HLMetako alokatzaileen hauteskundeetarako kanpainari hatsarre eman dio Aldak

Alokairu apaleko bizitokien hauteskundeak datorren azaroaren 15etik abenduaren 3ra eginen dira. Aldako kideak horien programa eta hautagaitzak prestatzen hasiak dira, HSA eta Office 64 alokairu sozialerako egituretan aurkezteko.

Aldako militanteak, goizean, HLMetako alokatzaileen hauteskundeen kanpaina abiatzeko prentsaurrekoan. BERRIA
Aldako militanteak, goizean, HLMetako alokatzaileen hauteskundeen kanpaina abiatzeko prentsaurrekoan. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai
Baiona
2026ko martxoaren 25a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauteskunde aldi bat buka eta bestea has. Herriko bozen testuinguruan mobilizatu ondotik, Alda HLM alokairu apaleko bizitokien alokatzaileen hauteskundeei begira jarri zaie: kanpainari hatsarre eman diote goizean, Baionako Balichon auzoan: programa eta hautagaitzak prestatzekoak dituzte hemendik eta azaroaren 15era bitarte. HSA eta Office 64 alokairu sozialerako egituretako hauteskundeetan parte hartuko dute —Ipar Euskal Herriko bi egitura nagusiak dira—; lehena Euskal Hirigune Elkargoari lotua da, eta, bigarrena, Pirinio Atlantikoetako Departamentuari.

«Bizi baldintzak gero eta txarragoak» direla salatu dute Alda auzoetako mugimenduko kideek; horregatik, geroz eta luzeagoak dira etxebizitza soziala lortzeko itxaron zerrendak. Etxebizitzaren testuinguru geroz eta kritikoagoa dela kontuan harturik, beraz, Aldak HLMetako hauteskundeetara bigarrenez aurkeztea deliberatu du: 2022an parte hartu zuten lehentze, eta garaipen ederrak lortu zituzten hala HSA nola Office 64 egituretan; gehiengo absolutua eta lehen lekua lortu zituzten, hurrenez hurren.

Hain zuzen ere, alokairu sozialerako egiturengandik abandonatuak diren irudipena dute hainbat auzotan: hezetasunaren menpe, autoak aparkatu ezinik, neguko hotzean, gurpil aulkiarekin etxeko atera heltzeko nekezietan... Hauteskundeak, beraz, herritarren galdeei bide egiteko aukera dira. Lekukotasuna eman dute bi herritarrek, biek ala biek Aldaren laguntza jaso baitute azken urteetan: argi utzi dute zer-nolako garrantzia duen ordezkaritzaren lortzeak terrenoko problematikak egoki helarazteko gero horiek kudeatzen dituzten bulegoetara.

Orotara, hamar ordezkari lortu zituzten joan den hauteskundeetan, etxebizitza sozialak kudeatzen dituzten instantzia nagusietan parte hartu dutenak lau urteotan: etxebizitza sozialen banaketaren behatzaile gisa, administrazio kontseiluetan, obren, karguek eta bizi kalitatearen hitzartze instantzietan... «Alokatzaileen eskakizunen eramaile» izan dira, eta, beharrezkoa izan delarik, egituretako arduradunen kontra posizionatu dira; proposamenak ere egin dituzte, «arazo indibidualei erantzun kolektiboak» atzeman nahian.

Elkarrizketa sustatu

Lau urte pasatu, eta heldu dira berriz ere hauteskundeak. Kanpaina abiarazteko, Balichon auzo azpian bildu dira Aldako hamabost bat kide: batzuk langileak, besteak Aldak lagunduak izan diren herritarrak, baita azken lau urteetako ordezkariak ere. Etxebizitza sozialak hartzen dituen eraikinaren leihoetarik, alimaleko banderola bat bota dute: «2026ko HLMetako hauteskundeak: Aldarekin, indar kolektiboa». Hori bera dute helburua: indarrak batzea eta lorpenak erdiestea etxebizitza sozialetako biztanleen bizi baldintzak hobetzeko.

Isabelle Martikorena HSA egiturako ordezkariak azaldu du nola gauzatzen den horien lana: «Ordezkari garen momentutik goiti, egituraren administrazio kontseiluan sartzen gara; komisio bakoitzeko hauteskundeak antolatzen dira gero. Orduan aukera dugu zenbait lantaldetan parte hartzeko. Adibidez, alokairu karguen inguruko bilkurak antolatu ahal izan ditugu. Gero, konbentzioak edo araudiak garatzen ditugu». Hor inportantea zera da, ordezkari horiek berak alokatzaile izatea: badakite nola funtzionatzen duten bizitegi sozialek, nola finantzatuak diren, eta orduan zubi lana egiten dute kudeatzaileen eta herritarren artean. «Bitartekari lana da gurea».

Aldako permanenteek ere erran dute lau urtez 1.200 alokatzaileri laguntza ekarri diela hauteskundeetan parte hartu eta ordezkaritza lortu izanak: «Sustengatu ditugu etxebizitza sozialei loturiko problematika guztietan: karguak, konponketak, kaltegarriak, hezetasuna, elbarritasuna, asegurantzak...».

Kanpainan aitzina, espero dute ahalik eta jende gehien batzea dinamikari, eta, batez ere, hauteskunde horien gaia hedatzea auzoetan, «ez delako aski ezaguna». Bi hitzordu nagusi eman dituzte prentsaurrekoa bukatzeko: martxoaren 31n, lehenik, «aperitifa publiko» bat eginen duten Baionako Cordeliers karrikan, 19:00etan, kanpainaren aurkezteko; urriaren 31n, berriz, urteroko Auzolan eguna ospatuko dute beste behin Baionan, Glain aparkaleku gibeleko elkarteen etxean. Bozen garaia, gero, azaroaren 15etik abenduaren 2ra izanen da HSAri dagokionez, eta abenduaren 3ra arte, Office 64 egiturari dagokionez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!