Hernaniko Udalak eta Hik Hasik Joxe Mari Auzmendi bekaren hirugarren deialdia aurkeztu dute Hernanin (Gipuzkoa). Bekak hobekuntza pedagogikoari eta ikerketari erreparatu asmo dio, Hik Hasiko eragiletza arduradun Ainhoa Azpirotzek azaldu duenez: «Bekara aurkeztuko diren proiektuek ikastetxeei hobekuntzan eta eraldaketa pedagogikoan laguntzea nahi dugu, eta horretarako, ikerketa bat egitea eta horren ostean materialen bat eskaintzea hobetsiko da».
Euskal Herrian «hezkuntza hobekuntzan» dabiltzan ikerlarientzat, ikerketa taldeentzat, pedagogoentzat, hezitzaile taldeentzat eta unibertsitateentzat izango da beka. Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 1ean bukatuko da, eta epaimahaiak 2026ko urtarrilaren 8an jakinaraziko du irabazlea zein den. Irabazleak 12.000 euroko beka jasoko du, eta urte eta erdi izango du proiektua gauzatzeko.
Bigarren deialdiko lana, berriz, «bukatzear» dagoela jakinarazi dute; urtarrilean amaituko dute. Elkarrizketa argudiatu kooperatiboa: hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte hartzaileak sustatzeko metodologia proiektuak bi helburu nagusi izango ditu: ikasleengan «hausnarketarako gaitasuna, elkarbizitza eta erabaki prozesuetan parte hartzea» sustatzea, eta irakasleen jardunean «hausnarketa pedagogikoa eta kalitatezko erabaki prozesu parte hartzaileak» sustatzea.