Hondakinen %65 birziklatzea adostu dute EAJk, Bilduk eta PSEk Urnietan

Bosgarren edukiontzia ez zaio sistema egokiena iruditzen Bilduri, baina birziklatzeko beharra zabaldu nahi du

Erredakzioa
Donostia
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Hondakinen birziklapen tasa %65era igotzeko pausoak ematea adostu dute Urnietako (Gipuzkoa) EAJk, Bilduk eta PSE-EEk. Gaur egun, %32ko birziklatze tasa du herriak, eta areago joatea adostu dute udalean ordezkaritza duten alderdiek. Urnietarrok birziklapenaren alde kanpainan bat egin dute horretarako. Atzo aurkeztu zuten. Kanpainaren ardatzetako bat herrian bosgarren edukiontzia jartzea eta haren erabilpena zabaltzea izango da. Bilduk zehaztapen bat egin du, dena den: berez bosgarren edukiontziaren sistemarekin ez duela bat egiten, baina birziklatzea handitzeko adostu ditu kanpainaren edukiak gainerako alderdiekin. Zehaztu du kanpainak ez zuela helbururik hasieran, eta Bilduren ekarpena izan dela hondakinen %65 birziklatzeko helburua zehaztea. Erantsi du bosgarren edukiontzia jartzeko erabakia aurreko agintaldian hartu zuela udalak.

Bosgarren edukiontzia, giltzaz itxia, materia organikoa bereizita biltzeko erabiltzen da. Herritarrek izena eman behar dute erabiltzeko, eta hori izango da Urnietako Udalak datozen egunetan egingo duena: sistemari buruzko informazioa emango du, eta edukiontzia erabili nahi duten herritarren zerrenda osatuko du. Azaroaren 7rako eman behar dute izena. Hilaren 14tik 23ra, teknikariak etxe horietara joango dira, informazioa eta beharrezko tresnak emateko. Familia bakarreko etxeetan, berriz, konposta etxean bertan egitea sustatuko du udalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.