HIRI HONDAKINAK

Hondakin organikoen bilketa errefusarena baino %57 merkeagoa izango da Gipuzkoan

GHKk organikoaren bereizketa sustatzeko aplikatuko ditu zabor bilketaren deskontuak. Mankomunitateek 9 zentimo ordainduko dituzte kilo bat hondakin organiko jasotzeagatik, eta errefusa, berriz, 23 zentimo.

Zabor edukiontziak, Gipuzkoako herri batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Zabor edukiontziak, Gipuzkoako herri batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
inaut matauko rada
2026ko ekainaren 10a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoar gehienek oraindik ez dituzte bereizten errefusa eta hondakin organikoak. Hutsune hori konpontzeko, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aho batez onartu du hondakin organikoen bilketa merkatzea. 2026an, zabor organikoaren bilketagatik %57 gutxiago ordainduko diote mankomunitateek GHKri. Hala, GHKk tona bakoitzeko 99 euro kobratuko ditu zabor organikoa jasotzeagatik, eta 231 euro, berriz, errefusa hartzeagatik. PSE-EEk, EAJk eta EH Bilduk aho batez onartu dituzte bilketaren prezio berriak.

Atzo egin zen GHKren batzarra, eta bertan onartu zuten neurria. Jose Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta GHKko presidenteak, akordioaren ostean azaldu zuen jasangarritasuna sustatu nahi dutela prezio berriekin, baita «herritarren ahalegina aitortzea» ere. Hala eta guztiz ere, ikusi beharko da orain mankomunitateek eta udalek nola eramaten duten GHKren eta mankomunitateen arteko deskontu hori herritarren zergetara.

Izan ere, akordioak GHKren eta mankomunitateen arteko tarifak arautuko ditu, baina herritarrei udalek kobratzen diete, eta gero mankomunitateei ordaindu.

Bilketa oso desberdina

Eskualdez eskualde, eta udalerriz udalerri, organikoaren bilketa asko aldatzen da Gipuzkoan. Orokorrean, zenbat eta biztanle gehiagoko udalerria izan, orduan eta gutxiago biltzen dira hondakin organikoak bereizita. Baina ez da hori faktore bakarra, zaborra biltzeko ereduak ere eragina baitu.

Mankomunitateka, Sasietak bereizten du gehien organikoa eta errefusa, eta, beraz, hark nabarituko du gutxien deskontua. Izan ere, orain arte bilketa bereiziaren tasaren araberako deskontua zuten mankomunitateek. Sasietako Mankomunitateak jasotako hondakinen %45 organikoa denez, orain arte %45eko deskontua izan du. Beraz, ez du horrenbeste nabarituko aldea. Debagoienean, bildutako hondakinen %42 dira organikoak, eta Urola Kostan, berriz, %38. Kontrara, Txingudin %14 baino ez dira, eta San Markon, %17.

Era berean, errefusaren bilketa pixka bat garestituko da aurten 2025ekoarekin alderatuta, jasotako tona bakoitzagatik 222,64 euro ordaindu beharrean 231 ordainduko baitituzte mankomunitateek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE