Larunbatean lurperatuko dituzte Hondarribian Jesus Karrera Olaskoagaren gorpuzkiak. Familiak jakinarazi duenez, ekitaldi itxi batean emango diote lur, baina aurretik, eguerdian, omenaldi publiko bat egingo diote hilerrian bertan.
Omenaldi ekitaldia familiak berak antolatu du, eta, jakinarazi duenez, han izango dira Fernando Sanchez PCEko antolakuntza idazkaria, Jon Hernandez EPK-ko idazkari nagusia, Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro, eta Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazu. Haiez guztiez gain, ekitaldian izango da Karreraren kasua ikertu duen Aitzol Arroyo ikerlaria ere.
PCEko idazkari nagusia zela, Karreraren kontrako gerra kontseilua egin zuten 1945eko urtarrilaren 16an. Joan den hilaren 15ean topatu zuten haren gorpua, beste hiru lagunen gozpuzkiekin batera, Alcala de Henaresko hobi komun batean. Aranzadiren esku gelditu ziren Karreraren gorpuzkiak, eta, ikerketa egin ostean, larunbatean utziko dituzte familiaren eskuetan.
Familiak dokumental bat egin nahi du, eta dirua biltzen ari da horretarako.