Eskubideen arloan lan egiten du Joxean Agirrek. Azkenaldian, Eleak eskubide zibil eta politikoen mugimenduan eta Euskal Memoriaren Fundazioan nabarmendu da.
Euskal Memoriak ateratako biktimen zerrendan 1960 urtetik aurrera egin duzue zenbaketa, zergatik ez zarete hasi zenbatzen 1939. urtetik edo 1936. urtetik aurrera? Ibai
Biktimen elkarte gehienek 1968. urtea hartzen dute abiapuntu. Gu atzerago joan ginen independentismo garaikidearen sorreraren erreferente nagusia hamar urte lehenagokoa zelako, eta orduz geroztik errepresioak egundoko eragina izan zuelako. Dena den, hura izan zen gure lehen ikerketaren emaitza (1960-2010), eta hurrengoetan beste garai eta epealdi ezberdinei erreparatuko diegu.
Zergatik dira estatuaren biktimak lehergailua prestatzen ari ziren bitartean hildako ETAko militanteak? Ixabel.
Gatazkaren ondorio diren heriotza guztiak eta hilketa guztiak dira egin beharreko ikerketa lanaren osagaiak, ezeren biktima diren ala ez ezbaian jarri gabe.
Uste duzu ezker abertzaleak, erakunde armatuak eta politikariek aitortu egin beharko luketela eragindako mina? Joxe
Bakoitzak egin duenaren aitortza egitea ezinbestekoa da. Indarkeriaren eta bere ondorioen erantzukizunak askotarikoak dira, baina alde bakar batek aitortu du egindako guztia: ETAk agiri bidez hartu du bere gain bere jardun armatuaren ondorioa, akatsak eta nahi gabekoak barne. Honek ez du mina baretzen ezta ardura gutxiagotzen ere, baina aitorpena bada. Estatuek, alderdi gehienek, indar polizialek, ordea, ostrukarena egiten jarraitzen dute.
Ez al da beharrezkoa Espainiako torturak eta beste sarraskiak nazioarteko auzitegi batera eramatea? Kemen.
Agian bai, baina erabaki horiek hemengo eragile zein instituzioek baloratu eta egikaritu beharko dituzte. Gure aldetik, Harremanetarako Nazioarteko Taldea delakoaren esku jarri berri ditugu jasotako datu eta informazio guztiak, errealitate jakin baten ondorio hauek (estatuen ardurapeko edo estatuak isilarazi nahi dituenak) argitara eramateko.
Zure ustez, zer eginkizun bete beharko lukete biktimek Euskadiren etorkizunean? Mila.
Biktimen eginkizuna soziala izango da bereziki, eta ez politikoa. Etorkizuna klabe politikoetan saretuko da. Herriak libreki erabaki beharko du, eta beste tutoretzarik ez da onargarria izango. Senide bat galdu izanak, izugarri sufritu izanak ez dio norberaren uste, proiektu eta jarrera politikoari balio erantsirik ematen.
Joxean Agirre. Eleak taldeko kide eta Euskal Memoriaren koordinatzailea
«HNTren esku jarri dugu biktimen gaineko txostena»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu