batzuk dakartza, eta haiei ere heldu egin behar zaie. Bide horretan, baikortasun toxiko horretan bakarrik indarra jartzen bada, Euskal Herrian, adibidez, arnasgunerik ez da izango, hizkuntza nagusiaren kultura nagusituko da, espainiarra, eta euskara hiztun espainiarrentzako hobby edo zaletasun bihurtuko da. Hainbat zoriontsu egingo ditu euskara hobby modukoa izateak, kirolak-edo egiten dituen moduan, baina galdetu behar zaie euskaldunei hizkuntza bizia nahi duten, edo hobby bat. Hizkuntza politikak, gaur egun, hobbyaren bide horretan daude, ez kultura bizi baten alde.

«Baikortasun toxikoan bakarrik indarra jarrita, Euskal Herrian arnasgunerik ez da izango: hizkuntza nagusiaren kultura nagusituko da, espainiarra, eta euskara hiztun espainiarrentzako hobby bihurtuko da»

Irlanda aipatu duzu, kritiko: Euskal Herrira begira, zer ikasbide atera behar da han egindako bidetik?

Hango arnasguneetan orain dagoen belaunaldia seguruena azkena izango da. 1990eko hamarralditik, arnasguneak krisian dira, baina Irlandako hizkuntza politika negazionista izan da alde horretatik: hiztun berrien beharretan jarri da indarra beti, eta filosofia horrexek kolonizatu ditu arnasguneak ere. Porroterako bidea izan da hori, eta, horregatik, honako hau izango da gaelikoz biziko den azken belaunaldia. Ez egunean behin gaelikoa erabiliko duena, baizik eta gaelikoz biziko dena. Gaelikoaren sustapenerako erakundeak pila bat dira, eta gehiago biziko dira gaeliko komunitatea baino; ironia bat da, baina inor ez da ausartzen hori esaten, jasotzen dituzten baliabideak galtzeko beldurra dutelako. Nahiz eta estatua izan, eta ehun urtean politikak egin, benetako komunitate gaelikoa hiltzen ari da.

Hemen ere, azken datuen arabera, arnasguneak galbidean daude. Zer egin liteke?

Irlandera, hizkuntza bizi moduan, euskara baino askoz ere ahulagoa da. Han arnasguneetan 20.000 hiztun besterik ez da geratzen: lehen hizkuntza gaelikoa dutenak, eta gaelikoz bizi direnak. 1,7 milioi pertsonak esaten dute  zerbait hitz egiteko gai direla. Ez dakigu badakiten, baina esan dute zerbait dakitela. Eta hori da, hain justu ere, ehun urteko hizkuntza politiko sinboliko baten emaitza. Eskozian, berriz, arnasguneetan daudenak 11.000 dira. Errealitate horiei aurrez aurre begiratu behar zaie. Euskaran errealitateak ematen duen kolpe hori ez da hain handia. Baina garrantzitsua da sozialki, ekonomikoki eta lurralde aldetik bideragarri egitea arnasguneak; horiek husten diren heinean, Eskoziako edo Irlandako joeretara egin ahala, gero eta zailagoa da egoera. Igual Euskal Herriko agintariek gutxietsi egingo dute Irlandan gertatzen ari dena: «Gu ez gaude horrela», esan dezakete. Baina han egiten denaren antzeko gauzak egiten ari dira hemen. 

Arnasguneei buruzko konferentzia, azpeitian

Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean izenburua jarri diote Azpeitian propio arnasguneez mintzatzeko udazkenean egingo duten nazioarteko konferentziari. Urriaren 16an eta 17an izango da. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Soziolinguistika Klusterrak, UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Coppetiers fundazioak antolatuko dute. Azpeitian egingo dute, euskarak dituen arnasgune sendoenetako bat delako; berebiziko zentzua hartuko dute han, tokian bertan, gaiari buruzko hausnarketek. Euskal Herriko ikertzaile eta adituak izango dira konferentzian, bai eta mundu zabaletik heldutakoak ere: Eskoziatik, Galestik, Kanadatik, Kataluniatik eta Hego Tiroldik, besteak beste. Hizkuntza gutxituak biziberritzeko prozesuetan arnasguneek duten garrantzia aztertuko dute, eta proposamen zehatzak eta neurriak ere landuko dituzte hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa hobetzeko. Nabarmendu dute konferentzia hori hizkuntza gutxituen «mundu mailako erreferentziazko topagunea» izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.